Konfiantza eta beharra

Sasoiko lehen derbia jokatuko dute gaur Osasunak eta Eibarrek, Sadarren. Nafarrek aurreneko garaipena lortu nahi dute gotorleku bihurtutako zelaian. Eibar hasierako itxura hobetzen saiatuko da

Konfiantza eta beharra.
enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Ausartentzako derbia izango da Osasunak eta Eibarrek gaur Iruñean jokatuko dutena. Koldarkeriak eta zuhurtziak ez dute tokirik izango. Joko bipilaren zaleak dira Jagoba Arrasate eta Jose Luis Mendilibar, eta horren isla izango da gaur arratsaldean Sadarren ikusiko dena. Bada alderik bi teknikarien eskuliburuetan, baina biak dira futbol bizi, oldarkor eta erasokorraren aldekoak. Jardunaldi bakoitzean jokalariek kemena pilatu behar izaten dute haien esanak betetzeko. Bada, orain, errazago adoretuko dira gorritxoak, 0-1 irabazi baitzioten Leganesi ligako estreinako lehian. Eibar, aldiz, esku hutsik itzuli zen Mallorcaren zelaitik (2-1), eta sasoiko lehen puntuak batzeko premiarekin iritsiko da Iruñera.

Osasunak Sadarren bermea izango du bigarren garaipena kateatzeko. Iragan sasoian, behin ere ez zuen galdu han, eta jarraian irabazi zituen han jokaturiko azken hamazazpi partidak. Nafarrek badakite ezinezkoa dela halakorik egitea Lehen Mailan, baina, dena den, ahalik eta puntu gehien bildu nahi dituzte etxean; lehen hirurak gaur, aurkari zuzen baten aurka.

Horretarako, ordea, Butarquen baino gauza gehiago erakutsi beharko dituzte. Hala uste du, bederen, Arrasatek. «Irabazteko, Leganesen aurka baino hobeto jokatu beharko dugu. Ez genuen baloia behar bezala erabili». Alde horretatik, «aurrerapauso bat emateko» eskatuko dio taldeari.

Teknikari gorritxoak derbi «zirraragarria» espero du. Ez dauka zalantzarik: Eibar ere «partidaren bila» irtengo da. «Haien jokoa aurkariaren zelaian aritzean eta baloi aske guztiak borrokatzean datza». Hori horrela, garrantzi handia eman dio hegalak behar bezala ixteari. «Erdiraketa asko egiten uzten badiegu, arazoak izango ditugu».

Osasunan ez da ariko Perea. Erdilariak min hartu du, eta gutxienez gaurko lehia galduko du. Arrasatek hura ez beste jokalari guztiak sartu ditu deialdian; sasoiko lehen partidan egon ez ziren Ruben Garcia, Adrian, Roncaglia, Navas eta Otegi barne. Jokalari berriak «Sadarko partiden dinamikara» egokitzeko hartu du erabaki hori.

Erne egon behar du

Eibarrek gaizki ekin zion Mallorcaren aurkako neurketari. Laugarren minuturako markagailuan atzetik zegoen jada. Hori horrela, partidari neurria ahalik eta azkarren hartzen saiatuko dira gaur gipuzkoarrak. «Ez bagara haien grina berberarekin ateratzen zelaira, zaila izango da ezer onik lortzea», adierazi du Mendilibarrek. Arretari eustearen garrantziaz mintzatu da prestatzaile zaldibartarra. «Osasuna talde deseroso eta erasokorra da. Partida gogorra izango da. Ez da erraza, baina une oro erne egoten eta erabaki zuzenak hartzen saiatu behar dugu».

Aldaketak espero dira Eibarren hamaikakoan. Arbilla Tejeroren ordez aritu liteke defentsako ezker hegalean, eta, zelai erdian, Expositok Escalanteren lekua har lezake. Diop osatu da, baina oso goiz da oraindik hasieratik aritu dadin. Aurrean, berriz, Mendilibarrek Charles ipin lezake Enrichen aldamenean, Kike Garciaren kalterako. Teknikari bizkaitarrak ondo ezagutzen du gaurko aurkaria, lau denboraldi —bi osorik— eman baitzituen Osasunan. Quique aurrelariak, berriz, Iruñean jokatu zuen orain dela bi sasoi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.