May: «EBtik ateratzeko data oraindik ere Komunen Ganberaren erabakia da»

Erresuma Batuko lehen ministroa diputatuei mintzatu zaie, «eginbide nazionala» bete dezaten. 'Brexit'-a urriaren 31ra atzeratzea onartu du Londresek

Komunen Ganbera, atzoko saioan. Theresa May lehen ministroa eskuinean dago, diputatuei hizketan. JESSICA TAYLOR / EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroarentzat, pilota diputatuen teilatuan dago orain. Europar Kontseiluaren proposamena onartu eta ordu gutxira, May Komunen Ganberan izan zen atzo, ordezkariei azalpenak eman eta orain arteko mezua berresteko: maiatzaren 22a baino lehen onartzen badute brexit-aren akordioa, Erresuma Batuak ez du maiatzaren 23 eta 26 bitartean egitekoak diren Europako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartu beharko. Finean, presioa diputatuengan jarri nahi izan zuen: «EBtik [Europako Batasunetik] ateratzeko data oraindik ere ganbera honen erabakia da».

Bi asterako bada ere, brexit-aren prozesuak atseden pixka bat izango du Komunen Ganberan. Diputatuek atzo izan zuten Pazko aurreko azken saioa, eta hilaren 23an itzuliko dira lanera; Erresuma Batuko lehen ministroak eskatu zien tarte horretan auziaz ongi pentsatzeko, brexit-a gauzatzeko «eginbide nazionala» dutela argudiatuta.

Ia sei orduko goi bileraren ostean, EBko gainontzeko 27 estatu kideek atzoko ordu txikietan helarazi zioten Mayri euren proposamena: irteera data sei hilabetez atzeratzea, urriaren 31ra arte, Halloween egunera arte —egungo Europako Batzordearen azken eguna—. Atzerapenak, baina, «beharrezkoa den luzera» izango du eta, Erresuma Batuko eta Europako parlamentuek data hori baino lehen onartzen badute ituna, Erresuma Batua lehenago aterako da EBtik. Hori bai, baldintza batzuk zehaztu zituzten estatu kideek: batetik, Erresuma Batuak maiatzeko bozetan parte hartu beharko duela, maiatzaren 22rako ez badu akordioa onartu; bestetik, data horretarako ez balu ituna onartu, eta halere Europako hauteskundeetan ez parte hartzeko erabakia hartuko balu, ekainaren 1ean aterako litzateke EBtik, akordiorik gabe; eta, azkenik, bigarren atzerapenak irauten duen tartean, Londres modu «eraikitzailean» eta «arduratsuan» arituko da EBren auzietan. Baldintza horiek guztiak betetzen ote dituen zehazteko, estatu kideek egoeraren errepasoa egingo dute ekainaren 20 eta 21 arteko Europar Kontseiluaren goi bileran.

EBk, beraz, egin du bere eskuetan zegoen guztia. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak atzo gogorarazi zuen gisara, orain «egitekoaren bidea Erresuma Batuaren eskuetan» dago. Horregatik, Tuskek diputatuei eskari zehatza helarazi zien: «Mesedez, ez galdu denbora hau».

Bigarren aldia da bi aldeek brexit-aren eguna atzeratzen dutela. Martxoaren 29an behar zuen, gero gaurko datara atzeratu zuten, eta, azkenik, urriaren 31ra luzatu dute. Zer gertatuko da egun horretarako ez badute akordioa onartzen? Bi aldeetako inork ere ez du hirugarren luzapenik ukatu, eta Lisboako Ituneko 50. artikuluak ez dio mugarik jartzen atzerapen kopuruari.

Urriaren 31ko data onartu arren, Mayk atzo argi utzi zuen ez dela haren gustukoa, soilik ekainaren 30era artekoa eskatu baitzuen; haren iritziz, 27ek jarritako baldintzak «zorrotzak» dira, baina jakin bazekien atzoko goi bileratik aterako zen proposamena onartu beharko zuela.

Negoziazioak eta dimisioa

Lehen ministroari geratzen zaion aukera bakarra da Alderdi Laboristarekin dituen negoziazioetatik zerbait ateratzea. Atzo azaldu zuenez, «jendeak uste baino adostasun handiagoa dago» bi aldeen artean, baina oraingoz ez dira ados jarri, nahiz eta aduana batasunean jarraitzearen ideiak indarra hartu duen. Halere, gobernuak argi utzi zuen negoziazio horiek epemuga bat izango dutela, ez baitituzte jarraituko «jarraitzearren».

Testuinguru horretan, Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek negoziazio horietan parte hartzeko eskaria egin zion Mayri, baina ezezko borobila espero da haren partetik. Bien bitartean, denbora aurrera doala, lehen ministroaren alderdikideen artean handitzen ari dira dimititzearen aldeko presioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.