Gehiengo osorako bi aulkiren faltan

Botoen %90 zenbatuta, Likudek irabazi ditu bozak Israelen. Eskuineko bloke erlijiosoa gehiengo osoa lortzeko zorian gelditu da. Netanyahuk esan du gobernua osatuko duela

Benjamin Netanyahu hauteskunde garaipena ospatzen, atzo, bere jarraitzaileen aurrean, Tel Aviven. ATEF SAFADI / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak bere «bizitzako garaipenik handiena» lortu du joan den asteleheneko Israelgo Parlamenturako bozetan. Botoen %90 zenbatuta, aurreko emaitzak hobetzea lortu du, hiru ustelkeria kasutan auzipetuta egon arren eta haren kontrako epaiketaren itzala gain-gainean izan arren —martxoaren 17an aurkeztu beharko du epailearen aurrean—. Likud bere alderdiak garaipena eskuratu arren, Netanyahuk ez du ziurtatua gobernua osatzeko babesa. Eskuineko bloke erlijiosoa gehiengo osoa lortzeko bi eserlekura gelditu baita.

Likuden aliatuekin gobernu «indartsu eta egonkorra» osatuko duela ziurtatu du Netanyahuk. Blokeo politikoa gainditzera deitu du. «Hauteskunde gehiago egitea eragotzi behar dugu. Arrakalak ixteko garaia da. Adiskidetzearen garaia da». Jarduneko lehen ministroak bere izendapena babestuko luketen alderdiekin hitz egin zuen atzo, eta gaur indar horiekin bilduko da. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu Israelentzat ona izango den gobernu nazional zabala eratzeko». Netanyahu 2009. urteaz geroztik da Israelgo gobernuburua.

Urtebete baino gutxiagoko epean Israelen egin diren hirugarren hauteskundeak izan ziren astelehenekoak. Iazko apirilean parlamenturako hauteskundeak egin ondotik, gehiengo osoa lortzeko zorian izan zen eskuineko blokea. Eserleku bakarrera gelditu zen —60 parlamentari—. Gobernua ziurtatzeko boto bakar baten faltan, parlamentua desegin eta beste hauteskunde batzuk egin behar izan zituzten, irailean. Orduan ere ez zuten blokeo politikoa gainditzea lortu. Netanyahuk ez zuen bere bloketik kanpo babesik eskuratu. Oraingoan, gobernua eratuko duela hitzeman badu ere, Benny Gantz Urdina eta Zuria ezker-zentroko koalizioko buruak aditzera eman du Netanyahuk kargua berritzeko babes nahikorik gabe jarraituko duela. Haren esanetan, atzoko emaitzak apirileko hauteskundeetakoen «berdinak» dira «esanahi politikoaren aldetik».

Gobernua airean

Behin betiko emaitzen zain, botoen %90 zenbatuta, Likudek 36 eserleku lortuko lituzke. Aurreko bi bozetako emaitzak hobetuko lituzke: 35 ordezkari eskuratu zituen apirilean, eta 32 irailean. Eskuineko blokeko Yamina, Shas eta Toraren Judaismo Batua alderdien eserlekuak batuta, 59 ordezkarien babesa izango luke Netanyahuk —Israelgo Parlamentuak 120 ordezkari ditu, eta 61 parlamentari behar dira gehiengo osorako—.

Likuden atzetik, Urdina eta Zuria ezkerreko eta zentroko koalizioa izan da bigarren indarra, 32 eserlekurekin. Iazko apirilean lortutakoak baino hiru ordezkari gutxiago lirateke, eta irailean eskuratutakoak baino bat gutxiago. Gantz koalizioko hautagai nagusiak «etsipena eta mina» adierazi ditu: «Ez dira Israel bide onetik eramango duten emaitzak».

Netanyahuk bozak irabazi baditu ere, «borrokan» jarraitzera deitu du Gantzek. «Batasun gobernu» bat eratzen ahaleginduko dela aurreratu du.

Ezker laboristak ere behera egin du. Zituen 11 eserlekuetatik lau galduko lituzke, eta zazpi ordezkarirekin geldituko litzateke.

Arabiarrak ordezkatzen dituen Zerrenda Batuak, berriz, inoizko ordezkaritzarik zabalena lortu du, hamabost parlamentari. «Emaitza historikoak», hautagaitzako arduradunen arabera. Parlamentuko hirugarren indarra izango da berriro ere.

Parte hartzea, gakoa

Parte hartzearen gorakadak azaltzen du, neurri batean behintzat, Likud alderdiaren hobekuntza; izan ere, %71 izan da, azken bozetan baino 1,2 puntu handiagoa. Koronabirusaren hedatzeak eragindako kezkak ez zituen boto emaileak izutu. Netanyahuk bere alderdiko jarraitzaileak aktibatzeko kanpaina egin du, eta estrategiak emaitza ona ekarri dio. Palestinako lurren auzia erabili du kanpainan. Bi neurri iragarri zituen, kolonoei begirakoak: batetik, jakinarazi zuen Jerusalem ekialdean 6.200 etxebizitza eraikitzeko proiektua garatuko duela; eta, bestetik, Zisjordania bitan zatituko lukeen kokagune bat eraiki nahi duela, Jerusalem ekialdean ere, Ramallah eta Betleem hirien arteko eremuan.

Kanpainan agindutakoei erreferentzia egin zien atzo Netanyahuk, hauteskunde garaipena ospatzeko hiriburuan emandako hitzaldian. Zisjordaniako zenbait eremuren gaineko subiranotasuna aldarrikatu zuen Israelentzako, AEBekin duen «aliantza historikoa» goratu zuen, «mehatxu irandarra» ezabatuko duela ziurtatu zuen, eta herrialde arabiar eta musulman gehiagorekin bakea landuko duela hitzeman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.