Erreferendum itxurako bozak egingo dituzte abenduan Erresuma Batuan

Abenduaren 12an egingo dira bozak, oposizioak egun horri zuzenketa aurkeztu arren. Europako Batasunak «formalki» onartu du 'brexit'-erako luzapena

Johnson, Corbyni hitz egiten ari zitzaiola, astelehenean, Komunen Ganberan. JESSICA TAYLOR / EFE.
Iosu Alberdi.
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Erresuma Batuak hauteskundeak egingo ditu abenduan. Boris Johnson lehen ministroaren nahia zen, eta oposizioaren babesa izan du azkenean. Bozketarik ere ez dute behar izan. Alderdi Laboristako buru Jeremy Corbynek azaldu duenez, argi geratu delako ez dela brexit-ik egongo bozak gauzatu aurretik. Astelehenean, jada, SNP Eskoziako Alderdi Nazionala eta Alderdi Liberal-demokrata aurreratzearen alde agertu ziren. Datak eman ditu buruhauste nagusiak. Oposizioak, atzoko bilkuran, abenduaren 9an egitearen aldeko zuzenketa aurkeztu arren, diputatuen gehiengoak atzera bota du, eta abenduaren 12aren alde bozkatu du, Johnsonek nahi bezala.

«Herrialdeak aurrera egiteko aukera bakarra brexit-a gauzatzea da», azaldu zuen Johnsonek, atzo. Horretarako, beharrezko jo zuen gobernuaren aurkako «eragozpen parlamentarioak» amaitzea: «Parlamentua berritu eta herritarrei ahotsa ematetik igaro beharra dago».

Astelehenean, hauteskunde legeari men eginez, Komunen Ganberako bi herenen babesa bilatu zuen Johnsonek bozak aurreratzeko. Aldeko 299 boto lortu zituen gobernuak, oposizioaren babesik gabe, beharrezko 434etatik urrun. Bide egiteko modua, ordea, liberal-demokratek eta SNPk erakutsi zioten: lege proposamen bidez egitea.

Ideia bere eginda, Parlamenturako Hauteskunde Orokorrak Aurreratzeko Legea aurkeztu zuen atzo gobernuak. Abenduaren 12ra bozak aurreratzeko lege proposamena, Komunen Ganberan gehiengo soilez aurrera atera zitekeena. Lehen tramitea bozketa beharrik gabe gainditu zuen. Beraz, ondo bidean, aurrerapena gauzatuko da.

Laboristek iritzia aldatu zuten atzo, eta aurrerapenari bide eman. Bere kabinetearekin eginiko bileraren ostean, Corbynek adierazi zuen alderdia prest dagoela hauteskundeak aurreratzeko, baina akordiorik gabeko brexit bat gauzatzeko arriskuaren aurrean hartu zutela lehen instantzian aukera atzera botatzeko erabakia. «Orain jakin dugu Europako Batasunetik [Lisboako Ituneko] 50. artikuluaren luzapena baieztatu dela. Beraz, akordiorik gabeko irteera mahaitik ateratzeko gure baldintza bete da». Izan ere, astelehenean adostu zituzten EBko estatu kideetako ordezkariek luzapenerako akordioaren nondik norakoak, eta Johnsonek egunean bertan erantzun zien onartzen zituela, berak hala nahi ez arren. Europar Kontseiluko presidente Donald Tuskek atzo adierazi zuen beharrezko azken xehetasuna bete zela, estatu kideetako gobernuen baieztapena: «27ek formalki onartu dute luzapena. Azkena izan beharko litzateke. Mesedez, eman erabilerarik onena denbora honi».

Nork eta noiz bozkatu

Johnsonek lortu zuen legearen tramitaziorako beharrezko boto kopurua. Haren nahiaren aurka, ordea, oposizioak zuzenketak ezartzeko aukera izan zuen.

Hauteskundeak aurreratzea onartu arren, oposizioa ez zetorren bat Johnsonek ezarritako egunarekin. Unibertsitateko ikasleek orduan hartzen dituzte oporrak, eta, bozak hilaren 12an eginez gero, horiek desmobilizatuko liratekeela uste dute alderdiek. Kontuan izan behar da gazteen botoak garrantzi berezia duela brexit-aren gaian. 2016ko erreferendumean bozkatu zuten 18 eta 24 urte arteko gazteen %71k EBn geratzearen alde egin zuen. Astelehenean, SNPk eta liberal-demokratek abenduaren 9a aipatu zuten egun posible gisa, eta laboristekin batera aurkeztutako zuzenketak nahi hori berretsi zuen atzo. Halere, ez zen aurrera atera. Zuzenketak aldeko 295 boto izan zituen, eta aurkako 315.

Abenduaren 12ak, berriz, aldeko 438 boto lortu zituen —20 kontra—. Eguna aldatzearen aurkako Johnsonen argudio nagusia denbora falta izan da. Izan ere, legearen arabera, Komunen Ganbera bozak gauzatu baino 25 lan egun lehenago desegin behar da. Horrek eskatuko luke deialdia, beranduenez, ostiral honetan egitea. Denbora tarte txikiegia legearen tramitazioa aurrera eramateko, gobernuaren esanetan. Gauza bera gertatuko litzateke Ipar Irlandako aurrekontuarekin ere. Ez luke onartzeko denbora emango.

Dataz harago, erregistratuta dauden EBko herritarren —udal eta Europako hauteskundeetan bozkatu dezakete—, eta 16 eta 17 urteko gazteen boto eskubidea ere atera zen eztabaida mahaira. Laboristek, liberal-demokratek eta SNPk aurretiaz aipatutako gaia da. Halere, ganberako mahaiak ez zituen onartu horien inguruko zuzenketak. Aurretik, halako aldaketa bat egitearen aurka agertu zen Johnson, zuzenketak bozkatu eta onartu balira, lege proposamena atzera botatzearekin mehatxu zuen gobernuak.

Garbia dago bigarren erreferendum baten itxura hartuko dutela hauteskunde berri horiek. «Asmo handiko kanpaina erradikal bat jarriko dugu martxan benetako aldaketa baterako», adierazi zuen atzo Corbynek.

Bercowren agur luzea

Komunen Ganberak burutu beharreko beste lanetako bat atzeratu daiteke hauteskundeak aurreratzeko tramitazioaren ondorioz. Ganberako presidente John Bercowk aspaldi adierazia zuen ostegun honetan kargua utziko zuela, baina hainbat diputatuk eskatu diote tramitazioa gauzatu arte karguan mantentzeko —ostegunean amaitu daiteke, baina baita datorren astera arte luzatu ere—. Bercowk bera ordezkatzeko hautagaien esku utzi du erabakia, adierazita ez duela nahi ostegunetik aurrera karguan mantendu, baina hala egingo duela hala eskatuz gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.