Krimeara ontzi militarrak bidaltzeko eskatu dio Ukrainak NATOri

Itsaso Beltzean presentzia handia duela erantzun du NATOk. Poroxenkok laguntza eskatu dio Alemaniari. Merkelek elkarrizketa aldarrikatu du. Auzia dela eta, Trump ez da Putinekin bilduko

Poroxenko Ukrainako presidentea herenegun, armadaren entrenamendu gune batean. MYKOLA LAZARENKO / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Oraingoz ezin izan dute baretu joan den igandean Errusiaren eta Ukrainaren artean sortutako gatazka militarraren sua. Alde bakoitzak bere argudioak hauspotzen jarraitzen du. Mendebaldeko potentziek eskatu diote Errusiako Gobernuari aska ditzala kartzelatuak eta epaituak izan zain dauden 24 soldadu ukrainarrak, baina Vladimir Putin ez dago horretarako prest. Errusiaren eta Ukrainaren arteko muga «legez kanpo gurutzatzea» leporatuta atxilotu zituzten marinelak Krimeako penintsulan, Itsaso Beltzeko uretan, eta, «segurtasuna bermatzearren», hara ontzi militar gehiago bidal ditzala eskatu dio NATOri Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak. NATOk astelehenean adierazi zuenez, ezin dira justifikatu atxiloketak, baina ez du hartu ontzi gehiago bidaltzeko konpromisorik. «NATOk presentzia handia du Itsaso Beltzean, eta eskualdean dugun presentzia ebaluatzen jarraituko dugu», esan zuen Oana Lungescu erakundearen bozeramaileak, atzo.

Poroxenkok laguntza eske jarraitzen du, eta Alemaniarengana jo du zuzenean. Ukrainako presidenteari egindako elkarrizketabat argitaratu zuen atzo Bild Alemaniako egunkariak, eta Poroxenkok horretan azpimarratu du Berlin Ukrainaren «lagun handia» dela, haien «aliaturik gertukoenetako bat». NATOren erabakietan eragin dezala eskatu dio Angela Merkel kantzilerrari. Poroxenkoren iritziz, gertatu zena gertatu zen igandean, Azoveko itsasoa «okupatzea» beste asmorik ez duelako Putinek. Areago joan zen presidentea bere adierazpenetan: «Putinek inperio errusiarraren garaira itzuli nahi du».

Merkelek «elkarrizketa» aldarrikatu du batik bat, «gertakariak mahai gainean jartzera» deitu du, eta adierazi dio Errusiari aska ditzala Ukrainako armadako soldaduak. Hori bai, tentsioa baretze aldera, Ukrainari «buruargitasuna» eskatu dio, iritzita gatazkak «zuhurtasunez» konpondu behar direla.

Horrez gainera, 2003an Kievek eta Moskuk sinatutako hitzarmen bat izan zuen gogoan. Horren arabera, Azoveko itsasoa parteka dezakete bi aldeek, eta bai Errusiako ontziek, baita Ukrainakoek ere, Kertxeko itsasartea gurutza dezakete. Merkel «arduratuta» azaldu zen Ukrainak duen egoera ekonomiko «oso zailagatik». Horregatik, eta kontuan hartuta Errusiak itsasoko trafikoa blokeadezakeela, Mariupol hirirako itsaso bidezko sarbidea «ziurtatu» beharra dagoela nabarmendu zuen.

Berlinen egin zituen adierazpen horiek atzo, Alemaniak eta Ukrainak elkarrekin antolatutako foro ekonomiko baten barruan. Buenos Aireserako hegaldia hartu zuen gero, G20koen taldearen goi bileran parte hartuko baitu, beste hainbat estatutako agintariekin batera. Putinekin topo egingo du han, eta harekin biltzekoa da.

Kremlinek ez du gogo onez hartu Ukrainak NATOri egindako eskaera, eta, gertatutakoa azaltzeko, Moskuk azken egunotan darabilen tesiari eutsi zion Dmitri Peskov bozeramaileak, atzo. «Probokazioen politikarekin jarraitzen dute». Bestalde, «inongo bitartekaritzaren beharrik» ez dagoela iruditzen zaio Moskuri. «Lagundu nahi dutenek lagundu dezakete Kieveko agintariengan eraginez».

Putinek azalpenak eman beharko ditu Buenos Airesen, baina azkenean ez da Donald Trumpekin bilduko. AEBetako presidenteak uko egin dio Errusiakoarekin batzartzeari. Etxe Zuriko maizterrak herenegun jakinarazi zuen bertan behera uztekotan zegoela ia-ia baieztatuta zegoen bilera, ez zitzaiolako gustatu Errusiak Ukrainari egindako «erasoa». Moskuk, halere, bilduko zirela pentsatzen zuen. Trumpek, baina, bilera baztertu zuen atzo, argudiatuz ez duela merezi, soldadu ukrainarrak atxilotuta baldin badaude.

Ukrainarrak soilik

Azoveko itsasoan gertatutakoa dela eta, Ukrainako hamar eskualdetan salbuespen egoera ezarri dute. Horren harira, Ukrainak erabaki du atzerritarrei Krimearako sarbidea blokeatzea. Ukrainarrak soilik sartu ahal izango dira Errusiak de facto kontrolpean duen penintsulan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.