Poloniako justiziak auzitan jarri du EBko zuzenbidearen nagusitasuna

Auzitegi Konstituzionalaren arabera, EBko Itunaren zenbait atal estatuko legediaren kontrakoak dira. Bruselak ohartarazi du «baliabide guztiak» erabiliko dituela EBko legeen lehentasuna babesteko

Poloniako Auzitegi Konstituzionalaren egoitza, artxiboko irudi batean. BERRIA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunaren legedia eta Poloniakoa bateraezinak dira zenbait puntutan, Poloniako Auzitegi Konstituzionalak atzo ebatzi zuenez. Haren arabera, EBko Ituneko atal batzuk eta Europako Justizia Auzitegiaren epai batzuk herrialdeko konstituzioaren aurkakoak dira. Eta bi zuzenbide iturri horien artean, zeinek izan behar du lehentasuna? Galdera horren inguruko iritzia eman behar zuen Konstituzionalak, Mateusz Morawiecki lehen ministroaren eskariz. Ebazpenak zalantzan jarri du EBko zuzenbidearen nagusitasun hierarkikoa.

Auzitegiaren esanetan, Polonia EBko kide bihurtzeak ez du esan nahi estatuak EBko justiziari legezko aginte gorena aitortzen dionik, ezta haren subiranotasuna EBren esku uzten duenik ere. Epaimahaiko hamalau epaileetatik bik ebazpenaren kontrako iritzia agertu dute.

Litekeena da erabakiak zuzeneko eragina izatea Poloniaren eta EBren arteko harreman kaltetuetan. Bruselak EBren legeen kontra aritzea egotzi dio Varsoviari, hainbat arlotan: sexu askatasunaren, prentsa askatasunaren eta botere judizialaren independentziaren aurkako neurriak leporatu dizkio. Poloniako Gobernuak, berriz, salatu du EBk barne auzietan «esku hartu» duela. Varsoviak uko egingo balio Europako justiziaren agintea aitortzeari, EBren ordenamendu juridikotik kanpo kokatuko luke bere burua.

Hori da, oraingoz, Poloniako Gobernuaren jarrera. Konstituzionalak ebazpenaren berri eman eta gutxira, Piotr Muller Poloniako Gobernuko bozeramaileak ziurtatu du Poloniako legedia EBkoaren gainetik dagoela: «Zuzenbide konstituzionalak beste iturri batzuekiko duen nagusitasuna Poloniako Errepublikaren Konstituziotik eratorria da zuzenean. Auzitegi Konstituzionalak hala berretsi du argiki».

EBko Justizia komisario Didier Reyndersek erantzun zion Poloniako Gobernuari, eta ohartarazi zuen Bruselak neurriak hartuko dituela Europako zuzenbidearen lehentasuna babesteko: «EBk baditu printzipio batzuk EBren sorreraren bihotzean daudenak: besteak beste, Europako Justizia Auzitegiaren sententziak, guztiontzako lotesleak».

Antzera mintzatu da David Sassoli europarlamentuko presidentea ere: «Poloniako epaia ezin da ondoriorik gabe gelditu. EBko zuzenbidearen nagusitasuna eztabaidaezina izan behar da».

Epaiaren zain

Bi aldeen arteko konponezinak auzitarako bidea hartu zuten joan den martxoan. Europako Batzordeak Polonia salatu zuen Europako Justizia Auzitegian, 2019an onartu zuen justizia erreformarengatik. Bruselak salatu izan du erreforma horrek arriskuan jartzen duela justiziaren independentzia, besteak beste, epaileei eragozten dielako zenbait auzi Europako Justizia Auzitegira bideratzea. Gobernuak epaileak aukeratzeko duen eskumena ere auzitan jarri izan du Bruselak. Erreformak batzorde bat eratu zuen Poloniako Auzitegi Gorenean, epaileen independentziaz ebazteko, EBren legeak kontuan hartu gabe: eskumena du horiek behin-behinean kargutik kentzeko, soldata murrizteko edota immunitatea kentzeko.

Salaketa horren gaineko epaia eman artean, erreformaren hainbat puntu indargabetzeko agindu zion Europako Justizia Auzitegiak Poloniari, kautelazko neurri gisa. Varsoviak uko egin zion hasieran, baina amore eman zuen batzordeak zigor ekonomikoekin mehatxu egin ostean. Ordurako, Auzitegi Konstituzionalari eskatua zion auziaren gaineko iritzia: Poloniako eta EBko legedien artean zein gailendu behar den. Auzitegiak lau aldiz atzeratu du ebazpena joan den uztailetik, atzo arte.

Epaimahaiak iritzia plazaratu aurretik, atzo goizean, auzitan dauden Poloniako justizia erreformaren atalak indargabetzeko agindua berretsi zuen Europako Justizia Auzitegiak. Poloniak kautelazko neurriak kentzeko eskatu zion, baina Luxenburgoko auzitegiak baztertu egin zuen eskaria. Agindua berrestearekin batera, nabarmendu zuen EBko zuzenbideak lehentasuna duela estatu kideen legediarekiko.

EBk ez ditu soilik auzitegietako bideak erabili Poloniari presio egiteko: neurri ekonomikoak ere hartu ditu. Iazko abenduan, Europako funtsak jaso ahal izateko ezinbesteko baldintza bihurtu zuen zuzenbide estatua errespetatzea. Poloniari eta Hungariari begirako urratsa izan zen, EBk bi herrialde horiekin baititu desadostasun handienak arlo horretan. Eta presioa ez da nolanahikoa. Poloniaren kasuan, ekonomia suspertzera bideratutako 23.900 milioi euroko laguntza blokeatu dio Bruselak. Reyndersek aurreratu du diru laguntzak EBren oinarrizko printzipioak betetzearekin lotzen segituko dutela. «Gure esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu».

Poloniako Gobernuak ere erabaki beharko du zer norabidetan emango dituen hurrengo urratsak. Oposizioak kezka agertu du agintean den PiS Legea eta Justizia alderdiak Polonia EBtik ateratzeko asmoa izan dezakeela iritzita. Nahikoa luke parlamentuko gehiengo soila. Jaroslaw Kaczynski PiSeko buruak, baina, ziurtatu du mezu hori «propaganda» besterik ez dela. Hala izatekotan, Bruselarekin negoziatu beharko du Varsoviak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.