Ondorioak nabaritu dira jada

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak ez du onartu JxCren lau diputatu auzipetuek botoa delegatzen segitzea, eta subiranismoak gehiengoa galdu du. Generalitateak gertatutakoa «minimizatu» du
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea (eskuinean), alboan Xavier Muro ganberako abokatuetako bat duela, atzo.
Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea (eskuinean), alboan Xavier Muro ganberako abokatuetako bat duela, atzo. TONI ALBIR / EFE

Igor Susaeta -

2018ko urriak 10
Independentistek gehiengo osoa galdu dute Kataluniako Parlamentuan. JxC Junts Per Catalunya eta ERC Esquerra Republicana Generalitateko bi bazkideek ez dute bat egiten prozesu subiranistaren judizializazioak ezarri dituen trabak saihesteko moduan, eta hori argi ikusi ahal izan zen atzo, berriro. Auzitegi Gorenak auzipetutako JxCko lau diputatu kartzelatuek eta erbesteratuek botoa delegatzen jarraitzearen aurka eta JxCren planteamenduaren beraren aurka bozkatu zuten ERCk eta PSCk Parlamentuko Mahaian. JxCren formula baztertu zuten ganberako abokatuek herenegun gauean, eta Roger Torrent parlamentuko presidenteari (ERC) ohartarazi zioten onartzekotan bozketek ez zutela balio juridikorik edukiko, eta, gainera, Gorenak haren kontra egin zezakeela. PSCk, badaezpada ere, babes helegite bat erregistratu zuen herenegun gauean Auzitegi Konstituzionalean, delegatutako botoen eraginkortasuna eragozte aldera.

Mahaiaren erabakiaren ondoren, joan den astean egindako politika orokorreko osoko bilkuran eztabaidatutako ebazpen proposamenak bozkatu zituzten atzo arratsaldean. Eta goizean hartutako erabakiaren ondorioak nabaritu ziren. Izan ere, Carles Puigdemont, Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull parlamentari kargugabetuen botoekin irabaziko zituzkeen 11 bozketa galdu zituen subiranismoak

Adibide bat. Kataluniaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen duen testu bat erregistratu zuen CUPek lehengo astean. Hemizikloan bozkatu zuten atzo, eta 65 boto lortu zituzten subiranistek. Ciutadansek, PSCk, Catalunya En Comuk eta PPCk kontra bozkatu zuten. Beste 65 boto. Ebazpen proposamen hori beste bi aldiz bozkatu zuten, beraz, berdinketa hausteko, baina, emaitza bera izan zenez, ez zuten onartu. Lau diputatu auzipetuek beste parlamentari bat izendatu izan balute beren izenean bozkatzeko —hala egin du ERCk, Oriol Junqueras eta Raul Romeva auzipetuek Sergi Sabria izendatuta—, 69 boto aterako zituzten subiranistek, eta ebazpena onartuko zuten. 70 izango ziren Antoni Cominekin (ERC), baina diputatu erbesteratuak ez du botoa delegatzen. Beraz, orain arte ez bezala, hemendik aurrera hainbat bozketa galduko dituzte subiranistek. Izan ere, gehiengo osoa galdu dute (68 boto). 61 boto dituzte orain JxCk eta ERCk .

Mahaian erabakitakoaren berri edukitakoan, Elsa Artadi Generalitateko Presidentetza kontseilaria (JxC) atera zen prentsaren aurrera. «Gauza guztietan berdin-berdinak ez izatea minimizatuko nuke», azpimarratu zuen. Gaineratu zuen gertatutakoak ez liokeela eragin beharko Kataluniako Gobernuaren jardunari. «Normal jarraituko dugu lanean».

Ebazpen proposamenak bozkatzen hasi aurretik, hitza hartu zuten talde parlamentarioetako bozeramaileek. JxCko eta ERCko diputatuek ez zuten eman elkarren arteko desadostasunen berri, eta salatu zuten parlamentua egoera ezohikoan dagoela judizializazioaren eraginez.

Baina egon badaude desadostasunak. Pablo Llarena Goreneko magistratuak auzipetutako diputatuen eskubide politikoei eusteko intentzioarekin, formula bat adostu zuten JxCk eta ERCk, eta erabaki zuten beste pertsona bat izendatzea haien ordez bozka dezan. Alderdi bakoitzak bat. Parlamentuak onartu egin zuen joan den asteartean. Baina, lehengo ostegunean, politika orokorreko saiotik eratorritako ebazpen proposamenak bozkatzen hasi aurreko Mahaiaren bileran —orduan ziren bozkatzekoak atzo bozkatutakoak—, JxCk erabaki zuen ez zuela inor izendatuko lau diputatu auzipetuen ordez jarduteko. Bi indar subiranisten arteko urgentziazko bilera eragin zuen horrek, eta, ia lau ordu geroago, Sabriak eta Eduard Pujolek (JxC) esan zuten akordio bat lortu zutela. Hurrengo egunean agerraldi bateratua egin zuten Quim Torra Generalitateko presidenteak (JxC) eta Pere Aragones presidenteordeak (ERC), eta adierazi zuten gobernuaren «egonkortasuna» bermatuko dutela auzipetuen epaiketa amaitu bitartean.

Kritika Torrenti

JxCk, bien bitartean, bereari eutsi zion atzo. Haientzat «marra gorri bat» da parlamentarien ordezkapena, eta ez daude hori zeharkatzeko prest. Parlamentari horiek beraiek sinatutako gutun bat kaleratu zuen. Horien arabera, joan den asteartean diputatuen kargugabetzea ukatu zuen parlamentuak «gehiengo osoz». Iruditzen zaie, hortaz, botoa delegatzen jarraitzeak bat egiten duela zuzenbidearekin. Aipatu gabe, baina Torrenti belarrietatik tira egin diote eskutitzean. «Pentsatzen dugu boto delegazio hau ukatua izan daitekeela, botere legegilearekin zerikusirik ez duen organo baten balizko erreakzioen mendeko argumentazio batekin soilik», nabarmendu dute laurek. Pentsatzen dute, gainera,bi indar subiranista nagusien 61 eserlekuek ahalbidetuko dutela gobernuari eustea eta «proiektu errepublikanoa» hauspotzen jarraitzea. Junqueras, ordea, ez dago ados. «Urriaren 2an onartutako akordioak ez gaitu ez kargugabetzen, ez ordezkatzen, eta ahalbidetzen digu gure eskubideei eustea. Edozeren gainetik, gehiengo independentista babestu behar dugu», idatzi zuten ERCko liderraren Twitterreko kontuan. Sabriak ere ez zuen gogo onez hartu JxCkoen erabakia: «Garaipen moralek ez digute balio; garaipen eraginkorrak nahi ditugu».

Aritmetika berria

JxCk eta ERCk Catalunya En Comuren babesarekin lortu zuten, atzo, erreferendum adostu bati buruzko proposamen bat aurrera ateratzea. Eta, aritmetika parlamentario berriari erreparatuta, Comukoen zortzi botoek berebiziko pisua edukiko dute; hasteko, eta behinik behin, aurrekontuak onartzeko.

Ebazpen proposamenak bozkatzen hasi eta berehala, Romevak eta Junquerasek bozkatu izana salatu zuen Carlos Carrizosa Ciutadanseko parlamentariak, eta Torrenti jakinarazi zion Auzitegi Gorenean helegite bat jarriko dutela horren aurka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna