Reala, larri, eta Eibar, kanpoan

Txuri-urdinek, bi goleko aldea galdu, eta kostata irabazi diote Leganesi. Oiartzabalek sartu du hirugarrena, penaltiz. Mallorcak neurketa irauli du Ipuruan, eta etxekoak kaleratu.

Eibarreko jokalariak, burumakur, Mallorcak bigarren gola sartu eta gero, atzo, Ipuruan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Realak aurrera egin du Espainiako Kopan. Ez, ordea, Eibarrek. Partidetako emaitzak eta kanporaketa bakoitzeko parte hartzaileak erkatuta logikoa zirudienasinesgaitz bilakatzeko zorian egon zen. Txuri-urdinei dagokienez, hanka sartze handi bat egiteko gutxi falta izan zutelako. Armaginen kasuan, berriz, maila bat gorago ari den aurkaria azpiratzeko aukerak izan zituztelako.

Realak behar baino gehiago sufritu zuen Bigarren Mailako Leganesi irabazteko (2-3), Butarquen. Txuri-urdinek bi golen aldea hankaz gora bota zuten bigarren zatian, eta, azkenerako, larri antzean aritu ziren.

Neurketa ondo bideratu zuten lehen zatian, hasi eta gutxira Alexander Isakek sartutako gol on bati esker. Aurrelari suediarrak lerro arteko pase bat jaso zuen bederatzigarren minutuan, eta Ivan Villar atezainaren ateko zuloraino gidatu zuen baloia. Ukitu dotore batekin gainditu zuen atezaina. Etxekoek lehen minutuetan agertutako zuhurtasuna ezerezean utzi zuen aurrelariaren kalitateak.

Behin aurrea hartuta, Imanol Alguacilen jokalariak erosoago aritu ziren hurrengo minutuetan. Aldeak handitzeko zenbait aukera izan zituzten, baina etxeko atezainaren geldituek eta ate aurreko hutsek galarazi zuten hori. Horren adibidea, Isakek berak galdutako buruz burukoa.

Halere, donostiarrek kontrolpean eduki zuten partida,eta Mikel Oiartzabalek bigarrena sartu zuen atsedenaldira ailegatu aurretik. Eibartarrak berak berreskuratu zuen baloia, area ertzean, eta hiru jokalariren arteko jokaldi baten ostean berriz jaso zuen baloia. Ez zuen barkatu Villarren aurrean, eta ustez balekoa zen aldea erdietsi zuen.

Usteak erdia ustel, ordea. Reala patxadaz joan zen aldageletara, ordura arteko abantaila nahikoa izango zuen esperoan. Ez zen halakorik izan, ordea; bigarren zatiaren hasieran hirugarren gola sartzeko aukera galdu, eta ondoren Leganesen estutualdia heldu zen.

Juan Muñozek sartu zituen etxekoen bi golak. Lehendabizikoan, Diego Ricok baloia buruz urruntzean egindako hutsa baliatu zuen 1-2koa egiteko. Horrek suspertu egin zituen espainiarrak; artean 60. minutua zen, eta ordu erdi falta zen jokatzeko.

Hori jakinda, erasora egin zuten etenik gabe, Realekoen urduritasuna baliatuz. Berandu baino lehen jaso zuten saria, 70.ean. Muñozek jaurtiketa indartsu bat egin, eta markagailua orekatu zuen.

Realaren unerik okerrenak izan ziren. Indar korrelazioa aldatu egin zen, eta Imanolenak hauskor agertu ziren zelaian. EskerrakOiartzabal kapitaina han zen, taldearen gidaritza hartzeko. Leganesen arean zegoela penaltia egin zioten, eta norberak jaurtitzeko hautua egin. Baita asmatu ere: harrobikoak ederki egin zuen jaurtiketa, 74. minutuan, txuri-urdinak salbatu eta sailkatzeko.

Armaginak, gaindituta

Eibarrek, berriz, ez zuen lortu Mallorcari irabaztea. Partida txukuna jokatu bai, markagailuan aurrea hartu ere bai, baina azkenerako gainditu egin zituzten Herrialde Katalanetakoek. Bisitarien bi golek amatatu zieten kopan aurrera egiteko ilusioa.

Armaginek sendo ekin zioten partidari, Mallorca estu hartuz. Beren jokoa egiten utzi gabe, Ipuruan eroso kokatu zen Gaizka Garitanoren taldea, eta horrek saria izan zuen atsedenaldiaren atarian. Edu Expositok lerro artean emandako pase bikain bat Rober Correari heldu zitzaion, eta honek egindako erdiratze are hobeagoa buruz sareratu zuen Blanco Leschuk. Zailena egina zuen.

Bigarren zatian gauzak zeharo aldatu ziren, baina. Mallorcak bere legea ezarri zuen Josep Gayak 68. minutuan eta Angelek 82.ean egindako golekin. Orduan amaitu zen Eibarren kopako ibilia, aurtengoari dagokionez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.