Gipuzkoako enpresek urte «ona» espero dute, 2018a eztitan itxita

Iazko aldagai ia guztiek goia jo dute Adegiren inkestan. Esportazioak inoizko handienak izan dira, eta enpleguarentzat, urte «historikoa». Patronalak uste du 2019an 5.500 lanpostu sortuko direla

Adegiko buruak, Jose Miguel Aierza, Eduardo Junkera eta Patxi Sasigain. JON URBE / FOKU.
Irune Lasa.
Donostia
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Adegik ekonomiaren egoeraz Gipuzkoako enpresen artean egindako azken inkestak eta herrialdeko ekonomiari buruz emandako datuek ezkortasunerako toki gutxi utzi dute. «2018 urte apartaren ondoren, urte on bat daukagu aurrean», iragarri du Eduardo Junkera Adegiko presidenteak.

Ia aldagai guztiek goia jo zuten iaz: salmentek gora egin dute; industria ekoizpena %5 handitu da; esportazioen marka hautsi egin da (+%5,2); ekoizpen ahalmena inoizko handiena da; eta eskari zorroen igoerak ere goiko mailetan egonkortu dira.

Enpleguan ere «albiste onak» eman ditu Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusiak, urtea «historikoa» izan delako. 2018. urtean 7.000tik gora lanpostu garbi sortu dira Gipuzkoan,eta Gizarte Segurantzako afiliazioa gehieneko historikoetara iritsi da. Langabezia tasa %7,56ra murriztu da —INEren biztanleria aktiboaren inkestaren arabera—. Soldatapeko enpleguaren hazkunde hori, gainera, sektore guztietan gertatu dela nabarmendu du patronaleko buruak.

Aierzak azpimarratu duenez, abenduan Gizarte Segurantzak Gipuzkoan inoiz baino afiliatu gehiago zituen kontratu mugagabearekin, 150.383. «Behin-behinekotasuna bost hamarren murriztu da, eta lanaldi partzialak mantendu».

Soldata igoerak

Adegik uste du 2019. urtea enpleguarentzako ere «ona» izango dela; besteak beste, enpresen %96,6k aurreikusten dutelako langile kopuruari eustea edo langile gehiago kontratatzea. Patronalak iragarri du 2019an 5.500 lanpostu garbi gehiago sortuko direla. Enplegu sorrera horren garrantzia esplikatu du Aierzak: «5.500 lanpostu garbi horiek gainditu egiten ditu 2001-2008 tarte arrakastatsuko urteroko batez besteko 5.000 afiliaturen igoera».

Enpleguaz gain, Adegik uste du aurten soldatak ere handitu egingo direla. Adegiko enpresen datuen arabera, soldatak %2 handitu dira 2018an, eta % 2,2ko igoera izango dute 2019an.

Indarrean dagoen ekitaldiari baikor begiratzen diote Gipuzkoako enpresek, Junkeraren arabera: «Inkestako ia aldagai guztien emaitzak 2018an goia jo eta gero, 2019. urtean konfiantza, salmentak, eskari zorroak, produkzio gaitasunaren erabilera eta enplegua maila gorenetan daude. Urte on bat daukagu aurrean, ziurgabetasunekin, eta beharbada zailagoa».

Azkenean, ekonomia normaltzen ari dela uste du desazelerazioa inondik ere aipatu nahi ez duen Aierzak. «2014. urteaz geroztik susperraldi ekonomiko bizkor eta indartsua izan ondoren, apartekoak izan diren 2017arekin eta 2018arekin, ekonomia normalizaziorantz bideratu da, ziklo hedakorraren barruan, beharrezkoa eta osasungarria den moduan». Adegiren arabera, 2019an %2tik gorako hazkundearekin jarraituko du barne produktu gordinak, eta urteko batez besteko igoera %2,2 eta %2,6 artean ibiliko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.