Mexikok gogortu egingo ditu indarkeria matxistaren kontrako zigorrak

25 urteko emakume baten eta 7 urteko haur baten hilketek protesta oldea eragin dute. Oposizioak ekintza plan zehatzik ez aurkeztea egotzi dio gobernuari

Fatima Aldrighettiren hileta. 7 urteko haurraren gorpua joan den asteburuan aurkitu zuten, Mexiko hirian, poltsa batean sartuta. SASHENKA GUTIERREZ / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ingrid Escamilla eta Fatima Aldrighettiren kasuek haserrea eragin dute Mexikon. Escamillak 25 urte zituen, eta otsailaren 9an aurkitu zuten hilik. Haren bikotekideak aitortu zuen labankadaz hil eta zatikatu egin zuela. 7 urteko Aldrighettiren gorpua, berriz, eraikuntza lanetan ari ziren eremu batean agertu zen, poltsa batean, tortura zantzuak zituela. Lau egun lehenago desagertu zen.

Bi kasu horien berri izan bezain laster, protestak piztu ziren Mexikon. Egoera ez da berria. Datu ofizialen arabera, emakumeen hilketek gora egin dute 2015etik. 2018a izan zen azken 29 urteetan hilketa gehien egin zen urtea: 3.752 emakume hil zituzten orotara: batez beste, egunean hamar. Adituek salatu dute arazoa instituzioetaraino heldu dela, eta auziari behar bezala ez erantzutea egotzi diote Andres Manuel Lopez Obradorren gobernuari.

Protestak baretze aldera, Zigor Kodea aldatu eta feminizidioagatiko zigorrak gogortuko ditu Mexikoko Kongresuak. Aurrerantzean, 65 urterekin zigortuko da emakume baten hilketa —lehen baino bost urte gehiago—, eta hamar eta hemezortzi urte arteko zigorrak jasoko dituzte 15 urte baino gutxiagoko nesken aurkako sexu abusuak egiten dituztenek. Horrez gain, indarkeria matxistagatik ezarritako zigorrak eta ikerketak oztopatzen dituzten langile publikoen aurkakoak ere gogortu dituzte.

Neurriek, ordea, ez dituzte baretu Lopez Obradorren aurkako kritikak. Oposizioak «enpatia eta sentsibilitate» falta egotzi dio buruzagi ezkertiarrari, eta «egitasmo zehatz baten beharra» nabarmendu du. Lopez Obradorren esanetan, «gizarte hobea» eraikitzea da «beharrezkoena», nahiz eta egin beharreko lanak izan zaintza eta Poliziaren lana hobetzea. «Erregimen ustela atzean uzten dugunean, ez da biderik izango eskubide urraketak egiteko, lurraldea suntsitzeko, bidegabekeriarik gertatzeko».

Oposizioa, baina, ez dator bat harekin. «Gerta liteke neoliberalismoak eragindako berdintasunik ezak feminizidioak bultzatu izana. Baina emakumeok eskatzen duguna ez da diagnostiko bat, Mexikoko Estatu osoa barneratuko duen erantzun argi bat baizik», adierazi du agintean den alderdiko diputatuetako batek, Lorena Villavicenciok.

Ekintza plana

Zigor Kodearen erreformak Kongresuko 415 diputaturen babesa jaso du, baina horietako askok—besteak beste, emakumezko diputatu guztiek— ekintza plan baten beharra azpimarratu dute. «Instituzioek diagnostikoa egin dute, baina hor geratu dira, eta horrek argi uzten du ez dutela ekintza planik, herrialdeko instituzioetako bakoitzari jarraitu beharreko urratsak zehaztuko dizkiona».

Emakumeen aurkako erasoak ez dira hilketak soilik. 2018 eta 2019 bitartean, emakumeen bahiketek %24 egin zuten gora, Bahiketak Gelditu erakundeak jasotako datuen arabera. Duela bi urte, 1.834 pertsona bahitu zituzten, eta haietatik 330 emakumezkoak ziren (%17,9); iaz, berriz, 1.887 izan ziren bahituak, eta haietatik 410 (%21,7) ziren emakumezkoak. «Alegia, gero eta gehiago dira emakumeak», salatu du erakundeak.

Miranda Wallacek zuzentzen duen erakundearen arabera, iaz bahitutako emakumeetatik %90 inguruk sexu indarkeria ere jasan zuen, baina oso gutxik salatu zuten. «Ezin diegu egotzi salaketarik ez jartzea. Justizia sistemak huts egiten die, eta gizarteak erruduntzat jotzen ditu. Bahitzen dituztenean, askatasuna ukatzeaz gain, duintasuna eta osotasun fisiko eta psikologikoa ere ukatzen dizkiete, eta maiz bizia ere kentzen diete».

Komunikabideen rola

Emakumeen eskubideen aldeko taldeek komunikabideen jokabidea ere salatu dute, gobernuaren eta instituzioen lana ez ezik. Escamillaren kasuan, esaterako,La Prensa egunkariak haren gorpuaren irudiak argitaratu zituen azalean, «Kupidoren akatsa izan da» titulupean. Kazetak defendatu egin du argitaratutakoa, eta adierazi du prest dagoela bere lerro editorialaz eztabaidatzeko, betiere justiziak hala eskatzen badio.

Ekintzaile eta adituek ohartarazi dute instituzio guztiak aintzat hartuko dituen egitasmo orokor bat behar dela, indarkeria matxista murriztuko bada. Horretarako egin beharreko urratsak ere zehaztu dituzte: lehenik, Mexikon emakumeen aurkako indarkeriak nabarmen gora egin duela aitortzea; gero, gobernuaren ezohiko bilera bat egitea emakumeen eskubideen arloan zer urrats egin diren aztertu eta justizia arloan zer egin daitekeen zehazteko; elkarte feministekin eta biktimen elkarteekin biltzea lege arloan egin beharreko urratsak aztertzeko; eta, azkenik, egindako aldaketak betetzen direla bermatuko duen jarraipen batzorde bat sortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.