Jaurlaritzak murrizketak finkatu nahi dituela dio ELAk

Indar progresistei dei egin die, Jaurlaritzak irakurraldi bakarrarekin atera nahi duen legea arbuiatzeko. Gastu arauaren ondorioak gaitzetsi ditu beste behin

Josu Erkoreka eta Pedro Azpiazu kontseilariak, Lakuan, artxiboko argazki batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Irune Lasa.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Aurrekontu berrien faltan, Eusko Jaurlaritzak modu berezi bat erabiliz eguneratu nahi ditu zenbait gastu 2019. urte honetarako. Hainbat iturriren arabera, hiru gai—Jaurlaritzako langileentzako soldata igoera, diru sarrerak bermatzeko errentaren igoera, eta itunpeko eskolen finantzaketa— lege proiektu berean bateratzea erabakiko du datorren asteko Gobernu Kontseiluan. Eusko Legebiltzarrak lege hori —hiru gaiak— irakurraldi bakarrean eztabaidatu eta bozkatzea da Jaurlaritzaren asmoa, nahiz eta oposiziotik zalantzan jarri den prozedura.

ELAk ere gaitzetsi du Jaurlaritzaren jokabidea, agiri batean; are gehiago «atzera bota zizkioten aurrekontuen zenbait puntu gauzatzeko» denean. Aurrekontu haiek, sindikatuaren aburuz, murrizte politikaren jarraipena zekarten, gastu araua bete egingo zela jasotzen zutelako. Arau horren arabera, berdin du ekonomia eta zerga bilketa zenbat hazi diren, administrazioen 2019rako aurrekontuak ezin dira %2,7 baino gehiago handitu. ELAk uste du arau hori betetzen jarraituta «murrizketei jarraipena» ematen zaiela; «hazten ari diren beharrizan sozialak ez dira osatzen» eta zerbitzu publikoen kalitatea «gero eta kaskarragoa da».

DSBEaren inguruan

Sindikatuak zehaztu du lege proiektu horren inguruan funtzionarioentzako aipatzen den %2,25eko soldata igoera ez dela inongo negoziazio mahaitan erabaki, eta administrazioetako langileek azken urteetan %13ko galera izan dutela erosteko ahalmenean.

Era berean, ELAk gogoratu du diru sarrerak bermatzeko errenta lanbide arteko gutxieneko soldatari lotuta dagoela legez —pertsona bakarrarentzako errentak gutxieneko soldataren %88 izan beharko luke eta %100koa pentsiodunen kasuan—, eta salatu du Jaurlaritzak horri «muzin egin» diola «behin eta berriz».

Bestalde, sindikatuak uste du onartu gabeko aurrekontu haietan hezkuntzarako diru gutxi aurreikusten zela. Hazkunde «urria» sendotu egingo du kontzertuak handitzeak, eta baita egoera okertu ere, eskola publikoek diru gutxi hori ere ez dutelako izango. Indar progresistei dei egin die ELAk, lege proiektua arbuia dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.