Adegik dio beharrezkoa dela Europako dirua enpresa txikietara iristea

Gipuzkoako patronalaren aurreikuspenen arabera, lurraldeko ekonomia %8-10 apalduko da 2020an, eta 10.000 lanpostu galduko dira; hala ere, «susperraldia hasi» dela azpimarratu du

Adegiko Jose Miguel Aierza, Eduardo Junkera eta Patxi Sasigain, Donostian, atzo eginiko agerraldian. J. MANTEROLA / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Hontza bezala begira. Gipuzkoako enpresariek ez dute Europatik etorriko diren diru laguntzei begira hala gelditu nahi. «Ez gaude aukera hau alferrik pasatuko den beldurrez. Guk uste eta esaten duguna da denoi iritsi behar zaizkigula», zehaztu du Jose Miguel Aierzak, Adegiko zuzendari nagusiak. Lurraldearen ehun produktiboaren ezaugarriak kontuan hartuta, laguntza horiek enpresa txikietara eta ertainetara bideratzeko moduak landu behar direla uste du Adegik, eta bide horiek lantzeko eskatu die erakundeei eta enpresaburuei. Aierzak azpimarratu duenez, «elkarlana» izan behar da «hitz gakoa»: instituzioen artekoa, «Europak finantzatuko dituen egitasmo gehienak publiko-pribatuak izango direlako», eta enpresen artekoa ere bai,«txikiak elkartu beharko direlako, proiektu handiagoak-eta aurkezteko».

Mezu hori eman zuen atzo Gipuzkoako patronaleko buruak, egoera ekonomikoari buruzko inkestaren emaitzak aurkezteko agerraldian. Aierzak adierazi du egungo testuingurua «gogorra eta zaila» dela, eta «ziurgabetasun handikoa», osasun krisiaren garapenaren arabera har daitezkeen erabakiengatik. Dena den, ziurtatu du Gipuzkoan «susperraldia hasia» dela, bereziki industriaren eta eraikuntzaren sektoreetan, eta, ezbeharrik ezean, hala jarraitzea espero duela. Patronalak maiatzean eginiko aurreikuspenari eutsi dio: uste du aurten %8-10 artean jaitsiko dela Gipuzkoako BPGa, eta 10.000 lanpostu inguru galduko direla. Zifra kezkagarriak direla aitortu du Aierzak, baina laster buelta emateko modukoak ere badirela.

Aurrera begirako agertokiari buruz, itxaropentsu azaldu da, eta lurraldeko enpresen artean egindako inkesten emaitzak jarri ditu adibide gisa: hamarretik zazpik uste dute urtebete barru edo lehenago gertatuko dela suspertzea, eta %15ek, dagoeneko gauzatu dela. «Egia da, halere, sektore batzuek, aisialdiarekin eta kulturarekin loturikoek bereziki, denbora asko beharko dutela pandemiaren aurreko mailara iristeko», zehaztu du Patxi Sasigain Adegiko Lehiakortasun eta Berrikuntza arduradunak.

Patronaleko presidente Eduardo Junkerak, berriz, gogoratu du Gipuzkoako egitura ekonomikoa industriala dela bereziki, enpresa horiek BPGaren %28 sortzen dutela —lau lanpostutik bat—, eta oso dibertsifikatuta dagoela, jardunen arabera. Beste sektoreen garrantzia ere nabarmendu du, eta azpimarratu du enpresa pribatuek, eta, bereziki txiki eta ertainek (%95ak), sortzen dutela enpleguaren %85. Hori kontuan hartzeko eskatu du diru laguntzak-eta banatzeko orduan. «Ez ahazteko esaten dut: enpresek sortzen duten enplegua, aberastasun soziala eta ongizatea ekarpen ordezkaezinak dira. Enpresek egiten ez badugu, ez du inork egingo. Zaindu ditzagun. Lagun diezaiegun».

«Erantzukizun kolektiboa»

Adegiko kideek aipamen berezia egin diete Europako laguntzei. Handik etorriko den dirua ekonomia jasangarria eta digitalizazioa bultzatuko duten proiektuetara bideratuko dira, baina aitortu dute Bruselaren baldintzak eta epeak «lausoak» direla oraindik.Patronalaren buruek gogoratu duten moduan, Espainiako Gobernuak kudeatuko ditu jasoko dituen 72.000 milioi euroak, eta autonomia erkidegoek proiektuen zerrendak aurkeztu beharko dituzte; horretan ari dira.

Aierzak azpimarratu du Adegik ez duela prozedura zalantzan jartzen, eta gaineratu du «erronka» gisa ikusten duela Europatik datorren dirua, enpresek egungo krisiari erantzuteko finantzaketa lortzeko; baita patronala azken urteetan bultzatzen ari den «enpresa eredu berrian» sakontzeko ere. Egoerak erantzun «kolektibo» bat eskatzen duela esan du.

Metaleko itunaz baikor

Adegiri zuzenean eragiten dion beste gai bati buruz ere mintzatu da patronalaren burua: Gipuzkoako metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioari buruz, alegia. Aurreko astean ELArekin eginiko aurreakordioaz esan du Adegik «dena eman» duela, eta gogoratu du sindikatu horrek berak aitortu duela «historikoa dela, parekorik gabea, [Espainiako] estatuko onena, eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustua egiten duela».

Aurreakordioa onartu ahal izateko, baina, gutxienez beste sindikatu baten babesa behar du. Horren harira, Aierzak ez du epe zehatzik jarri nahi izan, baina esan du «egun batzuk» eman dizkietela behar dituzten kontsultak egiteko, eta, ezezkoan jarraituz gero, patronalak atzera egingo duela ohartarazi du. Dena den, «baikor» azaldu da. «Egoera zail honetan, akordio ona da, eta gainerako sindikatuetako afiliatuek horrela ulertuko dute».

CCOOk, baina, ez du iritzi bera. Komunikabideetara bidalitako ohar batean adierazi du ez dela «nahikoa», eta «puntu guztietan» gehiago sakontzeko aukera dagoela, bereziki lan segurtasunarekin eta berdintasunarekin loturikoetan. «Gai hauetan aurrera egiteak lehentasun osoa izan beharko luke Gipuzkoako hitzarmenik garrantzitsuena negoziatzen ari diren erakundeentzat». CCOOren ustez, «patronalaren itxikeriak» ez luke hori oztopatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.