Nigerian izandako protestetan 49 lagun hil dituzte gutxienez

Polizia indarkeriaren aurkako protestak hedatu dira herrialde osoan bi astez. Lagosen, herrialdeko estaturik jendetsuenean, gobernadoreak etxeratze agindua ezarri du, tentsioak gora egin eta gero

Urriaren 9ko polizia indarkeriaren aurkako protestak, Lagosen. AKINTUNDE AKINLEYE / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Egoera nahasia da Nigerian; polizia indarkeriaren aurkako protestak zabaldu dira herrialde osoan, bi astez. Asteartekoa izan zen bortitzena: 42 manifestari eta sei polizia hil ziren gutxienez, eta ehunka lagun zauritu. Protesta gehien izan diren estatuan, Lagosen, gobernadoreak etxeratze agindua dekretatu zuen herenegun. Han izan ziren, etxeratze agindua martxan zela, hildako eta zauritu gehien: 29 dira hildakoak, baina zaurituen kopurua ez dago argi.

Protesten eta tentsioaren gorakada ikusita, Babajide Olusola Sanwo-Olu Lagosko estatuko gobernadoreak etxeratze agindua ezartzea erabaki zuen, bi astez izandako protestek eragindako «anarkia» geldiarazteko.

Etxeratze agindua jarri bazuten ere, asteartean bertan istilu bortitzak egon ziren manifestarien eta soldaduen artean. Izan ere, gobernadoreak neurriak hartu bazituen ere, protestek bere horretan jarraitu dute. Lekukoek salatu dute poliziak bideak itxi zituela eta soldaduek bueltarazi egin zituztela zaurituak artatzera heldutako anbulantziak; baita soldaduek manifestariei tiro egin zietela ere.

Herenegun gertatu zen tiroketa, 19:00ak bueltan, hara bildutakoek azaldutakoaren arabera. Lagosko Gobernuak gutxienez 30 zauritu zenbatu zituen, eta esan zuen ez zela hildakorik izan. Hala ere, gertatutako istiluak «Lagosko historian izan diren momenturik ilunenak» direla adierazi zuen. Gainera, nabarmendu zuen Nigeriako armadak esandako guztia gezurra dela, han militarrik ez zegoela argudiatuz. Ez zuen ezer gehiago esplikatu, ordea.

Hildako gehien Lagosen izan baziren ere, Mushin hirian hamazazpik galdu zuten bizia. Nigeriako Poliziak azaldu zuen Benin hirian ere polizia etxearen aurkako eraso bat izan zela.

Nigeriako Gobernuak SARSazdesegiteko erabakia hartu zuen duela hamar egun inguru; hala ere, SWAT izeneko beste bat sortu du.

Muhammadu Buhari Nigeriako presidenteak manifestazioei erreferentzia zuzenik egin ez bazien ere, «poliziaren erreformek beren bidea hartzen duten bitartean lasaitasuna mantentzeko» eskatu zion Nigeriako herriari, atzo egindako adierazpenetan.

Polizia indarkeriaren aurka

End SARS dioten pankartak ikusi daitezke nonahi Nigeria osoa hartu duten protestetan. Urriaren 8an zabaldutako bideo batek piztu zituen protestak herrialdean. Bideo horretan, SARSeko agente bat ageri da Delta estatuan protesta baketsuan zegoen gizon bati ustez tiro egiten.

Harrezkero, protestek hartu dute Nigeria, eta AEBetako eta Europako diasporan ere mobilizatu dira. Adituek diote azken bi asteetako moilizazioek herrialdeko banaketa ekonomiko eta sektarioak gainditu dituztela.

Protestak orain orokortu badira ere, sorreratik bertatik sortu du zeresana eskuadroiak. 1992an sortu zuten, lapurreta bortitzen aurka egiteko; lapurtutako autoak eta arma bidezko lapurretak batez ere. Nazioarteko hainbat erakundek «zibilen eskubideen urraketak» leporatu dizkiote, eta baita «polizia bortizkeria, inpunitatea, estortsioa, bortxaketa eta epaiketaz kanpoko hilketak» ere. Amnesty International izan da horietako bat. Aurtengo ekainean aurkeztu duen txosten batean salatu zuen «susmagarriak exekutatu, zigortu eta beraiengandik informazioa lortzeko torturak eta tratu txarrak» egin dituzten 86 kasu zenbatu dituztela 2017 eta 2020ko maiatza bitartean .

Nigeriako Poliziak eskuadroiaren aurkako salaketak ezeztatu egin ditu sistematikoki, baina urriaren 8ko protestez geroztik adierazi dute eskuadroiko zenbait agente «diziplinarik gabekoak» direla, eta ez direla «batere profesionalak». Poliziaren adierazpenak bat etorri dira Nigeriako Gobernuaren erabakiarekin, presidendeak duela astebete jakinarazi baitzuen eskuadroia desegingo dutela.

Manifestariek, ordea, adierazi dute horrekin ez dela «nahikoa». Polizia erreforma abiaraztea exijitu diote gobernuari, eta eskuadroiaren arduradunek epaitegietatik pasatu beharko dutela gaineratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.