Eztabaida bero eta bizia

AEBetako bozen aurreko lehen eztabaida saioa egin dute bi hautagaiek. Trumpek Bideni egotzi dio «iruzur» egingo duela posta bidezko botoekin. Bidenek, berriz, «gezurtia» eta «pailazoa» deitu dio

Donald Trump eta Joe Biden astearte gaueko eztabaida saioko une batean. JIM LO SCALZO / EFE.
Andoni Imaz.
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea aukeratzeko hauteskundeetarako bost aste falta direla, aurrez aurreko lehen eztabaida saioa egin zuten herenegun gauean Donald Trump presidente eta hautagai errepublikanoak eta Joe Biden hautagai demokratak. Orain arte kanpainak erakutsitako jarrerak puztu eta harrotu zituen kamera aurreko eztabaidak. Bizia izan zen, beroa, etenaldi zakarrez eta purrustada pertsonalez betea.

Clevelanden elkartu ziren bi presidentegaiak, Ohion, eta 90 minutuz hitz egin zuten aldiro elkar etenez. «Zaila da hitz bakar bat esatea pailazo, barkatu, pertsona honen aurrean», esan zuen Bidenek, amorratuta. Chris Wallace moderatzaileak, Fox kate kontserbadoreko aurkezle beteranoak, behin baino gehiagotan eskatu zion Trumpi uzteko beste hautagaiari galdera erantzuten. Halako batean, «isilduko ahal zara behingoz, gizona!», bota zion Bidenek.

Marmarrean egindako ziztadak hortik, ezusteko garrasi erasokorrak hemendik, Trumpek bere mezuak zabaldu zituen hasiera-hasieratik: Biden «sozialista» dela, haren semea «ustela» dela Biden presidenteordea zen garaian Ukrainako gas konpainia batean lan egin zuelako, eta «iruzurra» egingo dutela azaroko bozetan.

Bidenek eutsi egin zien aurkariaren erasoei, eta gogor hartu zuen aurkaria. Esan zuen Trump «gezurtia» eta «arrazista» dela, eta ez dakiela «ezer ere» kontatzen dituen gauzei buruz: «Irten zaitez zure bunkerretik eta golf zelaiko zure hondarrezko zulotik, eta egin ezazu egin behar duzuna bizitzak salbatzeko». Barack Obamaren gobernuko presidenteordeak (2009-2017) gehiago hitz egin zuen kamerari begira, zuzenean herritarrei zuzentzeko asmoz.

Alderdi Demokrataren primarioetan Bidenek Bernie Sandersi irabazi zion arren, Trumpek haren izena aipatu zuen debatean, «ezker erradikalaren» mehatxuaz aritzeko. «Kontua da neuk irabazi niola Bernie Sandersi», erantzun zion Bidenek. «Orain, Alderdi Demokrata ni naiz».

Iruzurra ala beldurra

Trumpek zabaldu zituen mezu nagusietako bat izan zen hauteskundeetan «iruzur» egingo dutela. Behin eta berriro azaldu zuen posta bidezko botoak iruzurra sustatzen duela, eta, pandemiak eragindako atzerapenaren eta posta bidezko botoen ondorioz «hilabeteak» pasatuko direla emaitzen berri izan arte. «Nire jarraitzaileei eskatzen diet hauteslekuetan dena arretaz behatzeko, hori delako egin behar dutena».

Bidenek erantzun zuen berak lasaitasunerako deia egingo duela emaitzak berehala jakinarazi ezean, eta esan zuen Trump «beldur» dela botoak kontatzeko.

Wallace moderatzaileak beste galdera zuzen bat ere egin zion egungo presidenteari: ea gaitzesten dituen zuri supremazistek eta haien miliziek egindako ekintzak. «Ikusten ditudan istilu ia denak ezkerretik eta mugimendu antifa-tik datoz», erantzun zuen hark.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.