Zaharrak berritzera

Alavesek Valentziaren aurka hasiko du urtea, gaur, Mendizorrotzan. Marka berria ezar dezake, etxean galdu gabe hamargarren lehia kateatuta
Garay Valentziakoa eta Maripan Alavesekoa, baloi bategatik borrokan, iaz bi taldeek Kopan jokatu zuten partidan.
Garay Valentziakoa eta Maripan Alavesekoa, baloi bategatik borrokan, iaz bi taldeek Kopan jokatu zuten partidan. JUAN CARLOS CARDENAS / EFE

Eñaut Agirrebengoa -

2019ko urtarrilak 5
Urte berria aurrekoa bukatu bezala hasi nahi du Alavesek: talde indartsu baten kontra hiru puntuak patrikaratuta. Reala Anoetan menderatu zuen 2018ko azken partidan, eta, gaur, Valentziari Mendizorrotzan irabazten ahaleginduko da. Berea eginez gero, beste pauso bat emango du Europara itzultzeko ametsa gorpuzteko bidean. Europa Ligako postuetan dago gaur-gaurkoz, eta bi puntu eskasera ditu Txapeldunen Ligako postuak. Arabarrek salbazioa dute lehentasuntzat oraindik, baina, jaitsiera postuak hamabi puntura izanda, saihetsezina da gora begiratzea.

Valentziak ere helburu handiak ditu, baina Marcelinoren taldearentzat, ametsa ez, betebeharra da Europan jokatzeko aukera izatea. Aurreko denboraldian, Txapeldunen Ligarako sailkatu zen, baina, denboraldi honetan, goiko postuen arrastoa galduta dabil. Lanak ari da izaten partidak irabazteko lau garaipen bakarrik lortu ditu, eta, hala, puntuak aleka ari da biltzen hamar neurketa berdindu ditu. Nolanahi ere, pixkanaka bere onera itzultzen ari da, eta, egun, Alaves sei puntura dauka. Hartara, gaurko lehia finaltzat jo dute Valentzia aldean (Herrialde Katalanak).

Hamalau gol eskas jasota, Espainiako Ligako defentsarik sendoenen artean hirugarrena dute Marcelinoren mutilek, Atletico Madrilen eta Getaferen atzetik. Ordea, gol gutxien egin duen taldea da, Huescarekin batera; hamabost baino ez dituzte sartu. Gaur irabazi nahi izanez gero, gabezia hori nahitaez dute konpondu beharra, Alaves harkaitza bezain gogorra baita Mendizorrotzan. Iazko apirilaren 29tik ez du galdu etxean, eta, horrela, bere zelaian porrot egin gabe denbora gehien daraman Lehen Mailako taldea bilakatu da. Elitean sekula ez ditu hamar lehia kateatu etxean galdu gabe, eta gaur kopuru horretara irits daiteke.

Haatik, Valentzia ez da sekula bisitari erosoa izan Alavesentzat. Etxean hamabi aldiz hartu du gorengo mailan, eta soilik hirutan irabazi dio; lau aldiz berdindu du, eta bost bider galdu. Hori horrela, Abelardo Fernandezek uste du «joko bertikala» egin eta «arreta handia» eduki beharko dutela gaur hiru puntuak patrikaratzeko. «Etxean eroso sentitzen gara, baina, gure onena eman ezean, ez dugu partida irabazteko aukerarik izango».

Abelardok eskuragarri izango ditu Brasanac eta Ximo Navarro, jada osatu baitira. Alabaina, hiru jokalari faltako ditu: Sivera gaixo dago, eta Duartek eta Wakasok zigorra bete behar dute. Adrian Marin da Duarteren ordezko naturala, baina min hartu zuen atzoko entrenamenduan, eta zalantzan dago haren parte hartzea. Dena den, hamaikakoa osatzeko arazo gehiago izango ditu Marcelinok, ezingo baititu Guedes, Kondogbia, Coquelin, Gaya eta Soler zelairatu.

ALAVES-VALENTZIA

Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Martin Agirregabiria; Ibai Gomez, Tomas Pina, Brasanac, Jony; Borja Baston eta Calleri.

Valentzia. Neto, Piccini, Gabriel, Garay, Lato; Wass, Parejo, Ferran, Cheryshev; Santi Mina eta Rodrigo.

Epailea. David Medie Jimenez.

Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).

Ordua. 16:15 (Bein La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna