Talibanek negoziazioak baztertu dituzte preso guztiak askatu arte

Afganistango Gobernuak 5.000 preso taliban askatzeko dekretua sinatu du, baina iragarri du 1.500 baino ez dituela askatuko negoziazioei ekin arte. Oraingoz ez dira hasiko bake elkarrizketak

Afganistango militar bat. GHULAMULLAH HABIBI / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Afganistango Gobernuak urratsa egin zuen atzo, eta Ashraf Ghani presidenteak preso talibanak askatzeko dekretua sinatu zuen. Horrela, nolabait, bete zuen AEBek eta talibanek adostutakoa, baina erdizka eta nahieran: izan ere, 5.000 preso askatzeko hitza eman zuen otsailean sinatutako bake akordio historikoan, eta, hasteko, 1.500 preso askatuko dituela iragarri du gobernuak. Hala, zehaztu dute negoziazioak hasi ostean utziko dituztela libre gainontzeko 3.500ak.

Larunbatean ekingo diote presoak askatzeari, eta, azaldu dutenez, egunero ehun lagun utziko dituzte libre, 1.500era iritsi arte. «Haien osasun egoeraren eta zigorra betetzeko falta zaien epearen arabera askatuko ditugu», jakinarazi zuen atzo Sediq Sediqqi Presidentetzako bozeramaileak. Horrez gain, idatziz promestu beharko dute ez direla «frontera itzuliko».

Erabaki horrekin, elkarrizketei bide ematea da Afganistango Gobernuaren asmoa. Hain zuzen, talibanek ohartarazi zuten presoak askatu arte ez dutela gerraren amaieraren inguruko elkarrizketetan parte hartuko. Ghaniren proposamena, ordea, ez du begi onez ikusi talibanen buruzagitzak. Baldintza horiek bake akordioa urratzen dutela iritzi diote, eta, beraz, ez dela onargarria: «Ez dugu inoiz hitz egin presoak modu mailakatuan aske uzteaz. Ez zen hori otsailean adostu genuena». Ez dirudi, oraingoz behintzat, bake elkarrizketarik hasiko denik, eta ikusi beharko da zer gertatzen den gainontzeko presoekin.

Bestetik, AEBen eta talibanen arteko akordioak ez du espero izandako barealdia ekarri, eta hainbat eraso egin dituzte ordutik, nahiz eta aldeek indarkeria ekintzak murrizteko konpromisoa hartu zuten. Ituna sinatu zutenetik, orotara berrogei pertsona hil dituzte Afganistanen, horietatik 32 joan den astelehenean, EI Estatu Islamikoak bere gain hartutako tiroketa batean.

Era berean, okupazio indarrak erretiratzeko bide orria zehaztu zuten Dohako hitzarmenean—hamalau hilabeteko epean erretiratuko lirateke atzerriko tropak—, eta hasi dira hori betetzen. Lehen faseari ekin diote AEBek, eta, jakinarazi dutenez, 135 eguneko epean 8.600era murriztuko dute herrialdean duten militar kopurua; 13.000 inguru daude orain. Gero, ikusiko dute ea aldeak beren engaiamenduak betetzen ari diren, eta talibanek herrialdea bestelako talde armatuentzako aterpe izatea eragozteko neurriak hartzen dituzten.

Halere, Sonny Leggett koronelak eta okupazio indarren bozeramaileak azaldu zuen herrialdean dituzten «helburuekin jarraitzeko», oraingoz, mantendu egingo dituztela han dituzten aginte militarrak. Besteak beste, «Estatu Islamikoaren eta Al-Qaedaren aurkako operazio antiterroristekin» segitzeko.

Krisi politikoa

Talibanekin elkarrizketak lortzeko zailtasunez gain, Ghanik baditu bestelako arazoak ere. Izan ere,ezegonkortasun politiko betean murgilduta dago herrialdea. Haren aurkari nagusiak, Abdullah Abdullahk, bere burua presidente aldarrikatu du azken bozen ostean. Hauteskundeak joan den irailean egin zituzten, baina ustelkeria salaketa ugari izan ziren, eta, beraz, bigarren itzulia egin behar izan zuten otsailean. Soilik haren ostean erabaki zuen Hauteskunde Batzordeak Ghani garailetzat jotzea, eta horrek oposizioko indar nagusiaren haserrea eragin zuen.

Astelehenean egin zuen karguaren zina Ghanik berak, Afganistango eta nazioarteko hainbat ordezkariren aurrean. Minutu gutxi lehenago, ordea, gauza bera egin zuen Abdullahk berak ere. Talibanek «interes pertsonalen mesedetan» aritzea egotzi diete bi buruzagiei, eta ez dute bietako baten aldeko jarrerarik agertu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.