Ez da lehentasuna

Athleticek hiru partida jokatuko ditu erreskadan Sevillaren kontra; lehena, gaur, San Mamesen, Espainiako Kopan. Zaleek oso gustuko dute Kopa, baina gainetik dago liga

haritz gallastegi
Bilbo
2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Argi dago Athleticentzat liga dela oraintxe bertan lehentasuna. Baina, Espainiako Kopa iristean, Athleticen jarraitzailea adi jartzen da. Irribarre bat ateratzen zaio. Ilusioaren lehiaketa da. Klubaren 120 urteko historian poz gehien eman diona: Athleticek 24 aldiz irabazi du. Azken hamarkadetan, gainera, titulu bat irabazteko bide bakarra bihurtu da.

Hori gutxi ez, eta Kopa eta Sevilla taldea lotuz gero, dantzan has daiteke edozein zale. Ia hamarkada bat igaro den arren, inork ez du ahaztu Sevillaren aurkako gau magikoa. 2009ko martxoaren 4a zen. Athleticek 25 urte zeramatzan finalerako sailkatu ezinik. Poz gutxiko eta sufrimendu dezenteko mende laurdena izan zen. Athletic finalerdietan zegoen arren, inor gutxik espero zuen aurrera egingo zuenik, aurrean zuen Sevilla oso indartsua zelako, eta joanekoan zuri-gorriek 2-1 galdu zutelako. Hazita zeuden Sevillan. «Lehoia burutik buztanera arte jan behar dugu», esan zuen Jose Maria del Nido orduan taldearen presidente zenak. Javi Martinezek, Fernando Llorentek eta bere ibilbideko gorenean zegoen Toquerok isilarazi zuten Del Nido. Harmailetako festa ez ahazteko modukoa izan zen. Gerora, Athleticek galdu egin zuen Bartzelonaren kontrako finala (3-1), baina urrezko zortzi urteren hasiera izan zen: Bosmanlegearen eta telebista eskubideen aroan klub zuri-gorriak izan duen sasoirik aberatsena.

Kopak piztu zuen ilusioa Athleticen hamaikagarrenez, baina gabarrak beste urtebete itxaron beharko duela dirudi. Ez da garai egokia ligari arreta kentzeko. Athletic sufritzen ari da lehiaketarik garrantzitsuenean. Hiru garaipen baino ez ditu eskuratu, eta ez dirudi indarrak banatu eta bi txapelketetan lehiakor izateko moduan dagoenik. Lehentasuna ligak dauka. Ez dago besterik. Hori bai, horrek ez du esan gura aurkariari erraztasunak emango dizkionik. Sevillak, final-zortzirenetan egokitu zaion aurkariak, zelaian erakutsi beharko du talde zuri-gorria baino hobea dela.

Egun, alde handia dago. Sevilla, talentu handiagoa izateaz gain, konfiantzaz gainezka dago. Pablo Machinek Gironarekin egin zuen lan bikainari jarraipena eman dio hobea den talde batean. Zenbait jardunalditan ligako lehen postuan egotea ere lortu du, nahiz eta ez dirudien gai izango denik Bartzelonaren erritmoari jarraitzeko. Hori bai, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian egongo da denboraldia amaitu arte. Aurkari gogorra izango da bai Kopan eta bai igandean ligako partidan. Izan ere, bi taldeek hiru partida jokatuko dituzte jarraian elkarren aurka: gaur, San Mamesen, joanekoa; igandean, berriro San Mamesen, ligako 19. jardunaldiko partida; eta datorren asteazkenean, Sanchez Pizjuanen, Kopako itzulikoa.

Ganea, Numantziara

Gaizka Garitanok aldaketak egingo ditu Celtari irabazi zion taldearekin alderatuta. Baliteke Vigon (Galizia) aritu ez ziren zenbait jokalarik jokatzea, baita hasieratik zelairatu ez ziren beste batzukaritzea ere. Unai Simonek, Nolaskoainek, Yerayk, Balentziagak, San Josek, Iturraspek, Susaetak, eta Adurizek aukera izan dezakete, baita Iñigo Vicente Athletic B taldeko aurrelariak ere. Aldiz, Yuri eta Raul Garcia ez daude deialdian, min hartuta baitaude. Ganea ere ez dago, eta ez da egongo sasoia amaitu artekoetan ere, Numantzian ariko baita, utzita. Bi partida baino ez ditu jokatu udan Athleticera iritsi zenetik.

Taldea «ondo» ikusten du Garitanok gaurko partidari begira. «Gustuko dugun txapelketa da, eta ez dugu alde batera utziko. Disfrutatu egin nahi dugu, gauzak ondo egiteaz gain: lasai eta ilusioz. Ondo etorriko zaigu egun batez, behintzat, ligaz ahazteko».Argi du zein den helburua: «Sevilla oso ondo ari da. Baina emaitza on bat atera behar dugu itzulerarako».

ATHLETIC-SEVILLA

Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Balentziaga; Susaeta, San Jose, Nolaskoain, De Marcos; Cordoba eta Aduriz.

Sevilla. Vaclik; Gnagnon, Carriço, Sergi Gomez; Navas, Sarabia, Amadou, Franco Vazquez, Escudero; Ben Yedder eta Andre Silva.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. San Mames (53.000 ikusle).

Ordua. 19:30 (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.