AEBek Teheranen babespeko milizien kokalekuak bonbardatu dituzte

Siria eta Irak arteko mugan egin dituzte aire erasoak. Gutxienez zazpi lagun hil dituzte. Eremuko segurtasuna arriskuan jartzea leporatu dio Iranek Washingtoni

AEBek otsailean eginiko erasoen ondorioak, Siria eta Irak arteko mugan. MAXAR TECHNOLOGIES / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Hainbat milizien «arma biltegien» aurkako aire erasoak egin dituzte AEBek Siria eta Irak arteko mugan. Pentagonoko bozeramaile John Kirbyren esanetan, Iranek babestutako talde armatuak dira, «AEBek eremuan dituzten tropen aurkako erasoak» egin dituztenak. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, gutxienez zazpi miliziano hil dituzte hiru bonbardaketetan, eta beste asko, «larri zauritu». SANA albiste agentziak, berriz, adierazi du 9 urteko haur bat ere hil dutela.

Kirbyren arabera, AEBetako presidente Joe Bidenek eman zuen erasoa egiteko agindua. Azaldu du, gainera, bonbardaketa «zehatzak» izan direla: bi, Deir ez-Zor probintzian, Abu Kamal hiritik (Siria) gertu, eta hirugarren bat, mugaren beste aldean, Irakeko Anbar probintzian. Posizio militarrak zirela azaldu du Kirbyk, besteak beste, Kataeb Hezbollah—AEBek «terroristatzat» jotzen dute— eta Kataeb Sayyid al-Xuhada milizienak.

Bi miliziak, beste hainbatekin batera, Haxed al-Xaabi koalizioko kideak dira. Talde hori EI Estatu Islamikoaren aurkako borrokan ari da lanean Iraken, 2014tik, etaherrialdeko armadarekin elkarlanean ari da. Hala, koalizioak adierazi duenez, «hildako martirien» lana «EI talde terroristako kideek Siria eta Irak arteko muga igaro zezaten eragoztea» zen. Horregatik, AEBen jokaera «gaitzetsi» dute: «Eraso hau Iraken aurkako eraso bat da».

Pauso bat gehiago eman du Kataeb Sayyid al-Xuhada miliziak, eta iragarri du AEBekiko mendekua hartuko dutela: «[Irakeko] Komandantzia Nagusiaren seinale bat espero dugu erantzuteko».

Bide beretik, Ekialde Hurbileko segurtasuna «arriskuan» jarri izana leporatu dio Teheranek Washingtoni. Hala, salatu du Irak eta Siria arteko mugan eginiko erasoak «bide okerretik» doazela. «AEBak eremuko segurtasuna asaldatzen ari dira, eta bera izango da segurtasunik ezaren biktimetako bat», adierazi du Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Saeed Khatibzadehk.

Irakeko Atzerri Ministerioak, berriz, «nazioarteko araudi eta hitzarmenen aurkako urraketatzat» jo ditu aire erasoak, eta gaitzetsi herrialdearen «subiranotasunaren kontrakoa» dela.

Ez da Biden Etxe Zurira iritsi zenetik egin den gisa bereko lehen erasoa. Otsailean ere hainbat miliziaren aurkako bonbardaketak egin zituzten, eta gutxienez hogei lagun hil. AEBek 2.500 soldadu inguru dituzte eremuan, eta urtea hasi zenetik 40 eraso inguru jasan dituzte, Pentagonoak azaldu duenez —ez zuten ez heriotzarik, ez zauriturik zenbatu—. Horietako hainbat Iranek babestutako miliziek «droneekin» eginak izan ziren, AEBen arabera, eta eraso horien aurkako erantzuna izan da atzo goizaldekoa.

Akordiorik eza

Ikusteko dago erasoek eraginik izango ote duten akordio nuklearraren etorkizunari dagokionez. Izan ere, ostiralean mahaian esertzeko pausoak emateko exijitu zioten AEBek eta Frantziak Irani. Horra iristeko oso bestelako ikuspegiak dituzte, baina, bi aldeek. Washingtonek ezinbestekotzat jo du Iranek garapen nuklearra bertan behera uztea akordio berri bat negoziatzen hasteko. Teheranek, berriz, elkarrizketak hastea beharrezkotzat jo du bestelako pausoren bat emateko.

Bide horretatik, Khatibzadehk adierazi du gobernuak ez duela erabaki IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren ikuskapen gehiago jasotzea onartuko ote duen. Bi erakundeen arteko akordioa hilaren 24an amaitu zen, eta, NBE Nazio Batuen Erakundeak hura luzatzeko eskatu arren, hainbat xehetasun argitzeko beharra nabarmendu du Teheranek: besteak beste, inspektoreek erakundeari bideo eta irudirik ez bidaltzea AEBek Irani ezarritako zigor ekonomikoak martxan dauden bitartean.

Iranen, gainera, akordio nuklearraren aurkako ahotsek indarra hartu dute. Hassan Rohani presidenteak laster utziko du kargua, eta Ebrahim Raisi kontserbadoreak hartuko du haren lekua, bozak aise irabazi ostean. Gainera, Irango Parlamentuko presidente Mohammad Bagher Ghalibafek argi utzi ditu aliantza kontserbadorearen nahiak. Hark adierazi du akordioa amaierara iritsi dela, eta, beraz, ez dela irudirik erakutsiko.

Baliteke horrek Vienan martxan diren elkarrizketak zailtzea. Han ari dira biltzen alde guztietako ordezkariak —Txina, Frantzia, Alemania, Iran, Errusia, Erresuma Batua, AEBak eta Europako Batasuna—, 2015ean adostutako akordio nuklearrera itzultzeko.AEBek 2018an utzi zuten akordioa, Donald Trump boterean zela. Bidenek, baina, nazioarteko afera garrantzitsuenetako bat zela adierazi zuen hauteskunde kanpainan. «Interes nazional bat dugu arazo nuklearra berriz ere bideratzen saiatzeko», gehitu zuen oraintsu Anthony Blinken Estatu idazkariak.

Teheranen sentsazioak bestelakoak dira, ordea. Khatibzadehren esanetan, akordioa oraindik ere indarrean dago Iranek mahaitik ez altxatzea erabaki zuelako, AEBek «ahal zuten guztia» egin arren hura «suntsitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.