Trump kargugabetzeko prozesua hasi du Alderdi Demokratak

Ordezkarien Ganberan aurkeztu dute AEBetako presidentearen aurkako salaketa. Besteak beste, «matxinada» bultzatzea egozten diote. Testua berresteko bozketa bihar egin nahi dute demokratek

New Yorkeko Guardia Nazionaleko kideak Kapitolioaren kanpoaldean, Washingtonen, atzo. SHAWN THEW / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Donald Trump presidentea kargutik kentzea jarri dute helburu demokratek, eta egin dute lehen urratsa. David Cicilline, Ted Lieu eta Jamie Raskin ordezkariek atzo aurkeztu zuten hura auzipetzeko eskaria, baita zehaztu ere haren kontrako salaketa: AEBetako Gobernuaren aurkako «matxinada» bultzatzea. Era batera edo bestera, bi epaiketa politikori aurre egingo dien lehen presidentea bilakatzeko bidean da Trump.

Salaketak zehazten duenez, hauteskunde egunean bertan, eta emaitzak ofizial egin aurretik, bere burua garailetzat jo zuen Trumpek, eta, urtarrilaren 6ko agerraldian, jarraitzaileak «gobernuaren aurka egitera» bultzatu zituen. Georgiako Estatu idazkariari egindako deia ere jasotzen du, zeinean estatuburuak eskatu zion «milaka boto batzuk» aurki zitzala Joe Biden demokrataren garaipena iraultzeko. «Honekin guztiarekin Trump presidenteak arrisku larrian jarri zituen AEBetako segurtasuna eta instituzioak», dio testuak.

Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak iragarri zuen asteburuan 24 orduko epea emango diotela Mike Pence presidenteordeari konstituzioko 25. zuzenketa martxan jartzea onar dezan gaur eztabaidatuko dute eskaria ganberan, eta, egiten ez badu, impeachment edo epaiketa politikoa egingo diotela estatuburuari. Azken hori dagoeneko abian den arren, prozesuak aurrera egingo badu Ordezkarien Ganberak berretsi behar du.

Hala, Pencek uko egingo balio presidentea karguan jarraitzeko gai ez dela iragartzeari, «ahalik eta azkarren» eramango lukete Ordezkarien Ganberara epaiketa politikoaren bozketa; Steny Hoyer demokraten ganberako liderraren arabera, bihar bertan bozkatuko dute. «Gure Konstituzioa eta demokrazia babeste aldera, azkar mugitu behar dugu, presidente honek berehalako arriskuan jartzen baititu biak», ohartarazi zuen, berriz, Pelosik.

Inhabilitazioa

Ordezkarien Ganberako 222 ordezkari demokratetatik 210ek dagoeneko sinatu dute Trumpen aurkako prozedura hasteko ebazpena, eta hor zehazten da ezen, estatuburua legealdia amaitu aurretik kargutik kentzen ez badute, «arriskutsua» litzatekeela «segurtasun nazionalerako». Errepublikanoen artean, jarrera ez da horren argia, baina ugarituz doaz estatuburuaren azken egunetako jarrera gaitzesten dutenak, nahiz eta jakin horrek errepublikanoen alde bozkatu duten milaka hautesle haserrearaziko dituela. Zenbaitek, Pennsylvaniako Patrick J. Toomeyk besteak beste, dimisioa emateko eskatu diote Trumpi.

Bien bitartean, prestaketak aurrera doaz Washingtonen. Alderdi Demokratak lanera itzultzeko deia egin zien herenegun ordezkari demokratei, eta gehienak hasiak dira Kapitoliora itzultzen, biharko balizko bozketarako. Ordezkarien Ganberak presidentearen aurkako epaiketa hastea erabakiko balu, Senatura igaroko litzateke auzia, baina eskualdatzea atzeratzeko aukera ere izango luke Ordezkarien Ganberak. Kontuan izanik Trumpen legealdia urtarrilaren 20an amaituko dela, litekeena da behe ganberak lekuko aldaketa hilabete batzuk atzeratzea, Joe Biden presidenteari agintaldi hasiera errazteko. Horren aldekoak dira ordezkari demokrata asko, tartean Hego Carolinako James E. Clyburn.

Bidenek berak ez du adierazpenik egin Trumpen aurkako prozedurez, baina nabarmendu du aurrera egitea erabakiko balute azkar erabaki beharko luketela; izan ere, behin administrazio berria lanean hasten denean, pandemiari aurre egiteko neurri berriei emango diete lehentasuna. «Guk gure lana egingo dugu, eta Kongresuak erabaki beharko du nola egiten duen berea», esan zuen Bidenek joan den ostiralean, administrazioko kide berriak aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan.

Prozedurak aurrera egingo balu, legealdiko azken egunetan edo kargua utzi ostean epaiketa politiko bati aurre egiten dion lehen presidentea litzateke Trump. Bestetik, impeachment prozesuaren lehen helburua estatuburua kargutik kentzea litzatekeen arren, kasu berezi honetan buruzagi errepublikanoa boterean egongo ez litzatekeenez, lehenik Senatuak erabaki beharko luke hura errudun edo errugabe den, eta, erruduntzat joz gero, inhabilitatzeko aukera izango luke. Lehen urratsa egiteko —hau da, presidente bat kargutik kendu edo erruduntzat jotzeko—, beharrezkoa da Senatuko bi herenek aldeko botoa ematea; aldiz, inhabilitatzeko, nahikoa da gehiengo soila —senatari kopuru bera dute demokratek eta errepublikanoek, baina, berdinketa kasuan, Kamala Harris presidenteorde demokratak luke azken hitza—.

Aurreko aldian bezala, oraingoan ere demokratek ez lukete arazorik izango Ordezkarien Ganberak epaiketa hastea onartzeko. Zenbait komunikabidek zabaldu dutenez. Baina, gaur-gaurkoz, demokratek ez dute babes nahikorik Senatuan Trump erruduntzat jotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.