Mayk batasuna eskatu die 'tory'-ei, hizketen «fase gogorrena» datorrela

'Brexit'-ari buruzko hilaren 18ko bilera erabakigarriaren zain, Erresuma Batuko lehen ministroa egoera hobean atera da kontserbadoreen konferentziatik. DUPek Johnsonen ikuspuntua goratu du
May Erresuma Batuko lehen ministroa haren alderdiaren konferentzian mintzatu zen atzo, Birminghamen.
May Erresuma Batuko lehen ministroa haren alderdiaren konferentzian mintzatu zen atzo, Birminghamen. NEIL HALL / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko urriak 4
Aurreikusita zegoena kontuan harturik, Alderdi Kontserbadorearen konferentziatik hara iritsi zenean baino indartuago atera da Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa. Horrek, ordea, ez du ezer konponduko, Mayk alderdiaren kontrolari eutsi dion arren, epe laburrerako balioko dio soilik, bi aste barru Europar Kontseiluaren bileran are gehiago okertu daitekeelako egungo errealitatea. Erresuma Batuko lehen ministroak ez ditu arazoak uxatu, errealitatea ez da aldatu tory-en urteroko hitzorduaren ostean, baina oraingoz haren Atzerri ministro izandako Boris Johnsonen eta alderdikide euroeszeptikoen oldarraldia mugatzea lortu du. Herenegun, Johnsonek Mayren eta haren brexit-erako planaren aurkako hitzaldi gogorra egin zuen, baina, atzo, Erresuma Batuko lehen ministroak soilik behin egin zion erreferentzia bezperako kritika sortari: «Elkarrekin jarraitzen badugu, badakit Britainiak behar duen akordioa lortuko dugula. Izan ere, bakoitza bere bidetik joaten bada brexit perfektuaren bila, arriskua dugu brexit-ik ez izateko». Kontserbadoreen batasunerako deia, eta Alderdi Laboristarekiko, baina batez ere haien buruzagi Jeremy Corbynekiko kritikak nabarmendu zituen sona handia izan duen hitzaldian, ziurrenik lehen ministro karguan dagoenetik egin duen hitzaldirik borobilenean. Indartuta atera den arren, ez du gertatuko denaren kontrolik —orain arte bezala—, eta arazoak atzeratzea da lortu duen bakarra.

Fronte guztietatik estututa iritsi zen May haren alderdiaren aurtengo hitzordura. Kanpoan, EB Europako Batasunak hamaikagarren ezetza eman zion duela bi aste, brexit-erako zuen eskaintza guztiz baztertuta. Etxean oposizioa hazia du: Alderdi Laborista gora doa, eta Eskoziako eta Irlandako nazionalistak indartsu daude. Baina, horien guztien gainetik, datozen egunotako erronkarik handienak bere horretan jarraitzen du: brexit-aren hizketen aste erabakigarrienak. Horri lotuta, alderdia zatituta iritsi zen konferentziara, eta handik egoera berean atera da, baina, oraingoz, Mayk ez du babes gehiagorik galdu.

«[EBtik] Akordiorik gabe ateratzeko prest dago Britainia, beharrezkoa balitz». May brexit-aren aurkakoa zen, baina David Cameron karguan haren aurrekoaren dimisioaren ostean, negoziazioei eustea egokitu zitzaion. Atzo azaldu zuenez, «etorkizun oparoa» du Erresuma Batuak EBtik ateratzean denean. Aukera, hitz hori zuen atzean Mayk atzo, hitzaldia ematen ari zela.

Eromenezko astea

«Negoziazioen fase gogorrenean sartzear gaude», adierazi zien atzo Mayk alderdikideei. Eta hori egia da: Bruselak eta Londresek behin-behinean gelditu dituzte brexit-aren inguruko negoziazioak, tory-en konferentziak iraun bitartean; orain, erlojuaren kontra, bi aldeek hamaika hitzordu dituzte prestatuta astebete eskaserako. Dominic Raab Erresuma Batuaren brexit-erako ministroa Bruselara joatekoa da datorren astean, hizketen puntu gatazkatsuenaz eztabaidatzeko: Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren arteko muga.

Paraleloki, bi aldeetako diplomazialariek irtenbide bila jarraitzen dute egunotan, Irlandako irlako mugak ondasunen kontrolik gabe jarrai dezan brexit-aren ostean. Backstop delakoa da, eta indarrean sartuko litzateke 2021ean, trantsizio epea bukatzen denean, eta bien arteko harreman berriak neurri hori behargabekoa bilakatzen duenean.

Datozen egunotan, Brusela eta Londres proposamen eta jarrera berriak finkatzekoak dira, datorren asteazkenean EBko 27 estaturen enbaxadoreak planen bat zehazteko gai izan daitezen. Hori guztia, Europar Kontseiluaren bilera erabakigarriari begira, hilaren 18koa.

Aurretik, Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroa Michel Barnier EBren negoziatzaile buruarekin eta Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearekin batzartuko da, gaur; bihar, berriz, Barnier Ipar Irlandara joango da, ordezkaritza gutxien duten indar politikoekin hitz egiteko.

Hitzordurik esanguratsuena izango da, ordea, Barnierren eta Arlene Foster Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokrata Unionistako buruzagiaren artekoa, datorren astearterako finkaturikoa. DUPek Komunen Ganberan dituen hamar diputatuen babesaren menpe dago May gehiengo osoa izateko, eta Erresuma Batuko lehen ministroak proposaturiko azken planaren aurka agertu da alderdia; Johnsonen hitzaldia entzun ostean, Fosterrek zalantzan jarri du haren alderdiko diputatuek Mayri ematen dioten babesa, Atzerri ministro ohiak erakutsi duen «izpirituagatik» eta «siniste sendoagatik». The Daily Telegraph egunkariari emandako elkarrizketan, Foster argi mintzatu zen: «Johnson lehen ministroarekin lan egingo genuke». Nigel Dodds DUPen buruzagiordea ere Mayri babesa kentzeko aukeraz mintzatu zen Alderdi Kontserbadorearen konferentzian: «Gure lerro gorriak defendatuko ditugu. May Bruselatik itzultzen bada Ipar Irlanda eta Britainia Handiaren arteko salgaien kontrola inplikatzen duen akordio batekin, kontra bozkatuko dugu.

Izan ere, akordio bat adostuz gero, bi ganberek, Erresuma Batukoak eta Europakoak bozkatu behar dute testu hori. Kontserbadoreek ez dute gehiengo osoa etxeko ganberan eta, Mayk behar adina boto lortzen ez baditu, boterea galdu eta bozetara deitzeko aukera handiak sortuko dira.

Aduana batasuna?

Ipar Irlandako unionisten babesa kolokan duela, The Times egunkariak eta Bloomberg agentziak zabaldu dute Mayk prest lukeela proposamen berri bat: Europako Batzordeari proposatuko lioke Erresuma Batuak aduana batasunean jarraitzea trantsizio epearen ostean ere. Hori litzateke, beraz, Erresuma Batuko lehen ministroaren irtenbidea Irlandako mugaren auzia konpontzeko; brexit-erako akordioaren zirriborroak, ordea, bi aldeek sinaturikoak, dio Ipar Irlanda aduana batasunean eta merkatu bakarrean geratuko litzatekeela, hori behargabeko bilakatuko lukeen bi aldeen arteko harremana adostu ezean.

Hori da Barnierren ideia, hainbatetan adierazi duena, mugaren auzia konpontzeko. DUPentzat, ordea, «onartezina» da, muga Irlanda barnetik Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren artera mugituko litzatekeelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna