«Patua berreskuratu» nahian

Aljeriako herritarrak kalera atera dira astebetean bigarrenez, Buteflika presidentearen aurka protesta egiteko. Agintariak 81 urte ditu, eta gaixo dago, baina bosgarren legealdira aurkezteko asmoa du

«Patua berreskuratu» nahian.
ander perez zala
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Gazteek hartu dute gidaritza, Aljeriako biztanleriaren parterik garrantzitsuenak. Agintari bakarra ezagutu dute, eta, horien iritziz, aldaketa bat beharrezkoa da herrialdearen egoera bideratzeko. Otsailaren 22an piztu ziren lehen protestak, sare sozialen bidez antolaturikoak, eta atzo ere dozenaka mila aljeriar kalera atera ziren Abdelaziz Buteflika jarduneko presidentearen aurka protesta egiteko. Arrazoia zera da: Buteflikak apirilaren 18ko presidentetzarako bozetara aurkezteko asmoa duela, eta, horiek irabaziz gero, bosgarren agintaldia lukeela jarraian boterean. Herritar askorentzat, ordea, ezinbestekoa da aldaketa baten beharra, egungo jarduneko presidenteak denbora gehiegi pasatu duelako boterean, eta ez duelako jakin aljeriarren arazoak konpontzen; batez ere, gazteenen arazoak. Pobrezia, migrazioa —Frantziara eta Espainiara— eta itxaropen falta, horiek dira gazte gehienen etorkizuna, kalean salatu dutenez.

Buteflika Suitzan dago otsailaren 24az geroztik, «ohiko zaintzak» jasotzeko, eta herrialdera gaur edo bihar itzultzeko asmoa du. Presidente karguan dago 1999ko presidentetzarako bozak irabazi zituenetik —iruzur salaketak zirela medio—, eta Nazio Askapenerako Frontearen (FLN) hautagaiak lau legealdi jarraian egin ditu boterean; 2014an, eri egon arren, bozetara aurkeztu zen, eta horiek irabazi zituen —parte hartzea %50 inguru izan zen—.

Oraingoan, ordea, 81 urteko agintariak inoizko oposiziorik handiena du kalean, gazte aljeriarrek aldaketarako nahia baitute; sare sozialen bidez, sekulako arrakasta lortu duten mobilizazioak antolatu dituzte, eta atzokoek Aljer hiriburua paralizatu zuten, baita beste hainbat hiri ere. Aljerian, 30 urte baino gutxiago dituzte herritarren %54k (22,5 milioi), eta askok diote ez dutela inoiz ikusi presidentea hizketan, ez dakitela nor den; izan ere, Buteflikak 2012ko maiatzean eman zuen azken diskurtsoa jende aurrean, eta 2014ko bozen kanpainan ez zen ezta mitin batean ere egon. Bi gertakari horien artean, bihotzekoa izan zuen, eta harrezkeroztik eri dago.

«Buteflika joan zaitez», «botere hiltzailea», «herriak erregimena erortzea nahi du», «ez gara geldituko» eta beste hainbat mezu eta oihu entzun ziren atzo agintari beteranoaren aurka Aljerren —hamar bat gazte zauritu zituen Poliziak—, Oranerrian, Konstantinan eta Sidi Bel Abbesen, esaterako. Ahmed Uyahia lehen ministroak manifestariei ohartarazi die «hamarkada beltzetara» itzultzeko arriskua dagoela —1992 eta 2002 arteko gerra zibilera; 300.000 pertsona hil zituzten—, baina gazteek ez dute garai hori ezagutu, eta badirudi mehatxu horrek ez duela eraginik izan: «Patua berreskuratu nahi dugu», oihukatu zuten Aljeriako manifestazioan.

Gazteek, gainera, ohiko bideetatik at antolatu dituzte protestak, alderdi politikoen parte hartzerik eta inplikaziorik gabe egin dituztelako; oraingoz, horiek ikusle gisa erreparatzen diote Aljeriako jarduneko presidentearen aurkako protesta sortari.

Kritiken artean dago sistema zaharkitu dela eta presidenteak ez duela jakin ekonomiaren egoera bideratzen. Petrolioa du oinarri Aljeriak, baina horren prezioaren jaitsierak gogor jo zuen herrialdea. Ekoizpena nabarmen jaitsi da hamar urtean: 2008an, ia 2 milioi upel betetzen zituzten egunero, baina, iaz, kopuru hori 1,5 milioira jaitsi zen. Eta, epe berean, brent petrolioaren urteko batez besteko prezioa 111,2 dolarretik 59,4ra jaitsi da, eta upelen kontsumoa igo egin da, eguneko 309tik 401era. Presidenteari, beraz, leporatzen diote ez duela ekonomia egoera berrira egokitu; horregatik, manifestariek ohartarazi dute protestak ugarituko dituztela Buteflikak ez badio hautagaitzari uko egiten.

Frantziaren jarrera

Frantziak kezka handiz begiratzen dio asteotako manifestazio sortari. Emmanuel Macron presidenteak hainbatetan deitu dio Frantziaren Aljeriako enbaxadoreari, eta Parisera joateko eskatu dio, egoeraren berri emateko. Orain arte, kolonizatzaile ohiak honako hau bakarrik esan du: «Interes asko ditugu. Frantziarrak han bizi dira, eta aljeriarrak, hemen». Zuhurtzia gailendu da, baina datozen asteotako gertakariek Macronen jarrera alda lezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.