Pandemiak nabarmen aregotuko du pobrezia Latinoamerikan

NBEk argitaratutako txostenaren arabera, joan den urtean baino 45 milioi txiro gehiago izatea aurreikusten dute. Larria izango da pairatuko den atzeraldi ekonomikoa

Baliabide urriak dituzten herritarrei janaria banatzen, Perun. PAOLO AGUILAR / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeak COVID-19aren pandemiak Latinoamerikan utziko dituen ondorioen inguruko txosten bat aurkeztu zuen atzo, eta ilunak dira bertan marraztutako panorama eta aurreikuspenak. Ohartarazi zutenez, eremu horretan nabarmen areagotuko dira pobrezia eta desberdintasunak.

Horri aurre egiteko asmoarekin, eskualdeko gobernuei eta nazioarteko komunitateari eskatu zien babesa eman diezaietela pertsona kalteberenei.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak gogorarazi zuen eskualde hori bilakatu dela birusaren epizentroa —aste honetan gainditu dute hiru milioi kutsatuen langa—, eta gogor jo dituela bertako hainbat herrialde.

Krisiaren ondorioz, Latinoamerikan eta Kariben BPG barne produktu gordina %9,1 jaistea espero dute, eta, hori, ehun urtean izandako «atzeraldi ekonomikorik handiena» litzateke.

CEPAL NBEren Latinoamerikarako Batzorde Ekonomikoaren arabera, esportazioek eta bidalketek %20 inguruko beherakada pairatuko dute, eta horiek dira eskualderako diru sarrera handienetarikoak.

Horrela, larriak izango dira pandemiak eragingo dituen ondorio sozialak. Alicia Barcena CEPALeko idazkariak iragarri zuen gora egingo duela pobreziak, eta urte honetan 45 milioi pertsona txiro gehiago izatea aurreikusten dute. Horrekin, txostenaren arabera, eskualdean 230 milioi pertsona geratuko lirateke pobrezian.

Gainera, 28 milioi lagun gehiago geldituko dira muturreko pobrezia egoeran, 96 milioi guztira. Barcenaren esanetan, herritar horiek ezin izango dituzte oinarrizko elikadura beharrak ase. Mexiko, Nikaragua, Guatemala eta Honduras lirateke biztanle txiro gehien izango dituzten herrialdeak.

Horrez gainera, CEPALeko idazkariak azpimarratu zuen pobreziak «emakume aurpegia» duela, eta neurriz kanpo eragiten diela herri indigenei eta afrikarren ondorengoei. Bide batez, migratzaileen eta errefuxiatuen zaurgarritasunak ere gora egingo du.

Guterresek nabarmendu zuen Latinoamerikako eta Karibeko «garapen eredua eraldatu» behar dela. Era berean, eskualde horietako desberdintasun mailak «jasanezinak» direla salatu zuen. Bada, pandemiaren ondorioz hazi egingo dira ezberdintasun horiek: aurreikuspenei eutsiz, %5 inguru Brasil eta Mexiko herrialde handietan.

Latinoamerikako egungo paisaiarekin kezkatuta agertu zen Barcena ere: «Eskualde honek zazpi urte zeramatzan hazkunde oso txikiarekin, eta egiturazko arrakalekin nahiz garapen eredu jasanezinarekin. Eta hori areagotu egin dute gizarte babes oso ahulak, osasun sistema zatikatuek eta desberdintasun sakonek».

Erantzun baten beharra

Larritzeko modukoak dira pandemiak Latinoamerikan eragin ditzakeen ondorioak, eta kolpea leuntzeko, erantzun bat ematearen premia nabarmendu zuen NBEk.

Horrela, zerga sistema bidezkoagoak izateko, lanpostu duinen sorrera sustatzeko, ingurumenaren jasangarritasuna indartzeko eta gizarte babeserako mekanismoak sendotzeko eskatu zuen. Halaber, eskualdeko ekonomiaren integrazio handiagoa eta emakumeek bizitza publikoan eta ekonomikoan parte hartzea ere galdegin zuen.

Epe motzera begira ere erantzun bat emateko lanean ari da erakundea, eta gobernuei proposatu die, besteak beste, larrialdietako oinarrizko diru sarrerak erraztea edota gosearen kontrako bonuak sortzea.

Nazioarteko komunitateari eskatu zien premiazko babesa emateko likidezia, laguntza ekonomikoa eta zorrak arintzeko neurriak dituzten Latinoamerikako herrialdeei ere, eta ez soilik naziorik pobreenei. «Beharrezkoa da nazioarteko erantzun aldeaniztuna diru sarrera ertainak dituzten herrialdeetara ere zabaltzea», nabarmendu zuen Guterresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.