Noiz sortua: 2018-12-21 00:30:00

Katalunia. Egoera politikoa

Elkarrizketaren bidea ibiltzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek

Madrilek onartu du Kataluniaren etorkizunari buruzko «gatazka bat» dagoela. Subiranistek hainbat ekintza antolatu dituzte gaurko, Bartzelonan egingo duten Ministroen Kontseilua arbuiatzeko
Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Quim Torra Kataluniakoa, atzo Bartzelonan.
Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Quim Torra Kataluniakoa, atzo Bartzelonan. ANDREU DALMAU / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2018ko abenduak 21

Azken asteetan bi aldeen artean zegoen giroa nolakoa zen aintzat hartuta, ez zirudien Kataluniako eta Espainiako Gobernuak komunikatu bateratu bat osatzeko eta kaleratzeko gai izango zirenik. Baina bileraren formatuarekin atzera eta aurrera ibili eta gero, bi exekutiboak Bartzelonako Pedralbes jauregian bildu ziren atzo iluntzean —Moncloak dio ez zela goi bilerarik izan—, eta, Elsa Artadi Generalitateko Presidentetza kontseilariak ondorengo agerraldian adierazi zuenez, «elkarrizketa eraginkorraren» bidea ibiltzeko «konpromisoa» hartu dute bi aldeek. «Behar hori azpimarratu dugu». Kontseilariak nabarmendu zuen Kataluniaren etorkizunari buruzko «gatazka bat» dagoela onartu duela Madrilek, nahiz eta bi aldeak ez datozen bat «ez jatorrian, ez eta horri irtenbide bat emateko bide orrian ere». Ez zuten «xehetasunetan» sakondu. «Baina aldeak handiak dira». Urtarrilean dira berriro biltzekoak.

Generalitatearen aldetik Quim Torra presidenteak, Pere Aragones presidenteordeak eta Artadik parte hartu zuten bileran. Espainiako Gobernuaren aldetik Pedro Sanchez presidenteak, Carmen Calvo presidenteordeak eta Meritxell Batet Lurralde Politika ministroak. Batet agertu zen prentsaren aurrera, eta adierazi zuen autodeterminazio eskubideari buruz ez zirela mintzatu. «Baina gobernuaren posizioa argia da: eskubide hori ez da existitzen». 155. artikuluaren ezarpenaz ere ez zuten hitz egin, ministroaren esanetan.

Bien bitartean, ostiraleroko Ministroen Kontseilua Bartzelonako Llotja de Mar eraikinean egingo du gaur Espainiako Gobernuak, eta horrek ezinegona eta haserrerea eragin ditu independentisten artean. Probokaziotzat hartzen dute; are gehiago, kontuan hartuta iaz gaurko egunez egin zituztela hauteskundeak Katalunian, Mariano Rajoy Espainiako presidente zenaren aginduz.

Bilera Bartzelonan egin izanaren kontra daudela adierazteko, elkarte subiranistek hainbat ekintza antolatu dituzte gaurko, eta CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek Katalunia «paralizatzeko» asmoa dute. Buruzagi subiranistek modu baketsuan jokatzera deitu dituzte herritarrak.

Izan ere, ondo gogoan dute zer gertatu zen duela aste batzuk, eta horren aurrean nola erreakzionatu zuen Madrilek. Antifaxisten kontra kargatu zuten Mossos d'Esquadrek pasa den abenduaren 6an Gironan eta Terrassan, manifestazioa egin zutenean Espainiako Konstituzioaren aldeko bi elkarretaratzeren kontra protesta egiteko. Hiru egun geroago, Kataluniako hiru autobidetako hainbat bidesari zenbait orduz irekit zituzten CDRek. Espainiako Gobernuak Kataluniakoaren kontra gogor egin zuen hori zela medio, eta tonua zakartu. Aintzat hartu behar da PSOE Andaluziako hauteskundeetan danbatekoa hartu berritan zegoela. Ciudadanosek eta PPk jarraitzen dute, gainera, konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena eskatuz, Kataluniako autogobernua bertan behera uzteko asmoarekin.

