Hondarribiko gaztetxea hutsarazi du Ertzaintzak

Agenteek kolpeka zabaldu dute eraikinaren atea, eta, gazte asanbladaren esanetan, «bortizkeria handiz» sartu dira. Hainbat lagun identifikatu dituzte

Ertzainak, atzo, gaztetxera kolpeka sartzeko ahaleginean. BIDASOAKO HITZA.
Erredakzioa
Donostia
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Hondarribiko (Gipuzkoa) Egiluz gaztetxea hutsarazi zuen, atzo, Ertzaintzak. Nahiz eta husteko agindua 10:00etarako emana zegoen, Poliziak 08:30 aldera itxi zuen Juan Laborda kalea. 09:30 inguruan eraikinaren atzeko atetik sartzen ahalegindu ziren agenteak, eta apur bat geroago sarraila aldatzen ere hasi ziren. Azkenean, 10:15 inguru zirenean, kolpeka zabaldu zuten gaztetxeko atea.

Gazte asanbladako kideek iazko apirilean okupatu zuten eraikina, baina joan den abenduan hasi zen hura husteko prozedura, Accion Catolica taldeak bultzatuta —Eliza da eraikinaren jabea, eta aspalditik zegoen erabili gabe—. Gazte asanbladak otsail hasieran jaso zuen gaztetxea husteko agindua.

Eraikinaren barruan zeuden bi gazteak aterarazi eta identifikatu zituen atzo Ertzaintzak. Isuna jasoko dutela ohartarazi zieten gazteei, eta gaineratu Egiluz jauregian berriro sartuz gero atxilotuak izango direla. Gero, aske utzi zituzten. Gazte asanbladak salatu zuen ertzainak «bortizkeria handiz» sartu zirela eraikinera. Gazteei babesa emateragerturatu zen bizilagun bati ere oldartu zitzaizkion agenteak, iturri beraren arabera. Bildutako herritarrek «gaztetxea aurrera» eta «ez gaituzue geldituko» oihu egin zuten. Ertzainek kanpoko protestan zeuden beste hainbat gazte identifikatu zituzten, gainera.

«Elizak nahi zuena lortu du: eraikina berreskuratzea. Eta hamar mila aldiz esango dugu ez dutela ezagutzen, utzi dutela hamar urtez abandonatua», salatu zuen gazte asanbladak. Iluntzean gertatutakoaren kontrako elkarretaratzea egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.