«Taiwan herrialde hobea da»

Sexu berekoen arteko ezkontzak onartu dituen Asiako lehen estatua bihurtu da Taiwan. Gobernuaren lege proposamena onartu dute. Galdeketako emaitzak aintzat hartu ez izana kritikatu du oposizioak

LGTBI kolektiboaren jarraitzaileak, atzo, Taiwanen, legebiltzarrak legea onartu duela ospatzen. RITCHIE B. TONGO / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Tsai Ing-wen herrialdeko presidenteak Twitter bidez nabarmendu nahi izan zuenez, «Taiwan herrialde hobea da» atzotik. «Pauso handi bat eman dugu benetako berdintasunerantz». Hango parlamentuak aurrera atera zuen atzo sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak onartzeko lege proiektua, gobernuak aurkeztutakoa; hala, Asian eskubide hori legeztatu duen lehendabiziko herrialdea bilakatu da.

Duela bi urteko maiatzean Auzitegi Konstituzionalak irekitako bidetik jo du legebiltzarrak. Izan ere, auzitegiak orduan ebatzitakoaren arabera, indarrean zegoen legea konstituzioaren aurkakoa zen. Legea aldatzeko Konstituzionalak 2017an emandako epea amaitu baino astebete lehenago hartu du erabakia legebiltzarrak. Dena dela, ez dute kode zibila aldatuko, baizik eta lege berri bat sortuko dute.

Alderdi Demokrata Progresistak, Tsairen alderdiak, gehiengoa dauka parlamentuan —113 eserlekuetatik 68—, eta hori baliatu zuen legea aise onartzeko: 66 diputatuk bozkatu zuten alde, eta 27k kontra. Auziari buruzko hiru lege proiektuz eztabaidatu zuten ganberan, eta soilik boterean dagoen alderdiarenak aipatzen zuen «ezkontza» hitza.

Adoptatzeko eskubidea ere onartu diete sexu bereko pertsonei, baina legeak muga batzuk dauzka. Izan ere, ezingo dute haurrik adoptatu, biologikoki ezkontideetako batena ez bada. Gainera, ez dituzte ezkontzak onartuko, ezkontideetako bat sexu berekoen arteko ezkontzak onartuta ez dauden herrialde batekoa baldin bada.

Parlamentuak onartutakoaren kontra dauden talde kontserbadoreen iritziz, ez da herritarren borondatea errespetatu. Auziari buruzko erreferendum bat egin zuten Taiwanen iazko azaroan, eta galderetako bat zen ea mantendu nahi zuten legezko definizio gisa ezkontza bat zela, «soilik», emakumezko baten eta gizonezko baten artekoa. 7,3 milioi herritarrek mantentzearen alde bozkatu zuten, eta 2,8 milioik kontra.

«Kabinetearen lege proiektuak ez die jaramonik egiten erreferendumeko emaitzei, eta hori onartezina da», kexatu zen Lai Shyh-bao, Kuomintang alderdiko kidea. Areago joan zen Geure Hurrengo Belaunaldiaren Zorionerako Koalizioa taldea. «Zazpi milioi pertsonak erreferendumean azaldutako borondatea zapaldu dute. Herritarrek masiboki kontraerasora joko dute 2020an», iragarri zuen ohar batean.

LGTBI kolektiboko kideek, berriz, parlamentuaren erabakia txalotu zuten. Legebiltzarrean eztabaida hasi aurretik ere, dozenaka milaka lagun kalera atera ziren Taipei hiriburuan. «Lortu duguna lortzea ez da erraza», azpimarratu zuen Victoria Hsuk, elkartze zibilerako eskubidea defendatzen duen Taiwango Aliantzako zuzendariak. Hain zuzen, Hsuren taldeak aholkatu zuen Chi Chia-wei LGTBI aktibista historikoa, Konstituzionalean salatu zuenean sexu berekoen arteko ezkontzak debekatzea konstituzioaren kontrakoa zela.

Legebiltzarrak onartutako legea gorabehera, «berdintasunaren aldeko borrokan» jarraituko dutela adierazi zuen Jennifer Luk, Ezkontza Berdintasunerako Taiwango Koalizioko koordinatzaileak. «Diskriminazioaren, jazarpenaren eta genero berdintasuna bermatzen duen hezkuntzaren alde jarraituko dugu borrokan».

Asiako egoera

Taiwan herrialde aitzindaria da Asian, LGTBI kolektibokoen eskubideak onartu dituelako. Pixkanaka ari dira legeak aldatzen. Vietnamek ezkontza homosexualak onartzen ditu 2015etik, baina ez die legezko aitortzarik ematen. Indiak iaz despenalizatu zuen homosexualitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.