Madurok dio salaketa «erokeria» dela, eta borrokara deitu du

Cliver Alcala armadaburu ohia estraditatzeko eskatuko dio Venezuelak Kolonbiari. Armadak babesa agertu dio estatuburuari. Errusiako eta Kubako gobernuek Washingtonen jarrera gaitzetsi dute

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea, artxiboko argazki batean. JHONN ZERPA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpainako ekitaldi bat balitz bezala jakinarazi zituzten herenegun AEBek Nicolas Maduro Venezuelako presidentearen eta beste hainbat goi arduradunen aurkako karguak: «narkoterrorismoa», dirua zuritzea eta ustelkeria. Hala, beste urrats bat egin zuen Washingtonek aspaldian piztutako krisi politikoan. Venezuelak, ordea, erokeriatzat jo zuen mugimendua, eta ohartarazi zion Donald Trumpen gobernuari «alor guztietan» egingo ziotela aurre. «XIX. mendeko cowboy arrazistak balira bezala, sari bat eskaini dute iraultzaileon buruen truke, baina gu haien aurka borrokatzeko prest gaude».

William Barr fiskal nagusiak 15 milioi dolarreko saria eskaini zuen herenegun Maduro atxilotzeko informazioaren truke, eta beste hamar milioi gainontzeko goi arduradunak atxilotzeagatik. Azken horien artean da Cliver Alcala Venezuelako armadaburu ohia, egun Kolonbian bizi dena. Alcala atzeman nahi du Venezuelak ere, baina «estatu-kolpe saio bat» egitea egotzita. Hura AEBek baino lehen estraditatzea da Venezuelaren asmoa, eta, helburu horrekin, eskaria egingo diote Kolonbiari. Ivan Duque Kolonbiako presidentea, ordea, Trumpen gertukoa da, eta, gainera, ontzat eman ditu Maduroren aurkako salaketak, argudiatuz urratsa «oinarrizkoa» izango dela narkotrafikoaren aurkako borrokarako. Hala, ezustekorik ezean, Bogotak uko egingo dio Alcala Venezuelara estraditatzeari.

Bin Ladenen pare

Juan Guaido oposizioko burua da Maduroren gobernuaren jopuntuan dagoen beste buruzagia. Alcalari bezala, hari ere estatu kolpe bat antolatu izana egozten diote. Hark, ordea, ukatu egin du hori, eta Al-Qaedako buru izandako Osama Bin Ladenekin alderatu du Venezuelako Gobernua. «Ziur nago erregimenaren aurka aurkeztutako salaketak froga sendoetan oinarritzen direla, eta lagunduko dutela hainbeste urtez gure herria bahitua izan duen erregimen kriminala amaitzen». Guaidok Venezuelako armadari ere egin dio matxinatzeko deia. Armadak, baina, entzungor egin dio Guaidori, eta erabateko sostengua agertu dio ezkerreko gobernuari.

Remigio Ceballos armadaburuak salatu du AEBena «eraso narrasa» izan dela, eta gogorarazi Kolonbian estatu kolpe baterako prestakizunak argitara atera ostean jo dutela AEBek auzitegietara. «Inolako lotsarik gabe, inperio iparramerikarraren eraso narras hau heldu da, gizadiaCOVID-19aren aurka borrokan ari den honetan».

Errusia ere Maduroren alde irten da, eta zentzugabetzat jo ditu Washingtonen salaketak. «Harrituta geratu ginen jakitean AEBetako fiskal nagusiak Venezuelari leporatu ziola nazioarteko droga trafikoan zuzenean esku hartu izana», adierazi du Atzerri Ministerioko bozeramaile Maria Zajarovak. Moskurekin bat egin, eta Maduroren gobernua babestu du Kubak ere, eta moralgabetzat jo du Trumpen gobernua: «COVID-19aren garaietan ere, argi geratu da AEBak direla bakearen mehatxu nagusia».

FARCen erantzuna

Barren esanetan, FARCekin elkarlanean aritu zen Maduro, eta bi herrien arteko muga zabalik zegoela bermatu zuen, Kolonbian gerrillak ekoitzitako kokaina kontinente osoan zabaldu ahal izateko. Gerrillari ohiek osatutako Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea alderdiak, ordea, ukatu egin du hori, eta nabarmendu du «zentzurik duen inork» ezin dituela salaketok aintzat hartu. «Bere inperioa hondoratzen ikusten duen eta hauteskundeen atarian dagoen agintari bat da Trump. Hori da egindako urratsaren azalpen bakarra».

Hala, FARCek eskatu dio Duqueri ez dadila besoak gurutzatuta geratu Venezuelako mugan piztutako «nazioarteko gatazkaren aurrean», eta gaitzets dezala AEBetako Gobernuaren salaketa. «Kolonbiak ezin du AEBen estrategia esku hartzailearen puntako izaten jarraitu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.