Lehen aldiz atzerritar bat auzipetu dute Hong Kongeko protestengatik

Txinak protestak sustatzea egozten die AEBei eta Erresuma Batuari. Beste hamabost herritar ere atxilotu dituzte manifestazioekin lotuta, tartean Alderdi Demokratikoaren sortzaile Martin Lee

Iazko protesten harira atxilotuak askatzeko egindako kontzentrazio bat, atzo, Hong Kongen. JEROME FAVRE / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Argazkia iazko udakoa bezain jendetsua izan ez arren, esanguratsua da. Hainbat lagun Hong Kongeko merkataritza gune batean bildu ziren atzo, azken egunetan protestekin lotuta atxilotutakoak askatzeko eskatuz. Izan ere, berrogeialdian egon arren, Txinako Poliziak hamabost herritar atxilotu zituen joan den astean, protestak sustatzea leporatuta. Atzemandakoen artean dago Hong Kongeko Alderdi Demokratikoaren sortzailea, 81 urteko Martin Lee. Atxilotu baino lehen, Leek berak ohartarazi zuen Pekinek manifestarien aurkako jazarpena gogortuko zuela datozen asteetan, mugimendua aurkez ez dadin irailean egitekoak dituzten legebiltzarreko bozetara.

Politikari beteranoaren iragarpena betetzen hasia da. Berrogeialdia eta osasun krisia direla medio egoera lasai dagoela baliatuta, hainbat ekintzaileren aurkako neurriak hartu ditu Txinak. Atzo bertan zabaldu zenez, lehen aldiz atzerriko ekintzaile bat auzipetu zuten; Lee Henley Hu Xiang da bera. Belizekoa da berez, eta eta Taiwanen bizi den. Lee abuztuan desagertu zen protestak ekainean hasi ziren, Taiwandik Shenzhen hirira bidean. Irailean, Txinak Taiwanen duen bulegoak onartu zuen hura ikertzen ari zirela, «estatu segurtasuna arriskuan» jarri zuten ekintzetan parte hartzeagatik. Baina azarora arte ez zuten jakinarazi Lee preso zegoela.

Iazko udan protestak hasi zirenetik, Txinako Gobernuak «atzerriko indarrak» jo ditu haien erantzuletzat; zehazki, AEBak eta Erresuma Batua. «Atzerriko indarrek aukera baliatu dute Hong Kongen nahasmena bultzatu eta Txina ahultzeko», salatu zuen iazko ekainean Pekinek. Azaroan, berriz, Atzerri ministrordea bera zuzendu zitzaien AEBei zuzendu: «Ez dugu atzerriko esku-hartzerik onartuko».

Lee auzipetutako lehen atzerritarra izan da, baina aurretik beste milaka lagun igaro dira auzitegietatik protestak direla eta; 7.000, hainbat komunikabideren arabera. Aste honetan bertan, 140 orduko lan komunitarioetara zigortu dute Au Nok-hin legebiltzarkidea, bozgorailu batekin «polizia bati eraso» eta hari entzumena kaltetzea egotzita. Zorte okerragoa izan du protesta batean autoarekin polizia lerro baten aurka egin zuen 28 urteko gazteak; bost hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote. Azaroaren 17an izan zen, manifestari talde bat Unibertsitate Politeknikoan itxi zenean, eta Poliziak inguratu egin zituen. Ikasleek astebete baino gehiago egin zuten eraikinean itxita.

Aldiz, Poliziaren aurkako dozenaka salaketak gehiegizko indarra erabiltzeagatik gehienak bertan behera geratu dira.

Hauteskundeetara begira

Atxilotuak Txinara estraditatzea ahalbidetzen zuen lege baten kontura lehertu ziren protestak Hong Kongen. Giza eskubideen aldeko ekintzaileek salatu zuten legea indarrean sartuz gero kolonia ohian babestutako disidenteak atzemateko aukera izango zukeela Pekinek. Hura atzera botatzea lortu zuten manifestariek, baina protestak ez ziren eten. Poliziaren indarkeria eta Txinaren esku hartzea salatzeari ekin zion bere burua demokraziaren aldeko mugimendu gisa aurkeztu zuenak.

Azaroan egin zituzten barrutietako bozak Hong Kongen, eta oposizioa nagusitu zen 18 barrutietatik 17tan. Praktikan, barrutietako ordezkariek ez dute erabakimen politiko handirik, baina garaipena indar erakustaldi handia izan zen oposizioarentzat. Datorren irailean egitekoak dituzten hauteskundeetan ere gauza bera gertatuko den beldur da Pekin, eta, horregatik, berrogeialdiko isiltasuna ari da baliatzen oposizioko buruzagi nagusien aurka jotzeko. Izan ere, irteteko eta mugitzeko debekuak direla eta, protestak bertan behera geratu dira kolonia ohian, nahiz eta sare sozialetan indarrean jarraitzen duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.