Errusiako Munduko Kopa

Beharra ala ilusioa

Brasil eta Belgika Munduko Kopako finalerdietarako sailkatzeko lehian ariko dira gaur. Defentsarik onena eta erasorik eraginkorrena dira

Beharra ala ilusioa.
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Finalerdietarako sartzeko aukera hurbil bezain urrun dute oraindik Munduko Kopan bizirik dauden selekzioek. Sari preziatu hori izango dute jomugan, gaur, Brasilek eta Belgikak, 20:00etan jokatuko den final-laurdenean.Munduko Kopako talderik mediatikoenetakoa eta ezusterik pozgarrienetakoa ematen ari dena izango dira aurrez aurre.

Brasilek txapeldun izateko hautagaitza sendoa erakutsi zuen final-zortzirenetan, Mexikori 2-0 irabazita. Txapelketako lehen partidetan sortutako zalantzak uxatu zituen hala. Neymarren gainean izango dira jarrita fokurik gehienak. Jokalari horrek sor ditzake buruhauste gehien, Willianekin batera. Baina aurrelariak bezain lan ona ari dira egiten Brasilgo atzelariak. Miranda, Thiago Silva, Filipe Luis eta konpainiaren lanari esker, gol bakarra sartu diete Brasilek jokatutako lau lehietan. Brasil eta Uruguai dira Munduko Kopan gol gutxien jaso dituzten taldeak. Hala ere, Titeren selekzioak Casemiro faltako du. Real Madrileko erdilaria zigortua dago txartel pilaketarengatik. Itxura batean, Fernandinhok hartuko du haren lekua.

Belgika saiatuko da atzelarien sendotasun hori hausten. Roberto Martinezen taldea da Munduko Kopako selekziorik golegileena: hamabi sartu ditu. Lukaku aurrelariak sartu ditu horietatik lau. Gertutik zaindu beharreko jokalaria, zalantzarik gabe. 25 urte ditu, eta Belgikako selekzioko historiako golegile nagusia. Ez zaio begirik galdu behar Hazarden eta De Bruynen irudimenari ere. Brasilek ez bezala, Belgikak izerdi franko bota behar izan zuen final-zortzirenetan. Japoniaren aurka 0-2ko emaitza irauli behar izan zuten. Partidako azken jokaldian heldu zen Chadliren garaipenaren gola.

Brasilek 2014ko Munduko Koparen amaiera iltzatuta izango du ziur aski; orduan, zaleen aurrean Alemania gainetik pasatu zitzaion. Bost Munduko Koparen jabe da, baina azkena 2002an lortu izanak ere sortzen die halako behar bat. Belgikak finalerdietarako sailkatu nahi du historian bigarren aldiz. Brasildarren amorrua eta belgikarren ilusioa, nor baino nor gehiago. Asko dute jokoan.

BRASIL-BELGIKA

Brasil. Alisson; Fagner, Miranda, Thiago Silva,Filipe Luis; Fernandinho, Paulinho; Willian, Neymar, Coutinho; eta Gabriel Jesús.

Belgika.Courtois; Alderweireld, Kompany, Vertonghen; Meunier,

Witsel, De Bruyne, Mertens, Chadli; Hazard; eta Lukaku.

Epailea. Milorad Mazic (Serbia).

Lekua. Kazango Arena (45.500 ikusle).

Ordua. 20:00etan (Tele 5/ TF1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.