Segurtasuna eta kolpea

Urriza-Labakak eta Ansa II.a-Martirenak erremonteko Binakako Txapelketako finala jokatuko dute gaur. Kike Elizaldek final polita eta parekatua espero du

Jagoba Labaka, Javi Urriza, Imanol Ansa eta Ibai Martirena, asteartean, Galarretan egindako pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES.
Iñaki Berastegi.
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Javier Urrizaren (Iruñea, 1981) eta Jagoba Labakaren (Azpeitia, Gipuzkoa, 1991) ziurtasuna edo Imanol Ansaren (Urnieta, Gipuzkoa, 1995) eta Ibai Martirenaren (Uitzi, Nafarroa, 1996) kolpea. Horiek dira gaur Galarreta pilotalekuko finalean (21:15, ETB1) ariko diren bikoteek dituzten bertute nagusiak. «Partida luzea bada, eta bi bikoteek gutxi arriskatzen badute, Urrizak eta Labakak asko izango dute irabazita, oso zaila baita era horretara haiei tanto egitea. Ansak eta Martirenak erasora jokatu behar dute, duten kolpea nagusitzeko baliatu, eta tantoak azkar amaitu. Finean, arriskatu egin behar dute», nabarmendu du Kike Elizalde Oriamendiko intendenteak (Altsasu, Nafarroa, 1961).

Bikoteak aztertzen hasita, Elizaldek uste du «antzeko maila» izan dezaketela. Atzelariekin hasi du analisia: «Labaka fidagarriagoa da, pilota gutxi galtzen baitu. Martirena, berriz, jotzaileagoa da: abiadura ikaragarria ematen dio jokoari». Ezagunagoak dira bi aurrelariak: «Urriza finaletako jokalaria da. Txapelketa ondo hasi ez badu ere, normalean azkena izaten da haren neurketarik onena. Bederatzigarren koadrotik aurrera oso ondo babesten du kantxa, eta ez du akatsik egiten. Ansak 26 urte ditu, kolpe bikaina dauka, eta lehen baino askoz ere akats gutxiago egiten ditu. Gaur-gaurkoz, joko gehien duten bi aurrelariak dira».

Ligaxkako aurreneko postuan sailkatu ostean, finalerdietan, Ansa-Martirenak 40-25 menderatu zituzten Juanenea eta Zubiri III.-a. Urriza-Labakak, egungo txapeldunek, lan gehiago egin behar izan zuten: 40-36 garaitu zituzten Goikoetxea V.-aeta Barrenetxea IV.-a. Lau pilotariek egin duten txapelketa ikusita, Elizaldek final «polita» eta «parekatua» aurreikusten du: «Imanol Ansak bere maila ez ematea da daukadan beldur bakarra. Hori izan daiteke partida apurtu edo asko desorekatzeko aukera ia bakarra. Ea gazteak ez diren urduri ateratzen. Bi bikoteek duten maila ematen badute, ikusleek parez pareko partida entretenigarria ikusi ahalko dute». Dena den, Elizaldek Urriza-Labaka «pixka bat» faboritoago ikusten ditu txapela janzteko.

Txapelketa honetan bi bikoteek elkarren aurka jokatzen duten bigarren norgehiagoka izango da. Ligaxkan 40-31 nagusitu ziren gazteak, baina Elizaldek uste du partida hori ezin dela «erreferentziatzat» hartu: «Finala ez dut uste partida haren antzekoa izango denik. Ansa oso ondo aritu zen, baina Urrizak ez zuen bere ohiko maila eman; hotz ikusi nuen. Txapelketa hasierako neurketetan gertatu ohi zaio hori Urrizari, baina finalerdi eta finaletan, sekula ere ez».

Bikote beteranoak esperientzia handiagoa badu ere, gazteak «moralez gainezka» datoz txapelketa bikain bat jokatu eta gero. «Batez ere Martirena dago halako jarrerarekin. Txapelketan sartzeko, aurre kanporaketa bat jokatu behar izan zuen beste bi atzelariren aurka, eta maila aparta eman du. Sakearekin min handia egin du, eta ondo defendatu. Nahiz eta erreboteko pilotak bueltatzeko orduan gabezia apur bat baduen. Jokalari erasokorra da, eta, Urrizari irabazteko erasora jokatu behar denez, aurkarien joko motari min egiteko atzelari aproposa izan daiteke».

Sakearen garrantzia

Hain justu, sakea izan daiteke finala irabazteko gakoetako bat. Finalerdietan, sakez, zortzi tanto egin zituen Martirenak. «Hala sakatuta, zortzi tanto egin, eta beste horrenbeste tantotan nagusi zara. Martirenak asko lagundu diezaioke Ansari, hark tantoa azkar eta ondo bukatu dezan. Labakak beste mota bateko sakeak egiten ditu, indarra baino gehiago, norabidea ematen saiatzen delako. Martirenak sakearekin finalerdietan bezainbeste asmatzen badu, Ansak sakearen ostean duen lehen aukeran tantoa amaitzen ahalegindu beharko luke».

Lehen finala izango da Martirenarentzat, eta bigarrena jarraian Ansa II.-a eta Labakarentzat. Alde horretatik, beste maila batean dago Urriza. Dagoeneko zortzi final jokatu ditu, eta sei aldiz izan da txapeldun. Elizaldek uste du gazteek irabazteko presio handiagoa izango dutela: «Urrizak beti irabazteko presio hori daukan arren, beti ematen du maila, eta Labaka harekin jokatzera ohituta dago. Gainera, egungo txapeldunak dira. Nire iritziz, Ansak eta Martirenak presio handiagoa dute, oraindik ez dutelako txapelik irabazi». Arreta nagusia aurreko koadroetan jarrita dago. Borroka hori bere egiten duenak asko izango du irabazita. Ziurtasuna edo kolpea: hor egongo da finalaren gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.