Preso independentista katalanak, hirugarren gradutik urrats batera

Espetxeratuta dauden buruzagi independentistei hirugarren gradua ezartzeko eskatu dute tratamendu batzordeek. Generalitateak erabaki behar du proposamenari buruz, bi hileko epean

Lledonerseko espetxean preso dauden Kataluniako buruzagi independentistak, artxiboko irudi batean. OMNIUM CULTURAL.
Arantxa Elizegi Egilegor Gorka Berasategi Otamendi
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Kataluniako prozesu independentista sustatzeagatik espetxeratuta dauden buruzagiek hirugarren gradua lor dezakete datozen egunetan. Hori da buruzagiak preso dauden kartzeletako tratamendu batzordeek proposatu dutena. Horretarako, ordea, aldaketa onetsi beharko du Kataluniako Gobernuaren Espetxe Neurrien Idazkaritzak. Proposamenen %5 soilik baztertzen dituela kontuan izanda, preso independentistak aurki askatasun handieneko erregimenean izatea espero da.Generalitateak bi hilabeteko epea izango du proposamenari buruz erabakitzeko.

Tratamendu batzordeek bigarren gradua proposatu zuten, iazko abenduaren 11n, Oriol Junqueras, Raul Romeva, Jordi Turull, Josep Rull, Joaquim Forn eta Dolors Bassa kontseilari ohientzat, parlamentuko presidente izandako Carme Forcadellentzat, ANCko buru ohi Jordi Sanchezentzat eta Omniumeko presidente Jordi Cuixartentzat. Erregimen horretan, eta Zigor Kodeko 100.2 artikulua baliatuta, espetxetik irteteko baimenak jaso zituzten. Gaur egun, lan egitera, senideren bat zaintzera eta borondatezko lanak egitera atera daitezke egunean hainbat orduz.

Onura handiagoak jasoko dituzte hirugarren gradua onartzen badiete. Espetxera lo egitera soilik joan beharko dute aste barruan, eta kartzelatik kanpo pasatuko dute asteburua. Baina aste barruan ere kartzelara joan beharrik ez dute izango hirugarren gradua eman ondoren 86.4 artikuluak aurreikusten dituen aringarriak aitortzen badizkiete.

«Urrats bat gehiago da. Baina preso politikoak gara oraindik ere», adierazi zuen atzo Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiak. «Amnistia bidezko askatasuna nahi dugu, errugabeak garelako», gaineratu zuen. Cuixartek «borroka baketsuaren eta desobedientzia zibilaren zilegitasuna» aldarrikatu zuen «gizartea eraldatzeko erreminta» gisa, batzordearen proposamena publiko egin ostean. Rullek, berriz, zigorra betetzen jarraitzen dutela nabarmendu zuen. «Inor ez dadila okertu: espetxe sailkapen bati buruz ari gara. Hirugarren gradua kartzela da».

Erabakia eta helegitea

Tratamendu batzordeen proposamena onartzen duten ala ez «ahalik eta azkarrena» jakinaraziko dutela azaldu zuen Espetxe Neurrien idazkari Amand Calderok, baina aurreratu zuen presoak ezin izango direla etxera itzuli asteburu honetan behintzat. Graduari buruzko erabakia «teknikoa» dela ziurtatu zuen, eta batzordeek proposamena aho batez hartu dutela nabarmendu.

Generalitateak hirugarren gradua onartuz gero, erabakiari helegitea jartzeko aukera izango da. Espetxe zaintzako epailearen aurrean lehen instantzian, eta Espainiako Auzitegi Gorenean bigarrenean. Dena den, espetxeratutako buruzagi independentistekez dute azken erabakiaren zain egon beharko espetxetik irten ahal izateko.

Presoei hirugarren gradua onartuko baliete, Fiskaltzak helegitea jartzea espero daiteke. Aurretik ere eskatua zuen hirugarren gradua ez emateko presoei, zigorraren erdia espetxean betetzen duten arte. Zigor Kodeak dio baldintza hori ezar dezakeela epaileak bost urtetik gorako kondenen kasuan, baina, espetxe zaintzako aurreko zenbait autotan azaldu zuenez, Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen jaso presoek zigorraren erdia derrigorrez espetxean bete behar dutenik, nahiz eta Fiskaltzak epaimahaiari hala egiteko eskatu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.