Zisjordania anexionatzeko Israelen plana babesteko prest daude AEBak

Etxe Zuriaren onespena jasotzeko baldintza bakarra jarri diote Netanyahuri: PANekin «negoziatzeko borondatea» agertzea. Zisjordanian 7.000 etxebizitza eraikitzeko plan bat onartu du Tel Avivek

Manifestariak Benjamin Netanyahu lehen ministroaren eta MIke Pompeo AEBetako Estatu idazkariaren irudiekin, Jeninen. ALAA BADARNEH / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Datorren astean beteko dira bi urte AEBek Tel Aviven zuten enbaxada Jerusalemera mugitu zutenetik. Israeli hiri historikoaren jabetza aitortu zion era horretan Etxe Zuriak, eta bide batez argi utzi zuen bi estatuen arteko harremana inoiz baino sendoagoa zela. Urrats gehiago ere egin ditu geroztik Donald Trumpen gobernuak. Horietatik esanguratsuena, Mendeko Plana deitutakoa bultzatzea, zeinean Israelen eta balizko estatu palestinar baten mugak zehazten diren. Idatziak Zisjordaniako kokaguneen gaineko subiranotasuna aitortzen dio Tel Avivi.

Koalizio gobernua osatu eta gutxira, proposamenean jasotakoa lege proiektu bilakatu du Netanyahuk, eta iragarri uztail hasieran bozkatuko dutela Knesseten—parlamentuan—. Aurrez, baina, AEBen onespena behar dute, eta hori «datozen asteetan» helduko dela iragarri du David Friedman enbaxadore estatubatuarrak, betiere Netanyahuk PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin «negoziatzeko borondatea» agertzen badu. «Ez gara gu subiranotasuna aldarrikatzen ari garenak, Israel baizik; eta hura babesteko prest gaude. Lurralde antolaketa prest dagoenean, Israelek bere esku geratuko ez diren lurretan eraikitzeari uzten dionean, eta palestinarrei hitz egiteko eskaintza egiten dienean, aurrera egiteko prest egongo gara», adierazi du Friedmanek.

Epeak baliatuz

AEBekiko akordioa eta hura indarrean sartzeko beharrezko lege proiektua legebiltzarrean onartuta, Israelek ezin izango luke gehiago eraiki Zisjordanian lau urteko tartean. Horiek hala, uztaileko bozketa aurreko epeak baliatzen ari da Netanyahuren gobernua kokalekuak handitzeko. Naftali Bennett Defentsa ministroak iragarri zuen atzo proposamen bat onartu zutela Efrateko kokagunean beste 7.000 etxe egiteko. «Defentsa Ministerioari agindu diot jarrai dezala kokalekuak indartzen modu erabakigarrian. Eraikuntza ez da une bakar batean ere eten behar».

Agidanez, palestinarrek hasieratik gaitzetsi dute Trumpen egitasmoa. Mahmud Abbas PANeko presidenteak herenegun ohartarazi zuen bertan behera utziko dituela Israel eta AEBekiko «akordio guztiak» baldin eta Zisjordania anexionatzeko egitasmoak aurrera jarraitzen badu. Arabiar Ligak ere bat egin du PANekin, eta salatu du«beste gerra krimen bat» dela Tel Avivek egin asmo duena.

Friedmanek aurreratu duenez, baina, Abbasen ezetza ez da oztopo izango egitasmoarekin aurrera jarraitzeko. «Palestinarrek uko egiten badiote hitz egiteari, ez dakit zer gehiago egin dezakeen [Israelgo] lehen ministroak. Dena den, ziur nago hark eskua luzatuko diela palestinarrei, haiek noizbait iritzia aldatuko balute ere».

Friedmanek ez ezik, Mike Pompeo Estatu idazkariak berak ere babestu egin du Zisjordania anexionatzeko Israelen lege proposamena: «Israel da erabakiak hartzen dituena. Guk anexioari jartzen diogun baldintza bakarra da palestinarrei eskua luzatzea euren estatua eraikitzeko aukera izan dezaten, bake planean jasotako neurrien arabera». Pompeo bera Israelera joatekoa da datorren astean, koalizio gobernuko kideekin bildu eta AEBen proposamenaz hitz egiteko.

Onespenaren zain

Netanyahu eta Benny Gantzen arteko koalizio gobernua osatzeko akordioa atzo hasi ziren bozkatzen Knesseten, eta gaur jarraituko dute. Izan ere, oposizioak mila zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkio hitzarmenari, eta horiek banaka bozkatu behar dituzte legebiltzarkideek. Hain zuzen ere gaur amaituko da apirilean Reuven Rivlin presidenteak gobernua osatzeko Gantzi jarritako epemuga. Akordiorik ezean, laugarrenez egin beharko lituzkete parlamenturako bozak.

Gantzen Kahol Lavan alderdiko iturrien arabera, akordioa ez bada onartzen epemuga amaitu baino lehen, Gantzek eskatuko dio estatuburuari ez dezala proposatu Netanyahu lehen ministroaren kargurako. Ordea, ez dirudi halakorik gertatuko denik, 39 diputatu agertu baitira akordioaren aurka eta 72 alde.

Astelehenean onartu zuten koalizioa ahalbidetuko duen lege sorta. Araudia legealdi honetan soilik izango da indarrean, eta koaliziokide diren alderdien aurkako zigorrak aurreikusten ditu, haietako batek hitzarmena urratuko balu. Akordioaren arabera, Netanyahuk jarraituko luke lehen ministroaren karguan agintaldiaren lehen erdian, eta Gantzek hartuko luke jarraian kargua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.