El Salvadorko Gobernuak Gorenaren kautela neurriak onartuko ditu

Bukele presidenteari debekatu egin diote militarrak erabiltzea konstituzioaren kontrako helburuak betetzeko. Estatuburua kexu agertu da, baina agindua beteko duela adierazi du

Nayib Bukele presidentearen azken ekintzen aurkako protestak, herenegun, San Salvadorren. MIGUEL LEMUS / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Krisi instituzional batean murgilduta dago El Salvador, eta goraka doa tentsioa. Igandean, legebiltzarrera militarrak sarrarazi zituen Nayib Bukele presidenteak, eta parlamentuak «estatu-kolpe saiakera» gisa definitu du ekintza hori. Halaber, presidentearen aurkako kautela neurriak hartzea erabaki du Auzitegi Konstituzionalak:besteak beste, konstituzioaren kontrako helburuak gauzatzeko militarrak baliatzea debekatu dio Bukeleri, baita parlamenturako saioetara deitzea ere —datorren iganderako deitua zuen hurrengora—.

El Salvadorko Gobernuak ez du begi onez ikusi auzitegiaren ordena, nahiz eta, epaia irmoa izan aurretik ere, agindua beteko duela ziurtatu duen. Komunikatu batean, ohartarazi du neurriek euren lana «oztopatu» dezaketela, eta herriaren interesen inguruko «benetako kezka» adierazi dutela une oro.

Horiek horrela, herritarren nahiei erreparatzeko eskatu dio auzitegiari: «Segurtasunari dagokionez errepublikak dituen egungo interesak kontuan hartu behar dituzte. Egiten duten interpretazioan, konstituzioak momentuko errealitatera egokitu behar du». Igandeko jokabidea justifikatzeko tartea ere hartu du presidenteak, eta botereen banaketarekin «errespetuz jokatu» duela nabarmendu du. Estatuburuaren arabera, igandean deitutako saioak ez zuen bozketa inposatzeko helbururik, baizik eta konstituzioko 167. artikuluak Ministroen Kontseiluari ematen dion «ahalmena baliatzekoa». Artikulu horrek ministroei modua ematen die parlamentuan ezohiko saio batera deitzeko,«errepublikaren interesek hala eskatzen dutenean».

Ika-mika eragin du Bukeleren jarrerak, eta hainbatek errefusatu dute hark baliatutako militarizazioa. Herenegun eginiko manifestazioan, mezu argia zabaldu zuten erakundeek: «Nayib Bukele presidenteak modu neurrigabean erabili du armada. Ekintza horrek frogatzen du zer-nolako ezintasuna duten legebiltzarreko eta gobernuko ordezkariek erabakiak hartzeko mekanismo arruntak erabiltzeko orduan». Estatuburuak, baina, entzungor egin die salaketei, eta, oraingoz, garrantzia kendu dio egindakoari.

Gatazka

Lurralde Kontrolerako Egitasmora bideratu nahi den 109 milioi dolarreko maileguak sortu du eztabaida, eta hori izan da igandean piztu zen ekaitza eragin duen metxa. Gaizkile taldeak desegiteko neurriak bultzatu nahi ditu presidenteak, eta tematuta dago hori lortzearekin. Horretarako, ordea, parlamentuko gehiengoaren onespena behar du, eta ezinean dabil nahikoa babes inguratzeko. Iragan osteguneko aurreneko ahaleginean kale egin ondoren, ezohiko saio batera deitu zuen iganderako. Oposizioak ez zuen onetsi, eta iragarri zuen ez zela agertuko. Estatuburuak, alabaina, ez zuen etsi, eta militarrak bidali zituen diputatuen bila, eztabaidara joan zitezen. Horrez gain, armada jarri zuen behe ganbera zaintzen. Bigarren saiakera horretan ere huts egin zuen Bukelek, eta, gainera, erabilitako moduek zalaparta eta kexak sortu dituzte. Mailegua onartzeko presio egin nahi izan zuen, eta ezin okerrago atera zaio jokaldia.

Eskuineko GANA Nazio Batasunerako Aliantza Handiaren burua da Bukele, eta haren alderdiak hamar ordezkari soilik ditu 84 eserlekuko parlamentu horretan. El Salvadorko agintean urte luzez egon diren bi alderdi historiko ditu oposizio: bata, FMLN, Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea, eta bestea, Arena, Aliantza Errepublikar Nazionalista.

Planaren alde iluna

Delinkuentziari aurre egiteko plan baten atzean dago zurrunbilo osoa. El Salvadorren dagoen indarkeria tasa murriztea du helburu gobernuak, eta horretarako jarri zuen abian proiektua 2019ko ekainean, presidente kargua hartu eta berehala. Herritarrentzat erakargarriak dira planeko asmoak, eta Bukelek horren eraginkortasuna azpimarratu zuen atzo: «Hilketen datuek nabarmen egin dute behera. Eragozpen guztiak gorabehera, egitasmoak funtzionatzen du. Badakigu asko falta dela egiteko, eta, hori dela eta, garrantzitsua da aurrera egiteko nahikoa baliabide izatea».

Emaitzez harago, ordea, presidenteak ezarritako segurtasun politikak badu bere alde iluna. Nagusiki, hiru eremutan jarria du ikuspuntua: espetxeen inguruko kontrola izatean, maren finantzaketa etetean eta militarren presentzia areagotzean. Haatik, ez ditu kontuan hartzen El Salvadorko gazte talde bortitzen gizarteratzea eta indarkeriaren prebentzioa. Ez du, beraz, arazoa errotik heldu eta horren inguruan sakontzen.

Parlamentuko diputatuei, dena den, beste kontu batek eginarazi die atzera: gardentasun faltak. Jakinekoa zen militarrak hornitzeko erabili nahi duela mailegua Bukelek. Kongresukideek errekurtsoen erabileraren inguruko datu gehiago eskatu dituztenean, ordea, ez die kasurik egin presidenteak. Horren ordez, mailegua onartzeko estutu ditu—parlamentuan izandako militarren presentzia da adibiderik garbiena—. Krisia agerikoa da, eta ikusteko dago zer urrats egingo dituzten bi aldeek hori baretzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.