«Tour txiki bat izango da»

Euskal Herriko Itzulia aurkeztu dute, eta sei etapa izango ditu, Hondarribitik Arrateko gainera arteko ibilbidea osatzeko. Etapa «gogorrak» direla azaldu du Roberto Laiseka zuzendari teknikoak

«Tour txiki bat izango da».
Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Itzulia apirilaren 4an hasiko da, Hondarribian, eta, sei etapa osatu ondoren, Arrateko gainean (Eibar) emango diote amaiera txirrindulariek, apirilaren 9an. 900 kilometro inguruko ibilbidea osatu dute antolatzaileek (iaz baino 100 gutxiago), eta, Roberto Laiseka lasterketako zuzendari teknikoaren hitzetan, «gogorra» izango da ibilbidea. Sei etapetatik lautan —lehen etapan eta azkenekoan izan ezik—, amaiera aldapatxoan izango dela aurreratu zuen atzo, aurtengoaren aurkezpenean, Hondarribiko udaletxean. «Tour txiki bat» izango dela gaineratu zuen ziklista ohiak: «Munduko onenak izango ditugu gure lasterketan». Laisekak berak, Julian Eraso Oceta enpresa antolatzaileko presidenteak eta Txomin Sagarzazu herriko alkateak hartu zuten hitza atzoko ekitaldian.

Aurreneko etapa, Hondarribikoa, 7,5 kilometroko erlojupekoa izango da, eta Alde Zaharreko harbidea ere igaro beharko dute txirrindulariek kilometro batean. Lehen hiru kilometroak azkarren egiten dituenak jantziko du Mendiko Maillota bigarren etapan. Laisekak eguraldiari egin zion keinua: «Ona bada, harbideko zatiak ez du arazorik emango, baina, euria egiten badu, tentuz jokatu beharko dute taldeek materiala prestatzean».

Bigarrengo saioari Leitzan emango diote hasiera, eta, 207 kilometro egin ondoren, Vianan bukatuko da. Etaparik luzeena izango da. Laisekaren ustez, «ihesaldiak osatzeko egokia» da ibilbidea. Iragarri zuen litekeena dela haizeak jotzea Lodosatik helmugara bitarteko tartean, leku haizetsua delako.

Hirugarren etapak 191 kilometro izango ditu, eta Laudio eta Amurrio lotuko ditu. %20ko aldapak ere igo beharko dituzte etapa horretan. «Nahiko gogorra» izango dela esan zuen Itzuliko zuzendari teknikoak. Altube igo beharko dute, besteak beste. Zirkuitu bati bi buelta eman beharko dizkiote, eta Ozeta birritan altxatu beharko dute. «Errepide estuak daude ibilbidean, gorabeheratsuak», Laisekak azaldu zuenez.

Laugarren egunean, Gasteiz eta Zamudio artean arituko dira, eta 185 kilometro osatuko dituzte. Viveroko gaina ezagutuko dute, igoera berria, helmugatik 19 kilometrora. «Gorabeheratsua da etapa, aldapa gora eta beherako horietakoa», Laisekak kontatutakoaren arabera.

Azken-aurreko jardunean, Zamudiotik Mallabira joan beharko dute, eta 163 kilometro egin beharko dituzte. Ibilbide horri ere «gorabeheratsua» adjektiboa ezarri zion zuzendari teknikoak. Itzuliko «ezustetzat» izendatu zuen gero Erasok Mallabiko helmuga, 800 metroko aldapa pikoa. 3.000 metroko desnibela izango du etapa horrek.

Azkeneko etapa, ohi bezala, Eibar eta Arrate artekoa izango da, Itzuli horretako laburrena eta etapa nagusia, 135 kilometrokoa. Bi bider igo beharko dute Arratera: lehendabizikoan, Azitain aldetik, eta azkenekoan, ohiko errepidetik. 4.000 metroko desnibela izango du. Etapa guztietan gainsariak izango dira helmugan (10, 6 eta 4 segundo), baita tarteko helmugetan ere (3, 2 eta 1 segundo).

Burbuila batean aurten ere

Laisekak honela islatu du ibilbidearen gogortasuna: «Itzulia irabazteko, sasoiko egon beharko da, eta garailea puntako txirrindularia izango da». Irrika bat ere azaleratu du: «Ea gazteren bat azaltzen den aurrerapausoa emanez». Etxekoak ere izan ditu gogoan: «Ion Izagirre eta Pello Bilbao ondo ibiliko direla uste dut». Ibilbideari dagokionez, beste hau ere gehitu zuen: «Ez da erraza asmatzea, azkenean lasterketak berak ematen du-eta erantzuna. Teoria asko daude erlojupekoa lehen etapan, hirugarrengoan edo azkenekoan jartzearen inguruan, denak balekoak».

Erasok azaldu zuen 23, 24 edo 25 talde etorriko direla, gonbidapena jasoko dutenak barne. Iaz bezala, pandemiaren eraginez, burbuila batean egon beharko dute txirrindulariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.