Politika sozialak eta ekonomia izango dira Bidenen legealdiko ardatzak

Lehen aldiz, Kongresuko agerraldian bi emakume izan ditu ondoan presidenteak. Errepublikanoek «liberaltzat» jo dituzte haren proposamenak

AEBetako presidentea, atzean Kamala Harris presidenteordea eta Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentea dituela. MELINA MARA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Historikoa izan zen asteazken gauean AEBetako presidente Joe Bidenek Kongresuko bi ganberetan egindako agerraldia. Historikoa, lehen aldiz bi emakume zituelako ondoan, Kamala Harris presidenteordea eta Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosi; historikoa, pandemiaren ondorioz maskara jantzitako 200 ordezkarik soilik entzun zutelako zuzenean haren hitzaldia; eta historikoa, lehen aldiz ez zutelako Kongresuko ordezkari bat aukeratu behar izan batzarretik kanpo geratzeko, aretoaren aurkako erasoren bat izanez gero guztiak hiltzea saihesteko.

«Amerika martxan da berriz», esan zuen Bidenek Kongresuko kideen aurrean, eta gogorarazi kargua hartu zuen egunean pandemia betean eta inoizko krisi ekonomikorik okerrenean zeudela, baita «gerra zibiletik demokraziak jasandako eraso okerrena» igaro berria zutela ere —urtarrilaren 6ko Kapitolioaren aurkako erasoa—. «Baina, ehun egunen ostean, arriskuak irtenbide bilakatu ditugu, krisia aukera, atzerapenak indar».

Legealdiko helburuak ere aipagai izan zituen Bidenek: besteak beste, atzerri politikarako lerro nagusiak eta klima larrialdiaren aurkako neurriak, baita neurri ekonomikoak eta sozialak ere. Bi horietan jarri zituen indarrak. Azpiegiturak hobetu eta enplegua sortzeko 1,7 bilioi euroko aurrekontua iragarri zuen estatuburuak: «Ez dago arrazoirik langile estatubatuarrak ibilgailu elektrikoen eta baterien ekoizpenean liderrak izan ez daitezen. Gauza bat aitortu nahi dut ganbera honen aurrean. Gizon-emakume onak daude Wall Streeten, baina Wall Streetek ez zuen herrialde hau eraiki. Klase ertaineko langileek eraiki zuten. Eta sindikatuek eraiki zituzten klase ertainak». Hitz horiek esanda, eskatu zien kongresukideei berretsi zezatela sindikatuak babesten dituen lege proposamena, eta har zitzatela gutxieneko soldatak igotzeko neurriak.

Beste 1,4 bilioiko inbertsioa iragarri zuen, hamabi asteko guraso baimena ezarri, doako haur eskolak bermatu eta eskola publikoak bultzatzeko. Izan ere, pandemiaren lehen hilabeteetan milaka izan dira lana galdu duten herritarrak, eta, ondorioz, asko izan dira haurren eskolako matrikula ordaintzeko baliabiderik gabe geratu direnak ere. Horrez gain, osasun arreta unibertsala bultzatzeko asmoa ere iragarri zuen presidenteak.

Aipatu bi proiektuak aurrera eraman ahal izateko, enpresa handienei eta banako aberatsenei zergak igotzea proposatu zuen buruzagi demokratak: «Justiziaren hutsuneek modua ematen dute urtean milioi bat baino gehiago irabazten dutenek euren irabaziengatik gutxiago ordaindu ahal izan dezaten langile soil direnek baino».

Polizia indarkeria

Polizia indarkeriarena izan da Bidenek agintaldiko lehen ehun egunotan ukitu ez dituen gaietako bat. Presidentetzarako kanpainan zela, iazko maiatzaren 25ean, Derek Chauvin poliziak George Floyd afro-amerikarra hil zuen, eta orduan hautagai zenak neurriak iragarri zituen halakorik berriz gerta ez zedin. Hala, bart eskatu zion Kongresuari onar zezala Polizia erreformatzeko lege proposamena, Floyden heriotzaren urteurrenaren aurretik. «Denok ikusi dugu bidegabekeriaren belauna AEBetako komunitate beltzaren lepoan. Orain aukera dugu benetan aurrera egiteko».

Egitasmo horiek guztiak agintaldi erdiko hauteskundeak baino lehen onartzea da demokraten helburua; izan ere, oso litekeena da horien ostean Kongresuko ganberetako batean edo bietan gehiengoa galtzea —1946tik presidente bakarrak lortu du agintaldi erdiko bozetan gehiengoari eustea; George W. Bush izan zen hura, 2002ko hauteskundeetan, irailaren 11ko erasoen ostean—. «Ezer egin gabe geratzea ez da aukera bat», ohartarazi zuen estatuburuak.

Agerraldia zuzenean ikusi zuten errepublikanoetako batzuek txaloka hartu zituzten Bidenen zenbait proposamen; esaterako, estatubatuarrei txertatzeko eskatu zienean. Baina beste batzuk ez ziren haien gustukoak izan, besteak beste, enpresa handi eta aberatsenei zergak igotzearena. «Tamalez, presidenteak gauza asko egin nahiko lituzke, baina harenaurrekontuak erokeria hutsa dira», kritikatu zuen Mitt Romney senatariak. Oso antzeko kritika egin zion Tim Scott senatari errepublikanoak ere; haren arabera, Bidenek «gizon ona» dirudien arren, haren hitzaldiak «liberalen proposamenak» bildu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.