Frantziako Tourra

Zerua ukitzea lortu du

Simon Clarkek irabazi du harbideen etapa. Jumbo-Vismak arratsalde beltza izan du, eta bi liderrek denbora galdu dute. Pogacarrek ez du hutsik egin

Zerua ukitzea lortu du.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 12a, duela urte erdi eskas. Egun hartan egin zen ofizial Simon Clarken eta Israel taldearen arteko akordioa. Ordura arte, talderik gabe zegoen Australiako txirrindularia, eta egun hartan esperoko ez zuen garaipena lortu zuen atzo, Frantziako Tourreko bosgarren etapan. Ia negu guztia pasatu zuen bere kabuz entrenatzen, eta lan horrek bere fruituak eman ditu azkenerako. Non, eta harbideen etapan. Ihesean ibili eta gero irabazi zuen etapa, helmugako argazkian. Eguna begiz joa zuten talde guztiek, eta askok amets gaiztoak ere izango zituzten etaparekin. Clarkek, aldiz, amets gozoak izango zituen. Atzokoaren ondoren, Wout van Aertek (Jumbo-Visma) dirau lehen postuan, eta Tadej Pogacarrek (UAE) aldea handitu du lasterketa irabazteko beste faboritoekiko.

Lilletik (Frantzia) irten zen atzo tropela. Eguneko ihesaldian sartzea garesti zegoen, eta, azkenerako, sei laguneko taldeak egin zuen aurrera. Tropelean urduritasuna nabarmena izan zen une oro, harbideetan ondo kokatuta sartu, eta arazoak ekiditeko. Espero bezala, zorteak ere garrantzi handia izan zuen bertan.

Aurreko etapan, talde estrategiarekin erakustaldia eman zuen, Jumbo-Vismak, baina atzo kaltetuena izan zen harbideetan. Talde horretako txirrindulariek izango zituzten amets gaiztoenak gauean. Jonas Vingegaardek gurpila zulatu zuen harbideetako batean, eta hainbat taldekiderekin batera gelditu zen atzean. Hainbat faborito ere Vingeegaarden taldetxoan gelditu ziren, moztuta. Hori gutxi ez balitz bezala, Roglic, taldeko liderra, erori egin zen. Sorbalda bere lekutik atera zitzaion esloveniarrari, eta bakarrik jarri behar izan zuen bere tokian. Iaz gertatu bezala, denbora asko galdu zuen atzo ere: ia hiru minutu. Gorabehera hori Bora taldeak baliatu zuen, eta tropelean erritmo bortitza ezarri, Aleksandr Vlasov liderraren mesedetan.

Pogacarren ahalegina

Pogacarere tiraka aritu zen Borako txirrindulariekin batera, eta gero Jasper Stuyvenekin (Trek Segafredo) ihes egitea lortu zuen, etapa garaipenaren bila. Indarrez hustu ziren arren, ez zuten lortu ihesean zegoen taldetxoarengana iristea, eta atzean Jumbo-Vismak lan bikaina egin zuen Vingegaardek ahalik eta denborarik gutxiena gal zezan. Roglic, aldiz, beste bi taldekiderekin batera gelditu zen, atzerago, eta ezin izan ziren tropelarengana heldu.

Etapa esprintean erabaki zen, ihesean zeuden txirrindularien artean. Azkenerako, Clarkek irabazi zuen, helmugako argazkian, Arenbergen (Frantzia). Atzetik sartu zen Pogacar, Stuyvenekin batera, eta harengandik hamabi segundora, tropela, Vingegaardekin eta gainontzeko liderrekin. Minutu baten aldea ere izan zuen arren, Jumbo-Vismak lan handia egin zuen Vingeegard tropelera itzultzeko. Behin hori lortutakoan, tropeletik tiraka ere aritu ziren, Pogacarrengana hurbiltzeko asmoz. Roglic, beste bi taldekiderekin batera, Pogacarrengandik 2.08ra ailegatu zen. Hala ere, oraindik ikusteko dago nola erantzungo dion gorputzak atzoko erorikoaren ostean. Bestalde, iaz laugarren egin zuen Ben O´Connor (Ag2r) 3.21era iritsi zen Pogacarrengandik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.