Galiziako bozak. Emaitzak

Feijook gehiengo osoa berretsi du, eta BNGk aurrea hartu dio PSDeGri

PPk 42 ordezkari lortu ditu Galiziako Parlamentuan, eta bakarrik gobernatuko du. BNGk emaitza historikoa eskuratu du: 19 parlamentari. PSdeGrentzat izango dira gainerako 14 legebiltzarkideak

Feijook gehiengo osoa berretsi du, eta BNGk aurrea hartu dio PSDeGri.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun

Bi garaile izan ziren atzo Galiziako hauteskundeetan. Bata, Alberto Nuñez Feijoo jarduneko presidentea buru duen PP Alderdi Popularra: beste inoren babesik bilatu beharrik gabe gobernatu ahalko du beste lau urtez, 41 diputaturekin —botoen %48—. Beste irabazlea, BNG, parlamentuan laugarren taldea izan ondotik oposizioko buru izaterainoko jauzia egin zuen alderdi abertzalea. Sei parlamentari zituen, eta 19 izango ditu hurrengo legealdian, inoiz lortu duen emaitzarik onenari esker —botoen %23,8—. Hauteskunde gauak galtzaile argi bat ere utzi du: Galicia en Comun-Anova Mareas hautagaitza. Ezkerreko koalizioak hamalau ordezkari lortu zituen duela lau urte, En Marearekin batera, eta, atzo, eserlekurik gabe gelditu zen. Parte hartzea %58,87 izan zen. 2016an baino ia bost puntu txikiagoa.

Feijook eutsi egin dio ordezkari kopuruari, nahiz eta 50.000 boto gutxiago izan dituen. Jarduneko presidenteak frogatu du ez zuela Ciudadanosekin koalizioan aurkezteko beharrik gehiengo osoari eusteko.

BNGk, berriz, zeukan diputatu kopuruaren hirukoitza eta beste ordezkari bat gehiago eskuratu ditu, baina, bere marka hautsi arren, ezin izango du Feijoo kargutik kanporatuko duen ezkerreko gobernu koalizio bat gidatu.

BNGren gorakadak hirugarren postura beheratu du Galiziako Alderdi Sozialista (PSdeG). Parlamentari bat irabazi du, eta hamabost legebiltzarkide izango ditu—botoen %19,36rekin—. Hala ere, aldaketa kualitatibo handiagoa jasango du parlamentuan orain arte jokatu duen rolak, jada ez baita oposizioko alderdi indartsuena izango. Duela lau urte En Marea koalizioarekin berdindu zuen eserleku kopuruan, baina, talde horrek izan zuen hausturaren ondorioz, oposizioko alderdi nagusia bihurtu zen. Hirugarren taldea izango da hurrengo legealdian.

Galicia en Comun-Anova Mareas izan da BNGren arrakastaren kaltetu nagusia. Hautagaitza horretako indarrek hamalau parlamentari lortu zituzten 2016an, En Marearekin batera aurkeztu zirenean, eta ordezkaritzarik gabe gelditu da orain —botoen %3,92—. Emaitza ez da samurragoa izan Marea Galeguistarentzat. Eserlekurik gabe gelditu da hura ere (botoen %0,22). Aurretik izan ditu Vox (%2), Ciudadanos (%0,7) eta Pacma (%0,46) alderdiak. Horiek guztiak ere ordezkaritzarik gabe gelditu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.