'Azkar eta haserre'-ren porrota

Mexikoko Gobernuak azalpenak eskatu dizkio AEBetakoari 2009ko operazio batez: Washingtonek armak sartu zituen Erdialdeko Amerikako herrialde horretan narkotrafikatzaileen arrastoari jarraitzeko

Marcelo Ebrard Mexikoko Atzerri ministroa, artxiboko irudi batean. SASHENKA GUTIERREZ / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Lau urtean lehenengoz, Mexikoren eta Ameriketako Estatu Batuen (AEB) arteko gatazka diplomatiko baten errua ezin zaio Donald Trumpi bota, Barack Obama AEBetako presidente karguan haren aurrekoari baizik. Washingtonek duela hamarkada bat egindako operazio bat argitzeko asmoa agertu du Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentearen gobernuak, eta, horri begira, atzo jakinarazi zuten operazioari buruzko azalpenak eskatu dituztela: 2009 eta 2011 artean, Etxe Zuriak 2.500 arma inguru sartu zituen Erdialdeko Amerikako herrialde horretan, bakoitza txip batekin, narkotrafikatzaileen arrastoari jarraitzeko. Ordea, Fast and Furious (Azkar eta Haserre) deituriko operazioak ez zuen esperotako arrakastarik izan, milaka arma galdu egin baitzituzten.

Marcelo Ebrard Mexikoko Atzerri ministroak atzo azaldu zuenez, urteotan horietako hainbat arma erabili dituzte bere herrialdean zein AEBetan delituak egiteko; zehazki, Atzerri Ministerioaren arabera, Mexikoko krimenen %70 AEBetako armekin egin dira, eta urtero 200.000 arma sartzen dira Mexikora. Baina, Ebrardek dioenez, auzia horretaz haratago doa, eta bere herrialdearen subiranotasunarekin zerikusia du: «Gertaturikoaren inguruan zalantzak daude. Frogek iradokitzen duten moduan, Mexikoko [garai hartako] Gobernuak gertaturikoa ezagutzen bazuen eta horri baiezkoa eman bazion, konstituzioaren urraketen aurrean egongo gintezke. Horren inguruan ezer ez bazekien, orduan AEBetako agintariek krimen antolatuari armak eman zizkioten, gure gizartean delitu larriak eraginez. Hau da, gure subiranotasuna urratu zuten».

Mexikoko Atzerri ministroak aipatu zituen frogen artean legoke Eric Holder AEBetako fiskal orokor ohiak ustez egindako aitorpena: Mexikoko agintariek bazutela operazioaren berri. Atzo, ordea, ez Holderrek ezta AEBen Mexikok enbaxadak ere ez zuten adierazpenik egin.

Beste politikari baten balizko azalpenak ere arretaz entzun beharko ditu Mexikoko Gobernuak: 2009 eta 2011 artean, Genaro Garcia Luna izan zen herrialde horretako Segurtasun Publikorako ministroa, eta, egun, AEBetan atxilo dago Sinaloa kartelaren eroskeria onartzeagatik.

Gainera, Washingtonek Fast and Furious operazioa abian jarri zuen urtean, Eduardo Medina Mora zen Mexikoko prokuradorea; iragan astean Auzitegi Goreneko postu bati uko egin zion haren aurkako ikerketa batzuengatik.

Bi herrialdeen arteko azken gatazka politikoa bi errifle aurkitu ostean hasi zen: Mexikoko agintarien arabera, AEBetakoak dira, eta bi herrialdeen arteko mugazain estatubatuar baten hilketan erabili zituzten, 2010eko abenduan; gerora, baieztatu zuten 2011ko otsaileko beste eraso batean ere erabili zituztela, mugatik hurbil.

Iragan urtetik borrokan

Ebrardek azaldu zuenez, Mexikoko Fiskaltza iragan urtetik ari da informazio eske, baina ez du erantzunik izan AEBetatik. Horren ondorioz, oraindik ez dira gai izan operazioko arma guztiak non dauden jakiteko.

«Legez kanpoko arma trafikoak gora egin du azken urteetan. Gaur egun, Mexikoko eta AEBetako agintarien operazioen arteko komunikazioa behar ez bezala argitu». Etxe Zuriaren erantzunaren zain, fiskaltzak ikertu egingo du Mexikoko agintariek legeak urratu ote zituzten operazioaren garaian, eta AEBek bizilagunaren subiranotasuna errespetatu al zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.