Protestak hedatu dira Libanon, liberaren balio galerarekin batera

Libanoko diruak bere balioaren %20 galdu zuen asteazkenetik ostegunera. Gobernuaren dimisioa eskatu dute manifestariek. Gobernuaren esanetan, botere hutsunea «hondamendia» litzateke

Manifestari talde bat, herenegun, Beiruteko errepide mozketa batean protestan. NABIL MOUNZER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetako mobilizaziorik orokortuena izan zen ostegunekoa Libanon. Herritarrak kalera irten ziren Beirut hiriburuan, iparraldeko Akkar eta Tripoli hirietan, erdialdeko Zouken, ekialdeko Bekaa Valleyen eta hegoaldeko Tyro eta Nabatiehen. Krisi ekonomikoarekin suminduta, manifestariek gobernuaren dimisioa exijitu zuten. Herrialdeko liberak %20ko balio galera izan du aste honetan dolarrarekiko, eta, ondorioz, oinarrizko produktuen prezioak nabarmen garestitu dira.

Haserrea adierazi zuten herritarrek manifestazioetan eta ondoren izan ziren liskarretan. Errepideak itxi zituzten suzko barrikadekin, eta eraso egin zieten hainbat bankuri. Horien artean, su eman zioten Libanoko Banku Zentralaren sukurtsal bati. Liberaren balio galeraren ardura leporatzen diote bankuko gobernadoreari ere.

Libanon egoera ekonomiko gogorra ari dira jasaten aurretik ere. Hain justu, krisi ekonomikoaren ondorioz piztu ziren joan den urrian Saad Haririren gobernuarekin amaitu zuten protestak. Ordutik egoerak ez du hobera egin, eta pandemiak ez du mikatza gozatu. Koronabirusaren hedatzeak dozenaka mila langileren kaleratzea ekarri du. Ehunka negozioren ixtea. Horrez gain, areagotu egin da dolar eskasia, eta horrek sakondu egin du herrialdeko diruaren balio galera.

Libanoko liberak bere balioaren bi heren galdu du dolarrarekiko, iazko abuztuaz geroztik. 2019ko abuztuan dolar batek 1.500 libera balio zuen, baina aste honen hasieran dolar bakoitzeko 4.000 libera ordaindu ziren. Asteazkenetik ostegunera, baina, %20ko merkatzea izan du Libanoko diruak, eta merkatu beltzean 5.000 liberaren truke saldu da dolar bakoitza. Hori dela eta, oinarrizko hainbat ondasunen prezioa biderkatu egin da denbora gutxian. Ogiaren salneurria, esaterako, bikoiztu egin da azken bi asteetan.

Egoerak atakan jarri du Hassan Diab lehen ministroaren gobernua, boterean bost hilabete besterik egin ez duenean. Raoul Nehme Ekonomia ministroak krisiaren larria onartu du, baina denbora eskatu du egoera bideratu ahal izateko. «Jendeak goizetik gauerako erreformak nahi baldin baditu, horrek ez du emaitza onik ekarriko». Nehmek gobernuarekiko konfiantza galdegin die herritarrei. «Ezin dugu botere hutsune bat izan. Orduan [dolarraren] trukea ez litzateke 5.000 liberakoa izango; hondamendia litzateke».

Gobernuaren erantzuna prestatzeko, ezohiko bi bilkura egin zituen atzo Diabek Michel Aoun presidentearekin. Ordu batzuk geroago, gobernuak iragarri zuen Banku Zentralak dolarrak sartuko dituela merkatuan, liberaren truke tasari eusteko. Astelehenetik aurrera ezarriko da neurria.

Negoziatu beharrean

Diabek presazkoa du atzerriko diru iturriak irekitzea, datozen hilabeteetako gastu publikoari aurre egin eta ekonomiaren itotzea saihestu ahal izateko. Martxoaren 7an, kanpo zorraren ordainketa etengo zuela iragarri zuen Libanok lehenengoz. 1.200 milioiren balioa duten eurobonuen ordainketarako epea amaitu zitzaion egun horretan. Bestalde, banku sistema porrot egiteko arriskuan da. Gobenuaren zorra eta errentagarritasunik gabeko kredituak tarteko, 70.000 milioi euroren galerei aurre egin beharko diela diote aurreikuspenek.

Egoera horren aurrean, Libanoko Gobernuak negoziazioak hasi zituen Munduko Bankuarekin, joan den maiatzean. Ia 9.000 milioi euroko erreskate plan bat adostea da helburua. Finantza erakundeak dirua askatzerako, ordea, Libanok hainbat erreforma jarri beharko ditu martxan. Amer Bisat Munduko Bankuko ekonomista ohiak Al-Jazeera hedabideari adierazi dionez, litekeena da bankuak hainbat enpresa publiko pribatizatzeko baldintza jartzea Libanoko Gobernuari, eta, horrez gain, banku sektorea kapitalizatu, zorra berregituratu eta pentsio sistema erreformatu dezala eskatzea, besteak beste.

Gobernua jakitun da neurri horiek hartzeak are gehiago indartuko lituzkeela azken asteetan berriro kalera irten diren milaka herritarren protestak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.