Aritz Egea. Mendi korrikalaria

«Esfortzu handia egin behar izan dut CCC lasterketa ondo prestatzeko»

UTMB jaialdiaren barruko CCC lasterketan hartuko du parte Egeak etzi, Chamonixen. Urretxuarra gorputzaldi onarekin iritsi da urteko helburu nagusirako.

ARITZ EGEA.
Unai Ugartemendia.
2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Denboraldiko erronka nagusiari ekingo dio Aritz Egea korrikalariak (Urretxu, Gipuzkoa, 1984) etzi, Chamonixen (Frantzia). UTMB jaialdiaren barruko CCC lasterketan ariko da Salomoneko korrikalaria —101 kilometro eta +6.100 metro—, eta, orain dela hilabete eta erdi Kataluniako Aran ibarreko lasterketa irabazi eta gero, gehiago gizendu nahi du garaipen zerrenda. Mendi lasterketek izan duten bilakaeraz eta geroaz ere mintzo da.

Zer gorputzaldirekin iritsi zara CCClasterketara?

Ustez, gorputzaldi onarekin. Egin beharreko guztiak ondo bete ditudala iruditzen zait, eta Sierre-Zinaleko azken lasterketan ere [Suitza, 31 kilometro, +2.200 metro], inoizko denborarik onena egin nuen orain dela bi aste. Entrenamendu azkarrik egin gabe joan nintzen, eta oso gustura amaitu nuen. Sasoiko nagoela esateko moduan nago.

Bestalde, hilabete eta erdi besterik ez da pasatu Aran ibarreko lasterketan parte hartu eta irabazi zenuenetik —Lleida, Herrialde Katalanak, 105 kilometro—. Erabat indarberrituta al zaude?

Bai. Nik uste ondo indarberritu naizela hango esfortzua egin eta gero. 13 orduko lasterketa izan zen, gorputzaldi ona izan nuen eta dena ondo atera zitzaidan. Chamonixkoa antzekoa izatea espero dut.

Zer-nolako esperientzia izan zen distantzia luzean Aran ibarreko estreinakoa?

Lasterketa fisikoak dira, baina batez ere oso psikologikoa iruditu zitzaidan. Hasieran oso indartsu zaude, baina ezin zara pasatu. Esku balazta botata joan behar izan nuen lehen hogeita hamar kilometroetan, oso kontzentratuta. Azkar korri nahi izatearen bulkada kontrolatu beharradago derrigorrean. Uste bezala atera zen, ondo kudeatu nuen, eta alde horretatik oso pozik amaitu nuen. Halere, esan beharra daukat azken hamar kilometroetan oso nekatuta amaitu nuela. Distantzia luzeari beldurra kentzeko, lasterketa bikaina izan zen.

Chamonixko CCC lasterketa, berriz, beste kontu bat izango da. Munduko lasterkari onenen aurka aritu beharko duzu.

Bai, hura beste kontu bat da. Orain hiru aste ibilbidea ikusten egon nintzen, eta oso ibilbide alua iruditu zitzaidan. Oso aldapa gogorrak dauzka, ia denak oinez egin beharrekoak, baina ia beste guztia korrika asko egitekoa da. Ez da batere lasterketa teknikoa. Oso maila ona izango da lasterketan, eta jendea oso azkar aterako delakoan nago. Begiak itxi eta nirea egitera aterako naiz.

Maila handiko lasterketa izango da zalantzarik gabe, baina pronostikoetan ez zaituzte irabazleen artean sartzen. Horrek presioa kentzen dizu?

Niretzat hori hobea da! Pentsatzen dut distantzia luzeko lasterketa bakarra egin dudalako izango dela. Ikusita zer aurkari izango ditudan aurrean, esan dezaket haiek nik baino faboritoago izan beharko luketela. Saiatuko naiz sorpresa ematen eta ahalik eta ondoena egiten. Haien hutsegiteen zain egongo naiz.

Presiorik ez izateak lasaitasun apur bat handiagoa emango dizu?

Niri, behintzat, faborito moduan ez azaltzeak indarra ematen dit. Akuilu moduko zerbait da. Hor nagoela erakutsi nahi izateak lagundu egiten dit, eta ea orain ere horrela den.

Zerekin konformatuko zinateke?

Hamaika orduren bueltan ibiltzearekin konformatuko nintzateke hasieran. Beste urteetan, denbora hori egin duten gehienak lehen bosten artean sartu izan dira, eta, zorte pixka batekin, lehen hiruretan ere bai. Baina hitz egitea oso erraza da; gero ikusi egin behar da egunean bertan nola nagoen. Dena ondo ateratzea oso zaila izaten da. Hamaika orduan gauza asko gerta daitezke.

Zer eskatzen diozu lasterketari?

Gozatzea! Asko sufritzen dugunean ere gozamen puntua izaten dugu, eta Chamonixen ere hala izatea gustatuko litzaidake. Esfortzu handia egin behar izan dut aurten entrenamenduak aurrera ateratzeko, eta horren konpentsazioa eskatzen diot lasterketari, alegia, nirekin justua izatea.

Iaz erabaki zenuen distantzia luzean saiatzea. Nolakoa izan da orain artean egindako bidea?

Izugarri gustatu zait orain artean egin dudana. Kirola egitea ikaragarri gustatzen zait, eta alde horretatik ez dut askorik sufritu. Gauza berriak esperimentatu ditut. Aldiro nekatuta egotearen sentsazioarekin bizitzen ikasi dut. Entrenatzeaz gain, lana eta familia ere uztartu behar izan ditut, eta, alde horretatik, gogorra izan da. Etorkizunean, ikusi egin beharko dut horrelako lasterketetan jarraitu edo ez. Beste aukera batzuk aztertzen ari naiz.

Jarraitzeko gogorik baduzu?

Bai, gogoa badaukat jarraitzeko, baina datorren urtera begira, babesleen laguntza gehiago izatea gustatuko litzaidake bizimodu honekin jarraitzeko. Lan murrizketa bat egitea daukat buruan, familiari denbora gehiago ez kentzeko, baina babesleen laguntza beharko nuke horretarako.

CCC lasterketa ez da erakusleiho txarra horretarako.

Ez; agian, izan nezakeen onena da. Lasterketa txarra eginez gero, asmo horiek zapuztuko lirateke, baina esaterako, podiuma zapalduz gero, ia ziurtatuta edukiko nuke aukera hori. Ez dut lana uzteko asmorik, baina lanaren ehuneko hogeita hamarreko murrizketa bat eginez gero, eta hutsune hori mendi lasterketatik aterako banu, dena errazagoa litzateke. Ez dut ezer baztertzen etorkizunera begira. Aukera guztiak zabalik uzten ditut. Azken hamar urteetan gauzak asko aldatu dira mendi lasterketetan, eta dirua mugitzen dela ikusten dut. Batzuei gehiago eta beste batzuei gutxiago iristen zaie, baina zerbait mugitzen dela ikusten ari gara. Hori bai, Chamonixko lasterketa gaizki ateratzen bazait, berriro ere itzuli beharrean izango nintzateke arantza ateratzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.