Zeelanda Berriko Parlamentuak urrats bat egin du abortua legeztatzeko

Krimenen Legetik kendu dute abortua. Orain arte hamalau urteko kartzela zigorra izan zezakeen. Justizia ministroak esan du 40 urtez abortua izan dela delitutzat jo den medikuntza prozedura bakarra

Abortuaren aldeko protesta bat, Australian. DAVID MOIR / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Zeelanda Berrian abortua legez kontrakoa izatea urte luzez izan da gatazka iturri, eta ohikoak izan dira hori errefusatzeko ekinaldiak. Bada, aldaketarako azken urratsa egin zuen atzo parlamentuak, eta Ordezkarien Ganberak abortua despenalizatzeko erreforma bat onartu zuen. Hortaz, hemendik aurrera ez dute delitutzat joko, eta haurdunaldiaren lehen hogei asteetan emakumeek ez dute justifikaziorik eman beharko hori egiteko.

Hirugarren irakurketan onartu dute diputatuek lege proiektua: 68k bozkatu dute alde, eta 51k kontra. Erreforma horren bidez, abortua Krimenen Legetik kendu dute; oraindaino, hamalau urte arteko espetxe zigorra izan zezakeen praktika horrek.

Andrew Little Justizia ministroaren arabera, aldaketa gauzatzearekin, «abortu segurua» legezko bilakatu da: «40 urtez, abortua izan da Zeelanda Berrian delitutzat jo den medikuntza prozedura bakarra. Gaurtik aurrera, osasun auzi gisa hartuko dugu».

Emakumeek lehen abortua egiteko «oztopo ugari» gainditu behar zituztela onartu du, eta horrek prozesua atzeratzea ekartzen zuela, baita osasunarentzat arriskutsuagoa izatea ere. Hala, gaurtik aurrera lehenago eutsiko diete «tratamenduei» eta «mediku aholkuei».

Erreformaren aurretik, bi medikuren baimena behar zen abortua lortzeko, eta horiek baiezkoa ematen zuten soilik haurdunaldia arriskutsua bazen emakumearen osasunarentzat. Orain, haurdunaldiaren lehen hogei asteetan ez dute lege probarik pasatu beharko; horren ostean soilik izango da derrigorrezkoa.

Parlamentuak eginiko saioan, auzia erreferendum bidez erabakitzeko aukeraz ere bozkatu zuten, baina ezezkoa gailendu zen, tarte handiagoarekin: 19-100.

Oro har, diputatuak pozik agertu ziren bozketaren emaitzarekin: «Gure abortuari buruzko aurreko legea duela 40 urtekoa zen, eta ez zituen kontuan hartzen egungo zientzia eta medikuntza praktikak», adierazi zuen Jan Logie Alderdi Berdearen diputatuak. Kontrako iritzia izan zuen, berriz, oposizioko Zeelanda Berriko Alderdi Nazionalaren diputatu Agnes Lohenik: «Gure gizatasunaren kontrako eraso bat da».

Bide luzea izan du erreformak. Lehen irakurketa 2019ko abuztuan egin zuten, eta baiezkoak gaurkoa baino alde handiagoa izan zuen (94-23); bigarren irakurketa, berriz, hilaren hasieran egin zuten, eta bi jarreren arteko tartea txikitu egin zen: 81-39. Azken bozketako emaitzak are estuagoak izan dira, baina, halere, nahikoa babes biltzea lortu du. Beraz, lege berria indarrean sartzeko, Patsy Reddy gobernadorearen sinadura baino ez da falta. Hots, tramite huts bat.

Urrats aurrerakoia

Terry Bellama Abortuaren Legea Aldatzeko Erakundeko zuzendariak argi azaldu zuen erreformaren garrantzia: «Urrats aurrerakoi bat da». Horrela, Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak bete du promestutakoa: hark abortuaren inguruko lege erreforma gauzatzea agindu zuen 2017an eginiko hauteskunde kanpainan, eta proiektua martxan jarri zuen agintea hartu eta berehala.

Herritarrek urte luzez egindako eskaria izan da abortuaren despenalizazioa. Hain zuzen, 1961ean onartutako legeak ezarri zuen praktika hori delitutzat. Gero, 1977an, moldaketa batzuk izan zituen, baina araudi berriak ere ez zuen jasotzen haurdunaldia borondatez eteteko aukera. 40 urte pasatu ondoren heldu da, azkenean, emakumeen eskubideen aldeko pausoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.