Ehunka lagun atxilotu dituzte Segurtasun Legearen aurkako protestetan

Lege hori baliatuta atzeman dute Hong Kongeko bandera independentista zuen manifestari bat. Aurrerantzean, atxilotuak Txinara estraditatu ahalko dituzte

Polizia manifestari bat atxilotzen, atzo, Hong Kongen. Segurtasun indarren arabera, 300dik gora izan ziren atxilotuak. MIGUEL CANDELA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Egun seinalatua aukeratu du Pekinek Segurtasun Legea indarrean jartzeko. Izan ere, Erresuma Batuak Hong Kong Txinaren esku utzi zuenetik 23 urte bete ziren atzo. Hain zuzen ere, lege horren bidez hiriaren autonomia murriztu nahi izatea egozten diote «demokraziaren aldeko mugimenduek» Pekini, eta horren aurkako manifestazioetara deitu zuten atzoko.

Txinak debekatu egin zituen manifestaziook «osasun arrazoiak» argudiatua, baina, hala ere, goizean goiz ehunka lagun bildu ziren Causeway Bay inguruan. Poliziak ur kanoiekin eta negar gasarekin sakabanatu zituen manifestariak, eta 300 pertsona inguru atxilotu zituen; gutxienez bat, gauerdian indarrean sartu den Segurtasun Legea baliatuta, zeinak hiru urte eta bizi guztiko kartzela zigorrak aurreikusten dituen «herrialdearen segurtasuna kolokan» jartzen dutenentzat.

Hong Kongeko gobernu autonomoko buru Carrie Lamek nabarmendu zuen «iraganeko hutsen ondorioa» dela Txinak onartutako Segurtasun Legea: «Hong Kongeko Gobernuak ez du jakin ulertarazten herrialde bat, bi sistema eredua, eta, beraz, ezin izan du behar bezala kudeatu egoera. 23 urte igaro dira [Erresuma Batuak hiria Pekinen esku utzi zuenetik], baina ez gara gai izan segurtasunerako legedia bat bultzatzeko. Hong Kongek huts egin du hezkuntzan ere, eta ez da gai izan gazteei herri honen historia eta kultura irakasteko, ezta gobernu zentralarekiko harremanak bideratzeko ere. Horrek bultzatu du krisia, eta muturreko elementuak ugaritzea eragin du».

Hasieratik babestu du Lamek Segurtasun Legea, eta berdin egin zuen atzoko agerraldian ere, argudiatuz batzuetan «giza eskubideak eten» egin behar direla «egonkortasuna bermatzeko». John Lee Ka-chiu Segurtasun arduradunak ohartarazi zienmanifestariei ez zezatela «marra gorria» zeharkatu, eta jakinarazi zuen Poliziak unitate berezi bat osatu duela Segurtasun Legea urratzen duten kasuak identifikatzeko.

Estradizioa

Iaz, protestak zirela medio, gobernu autonomoak bertan behera utzi behar izan zuen Hong Kongen onartu asmo zuten Estradizio Legea. Pekinek, baina, Segurtasun Legea baliatu du hori bera indarrean sartzeko, alegia, Poliziak eskumena izango du lege hori baliatuta atxilotzen dituztenak Txinara estraditatzeko. Atzo bertan atxilotu zuten lehen herritarra Segurtasun Legea baliatuta; hain zuzen, Hong Kongen independentziaren aldeko bandera bat eramateagatik.

Horrez gain, atzo publiko egindako lege berriaren arabera, Txinako segurtasun indarrek esku hartu ahal izango dute «auzi gatazkatsuetan», betiere Hong Kongeko agintariak «horiek kudeatzeko gai» ez badira. Legeak «sezesio, altxamendu eta terrorismo» delituak zigortzea du helburu, baita atzerrikoen esku hartzearekin prestatutako «konspirazioak» ere. Hala, Hong Kongen Poliziako talde berezi bat sortuko da halako delituak ikertzeko eta legea «betearazteko».

Gobernuz kanpoko erakundeen eta atzerriko albiste agentzien kudeaketa «sendotu beharra» ere jasotzen du Txinak onartutako legeak, eta zehazten du Hong Kongeko instituzio guztiek «elkarlanean» aritu beharko dutela Txinako segurtasun indarrekin. Pekingo Poliziak erabateko askatasuna izango du Hong Kongen, eta, haren funtzionamendua sekretupekoa izateaz gain, ez da auzitegien menpe egongo.

Londresen gonbita

Erresuma Batuko Gobernuak iragarri du prest egongo litzatekeela Hong Kongeko hiru milioi herritarri britainiar pasaportea ematera, eta haiek eta haien senideak bost urtez herrialdean hartzeko. Epe hori amaituta, urtebete gehiago luzatu ahal izango lukete babes eskaria, eta, ondoren, herritartasuna eskatu ahal izango lukete. «Hong Kongeko herritarrekiko konpromiso historikoa dugu, eta, hori dela-eta, egoerari lotutako neurri bereziak hartu ditugu», azaldu du Dominic Raab Atzerri ministroak. Erresuma Batuan igaroko luketen lehen bost urteetan, euren eskubideak mugatuak izango lirateke. Londresek ez du argitu haien senideek zer estatus izango luketen tarte horretan.

Boris Johnson lehen ministroak ere gogor jo du Txinako Gobernuaren aurka, eta ohartarazi du ezen, «orain arteko bide beretik» jarraitzen badu, epe jakin batez Erresuma Batuan bizi eta lan egiteko aukera emango dietela Hong Kongeko herritarrei. Egun, eskualde autonomoko 350.000 herritarrek dute Erresuma Batuko pasaportea, eta beste 2,5 milioik lor dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.