Kolonbiako protestek ez dute etenik, negoziazioek aurrera noiz egingo zain daudela

Poliziak gutxienez 37 manifestari hil ditu azken astean, GKE-en arabera. Gobernua hainbat erakunderekin bildu da, baina ez grebara deitu dutenekin

Kolonbiako Gobernuaren aurkako manifestariak, herenegun, Medellinen. LUIS EDUARDO NORIEGA A. / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 7a
00:00
Entzun

Apirilaren 28ko greba orokorretik eten ez den protestak zortzi egun bete zituen herenegun Kolonbian, eta herritarrek zortzigarrenez bete zituzten kaleak. Gobernuaren politika ekonomiko eta sozialak aldatzeko eskaerei, gainera, beste aldarri bat gehitu zaie: «Biolentzia gehiago ez». Izan ere, ohikoak dira motorretatik eta autoetatik tiroka ikusten diren polizien irudiak. Horiek gutxienez 11 lagun hil dituzte azken astean, herrialdeko fiskaltzaren arabera; gutxienez 37, Temblores gobernuz kanpoko erakundearen esanetan. Horiez gain, arartekoak azaldu du beste 51 lagun desagertuta daudela.

 

Bogota, Medellin, Cali, Ibague, Bucaramanga... Herrialdeko hiri nagusietan egin dituzte protestak, eta denetan gogor erantzun du Poliziak; mila lagun inguru zauritu dituzte, ondorioz. Tembloresen arabera, polizia indarkeriaren 1.708 kasu baieztatu dituzte gutxienez azken astean; tartean, 110 tiroketa eta 831 «atxiloketa arbitrario». Horrez gain, 22 lagunek begi bana galdu dute, eta polizien sexu erasoen biktima izan dira beste hamar.

Bogotako alkate Claudia Lopezen esanetan, herenegun 30 zibil eta hamasei polizia zauritu ziren hirian manifestarien eta segurtasun indarren arteko liskarretan. Indepaz Garapenerako eta Bakerako Ikerketen Institutuaren arabera, ordea, errepresiorik handiena Cauca Ibarreko Departamentuan izan da —Cali du hiriburua—, zenbatutako hilketen %80 han erregistratu baitira. Oraingoz, ordea, horietako hiru baizik ez ditu eraman fiskaltzak auzitara. Kasu horietan, zenbait polizia inputatu dituzte, erailketa delituak egotzita, Francisco Barbosa fiskal nagusiaren esanetan.

Halere, Ivan Duque presidentearen gobernuak uko egin dio poliziek eta militarrek «gehiegizko indarra» erabili izana onartzeari, eta legez kanpoko talde armatuetan jarri nahi izan du arreta. Are gehiago, «barne kommozio egoera» ezartzearekin mehatxu egin du: «Egoera jakin batzuetan erabil daitekeen tresna bat da; erabiltzeko pentsatua dago». Konstituzioaren arabera, «instituzioen egonkortasuna eta herritarren segurtasuna» arriskuan daudenean bakarrik ezar daiteke, eta, besteak beste, herritarren joan-etorriak mugatzeko, irrati eta telebisten emisioak eteteko, eta manifestazioak debekatzeko aukera ematen dio gobernuari.

Hitz horiek harrabotsa sortu dute oposizioko alderdien artean, eta hainbat diputatuk eskatu diote «protestei zilegitasuna kentzeari» eta manifestariak «terrorista» gisa tratatzeari uzteko. Indepazek gaineratu du «sakelakoekin grabatu diren irudiek»Duquek esanikoaren aurkakoa erakusten dutela, eta erakundeak eskerrak eman dizkie horien atzean daudenei, gaia nazioartekotzeko izan duten balioagatik.

Bide beretik, nazioarteko hainbat erakundek ere segurtasun indarren errepresioa kritikatu dute. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek «kezka» adierazi du «giza eskubideen urraketen» aurrean. ALBA Amerikarako Aliantza Bolivartarrak, berriz, azaldu du jarrera horrek ez dituela konponduko herrialdeko «protesten oinarrian dauden arazo estrukturalak»: «Biolentzia mota oro gaitzesten dugu, elkarrizketa eta zuhurtzia nagusi izan daitezen».

Erreforma baino gehiago

Duquek bultzatutako zerga erreformaren aurkako protesta gisa hasi ziren mobilizazioak; besteak beste, txiroenengan ondorio larriak izango zituela argudiatuta. Gobernuak, orduan, hiriak militarizatuz erantzun zuen lehenik, baina, herritarrek behin eta berriro kaleak bete izanaren ondorioz, presidenteak atzera egin zuen asteburuan, eta Ogasun ministro Alberto Carrasquillak eta haren alboko Juan Alberto Londoñok dimisioa aurkeztu zuten. Manifestazioek, ordea, aurrera jarraitu dute, gobernuaren politika ekonomiko liberalez, osasungintzako eta hezkuntzako baliabide eskasez eta lehen egunetako polizia indarkeriaz kexu.

Giroa baretzeko asmoz, presidenteak «oinarrizko gaien inguruko agendan aurrera egiteko bilera sorta bat» hasi zuen herenegun; haren esanetan, herrialdeak dituen arazoez hitz egiteko asmoz. Gobernuaren arabera, besteak beste, jada elkartu dira unibertsitateen ordezkariekin, komunitateetako buruekin, eta hainbat gobernadore eta alkaterekin. Elkarrizketen lehen egunean, ordea, ez zituen mahaira deitu ez sindikatuak, ez oposizioko alderdiak. Juan Fernando Cristo Barne ministro ohiak kritikatu egin zuen hori: «Ez dut ulertzen zergatik ez den hasi Greba Batzordearekin bilduz, akordioak lortzen saiatzeko. Elkarrizketa serio baten zain daude 2019tik». Izan ere, duela bi urte eta iaz ere deitu zuten protesta egitera. Ideia horrekin bat egin zuen Bogotako alkateak ere, argudiatuta «kalean daudenekin» hitz egin behar dela: «Gazte horiei eskaini behar die gobernuak su-eten bat. Mina eta haserrea gora doaz. Onartu beharra dago abusuak egin direla bi aldeetan».

Gobernuko bozeramaile Miguel Ceballosen esanetan, ordea, Greba Batzordea ere gonbidatu dute elkarrizketara, astelehenerako. Gerora ere, hilaren 20ra arte, beste hainbat erakunderekin elkartzea espero dute.

Elkarretaratzeak Euskal Herrian

Atzo iluntzean bilkurak egin zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Kolonbiako herriari elkartasuna adierazteko. Bilbon dozenaka pertsona bildu ziren; Kolonbiako banderak astindu zituzten eta «erresistentzia» oihukatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.