Egun batzuk geroago, hilaren 12an, Kataluniaren inguruko saioa egin zuten Espainiako Kongresuan, eta Sanchezek adierazi zuen konstituziotik eta Kataluniako Estatututik kanpoko ekintza ororen aurrean «erantzun irmoa, proportziozkoa eta sendoa» emango zuela.

Baina egun batzuren buruan bi gobernuen arteko harremana baretu dela dirudi. Sanchezek badaki PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalanaren eta ERC Esquerra Republicanaren botoak beharrezkoak dituela Kongresuan 2019ko aurrekontuak onartu ahal izateko, eta aurrekonturik gabe nekez iraungo duela gobernuan. Keinutzat interpretatu daiteke atzoko goi bileran bi ministrok eta bi kontseilarik parte hartu izana. Eta Kongresuko alderdi subiranistek keinua itzuli zioten atzo. PSOEk proposatutako gastuaren muga eta defizit helburua onartzen lagundu zuten PDeCATek eta ERCk haien botoekin. Behin alde bozkatu eta gero, bi indar subiranistek adierazi zuten «borondate oneko keinu bat» izan zela. Artadik erabakia justifikatu zuen atzo eguerdian: «Interesatzen zaigu onartua izatea. Horrek esan nahi du Generalitateak gastatzeko ahalmen gehiago edukiko duela». Iluntzean jakinarazi zuen goi bileran ez zutela aurrekontuez hitz egin.

Keinutzat har daiteke, gainera, Jordi Sanchez, Jordi Turull, Joaquim Forn eta Josep Rull diputatu kartzelatuek gose greba utzi izana. Aurreneko biek 20 egun egin dituzte greban, eta beste biek 17. Haien bozeramaile Pilar Calvok prentsaurrekoan esan zuenez, «helburuak» bete ditu protestak, iritzita «astindu beharreko kontzientzia guztiak» astindu dituela.

Manifestazioa

Etzanarazi dezagun 78ko erregimena. Eskubide sozial eta politikoengatik, autodeterminazioagatik, errepresioaren aurka lelopean, gaur 18:00etan manifestazio bat abiatzekoa da Bartzelonako Graziako lorategietatik. Elkarte zibil eta indar politiko independentista guztiek bat egin dute deialdiarekin. Beste hainbat ekintza daude deituta, gainera, Katalunia guztian.

ANC Biltzar Nazional Katalanak goizean goizetik Bartzelonan autoen pilaketa «masibo bat» egitera deitu du. CDRek Kataluniako azpiegitura nagusiak eta bideak blokeatzeko eta Llotja de Mar eraikinerako sarrera kolapsatzeko asmoa agertu dute.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Koronabirusaren azken datuak

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 12.944 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda. 846 hil dira. COVID-19 gaitza izandako 4.601 pertsonari eman diete alta. Grafikoak, albiste barruan.

Erosketak egiteko ilarak Gasteizen. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Osakidetza test azkarrak erabiltzen hasi da

Berria

Italiako Gobernuak herrialdean lehorreratzeko debekua ezarri die Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen dituzten ontziei. «Osasun larrialdiak irauten duen bitartean, ezin dira oinarrizko baldintzak bermatu», adierazi dute.

Herritarren ilada Ordiziako azokan, itxialdiaren hasieran. ©Jon Urbe/ Foku

Baserritarrak haserre, Jaurlaritzak azokak debekatu dituelako

Iker Aranburu

EHNEk uste du Jaurlaritzak ez duela eskumenik salmenta zuzeneko eremuak debekatzeko. "Erabaki tamalgarria», Enbaren ustez

Osasungintzako langileak txaloka Nafarroako ospitale gunean ©Idoia Zabaleta, FOKU

Koronabirusaren hedapena geldotzen ari da Nafarroan, baina ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Ainhoa Larretxea Agirre

Lau hildako eta 112 kutsatu berri izan dira Nafarroan azken orduetan, eta hildakoak hamazazpi dira Araban, 25 Bizkaian eta hamar Gipuzkoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna