Teoria utzita, praktika

Realak Omonia Nikosia hartuko du gaur Europa ligan. Itxuraz, Zipreko taldea da multzoko ahulena. Diego Rico osatu egin da, eta deialdian sartu du Imanolek

Imanol Alguacil, pentsakor, atzo Realak Anoeta estadioan egindako entrenamendu saioan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Realak urrats sendoa egin dezake gaur, Europa ligan. Txuri-urdinek Omonia Nikosia hartuko dute Anoetan, eta garaipen batek bideratuta utz dezake sailkapena. Hori du iluntzerako xede bakarra. Ez alferrik, itxuraz, Ziprekoa baita E multzoko talderik eskasena. Imanol Alguacilen taldea da gaur irabazteko faboritoa.

Zer esanik ez txapelketari hasiera bikaina eman eta gero. Donostiarrek garaipen baliotsua lortu zuten joan zen ostegunean, Old Trafforden, Manchester Uniteden aurka: 0-1. Halako distirarik ez duen aurkaria izango du etxeko estreinaldian, eta sailkapenaren goiko muturrean kokatzeko baliatu nahi du partida.

Horretarako aukerakoa da Omoniaren aurkako neurketa. Bisitariek galdu egin zuten Europa ligako lehendabiziko jardunaldian, Transnistriako Sheriff Tiraspolen aurka: 0-3. Ustez, Ziprekoak du talderik eskasenaren itxura, eta hori aprobetxatuta sei puntu eskuratu nahi dituzte txuri-urdinek. Garaipena ez den emaitza bat erdiestea kale egitea litzateke.

Teoriak dio hori guztia, baina praktikan frogatu behar da. Futbolean zelaian gertatzen denak agintzen du, eta oraindik ez da partidarik jokatu. Hori dela eta, Imanolek atzo azpimarratu zuen «oso kontuan» hartzeko aurkaria dela Omonia: «Historikoki talde indartsua da herrialde hartan: liga eta kopa asko irabazi ditu. Ez da ondo hasi, baina entrenatzaile ona du, eta jokalari batzuk ere liga onetan aritu dira».

Teknikari oriotarrak azaldu duenez, sasoi hobeetan bi sistema ezberdin erabili ditu Zipreko taldeak: «Batez ere, gehiago erabili dute bosteko lerroa, baina laukoa ere bai. Ez dakigu nola jokatuko duten. Beren ligan, batzuetan ausartak izan dira, eta presiora egin dute. Bestetan, ordea, gehiago bildu dira, eta trantsizioetan egin dute min. Nire ustez, ondo landutako taldea da».

Realak galdu egin du azken partida, Espainiako ligan: 2-1, Getaferen aurka. Hargatik, taldeak gogo biziz ekingo dio Omoniaren kontrako lehiari, Aritz Elustondoatzelariaren esanetan: «Jokatzeko desiratzen gaude. Gainera, gure etxean jokatuko dugu, gure jendearen aurrean, eta eguna iristeko irrikan gaude».

Beasaindarraren esanetan, ordea, partida bakoitza «mundu bat da», eta Realak bere estiloari eustea izaten du helburu: «Getafen gertatutakoa ahaztu behar dugu. Egunak izan ditugu gauzak zuzentzeko, eta oraingoari begira gaude jada, Omoniaren aurkako neurketari».

Zakukada bat lesio

Realari jokalari nagusi bat faltako zaio gaur iluntzeko neurketan: Sadiq Umar. Donostiarren historiako fitxaketarik garestienak min hartu du klubera heldu eta 11 egunera. Gainera, aldi luzerako egongo da jokatu ezinda: eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua hautsi du, eta gutxienez urte eta erdi egongo da jokatu gabe. Mikel Sanchez doktorearen taldeak egingo dio ebakuntza, gaur, Gasteizen.

Azkenaldian, Realeko aurrelarien artean min hartutako dezente egon dira. Horren inguruan mintzatu zen Imanol, atzo, neurketaren atariko prentsa agerraldian: «Zorte txarra da, zalantzarik gabe. Azken urteetan, kirol guztietan lesioak saihesteko lan gehiago egiten da, eta, halere, gertatu egiten dira halakoak. Zorte txarra da, baina, beti esaten dudan eran, negar bi segundoan egin behar da: daudenekin egin behar da lan».

Omoniaren aurkakoa izango da Sadiq gabeko estreinako norgehiagoka, baina, haatik, beste zenbait jokalariren falta ere izango du Realak. Klub txuri-urdinak atzo eman zuen Ander Barrenetxearen egoeraren berri. Erasoko erdilari gaztea osatu ezinda dabil aurreko lesiotik, eta berriz ere Madrilera joango da bihar, Lasse Lempainen doktorearen kontsultara. Sendagile hark egin zion ebakuntza, iragan urtarrilean.

Halaber, Realak herenegun iluntzean jakinarazi zuen Ander Martinek hautsia duela ezker belauneko kanpoko meniskoa. Joan zen larunbatean hartu zuen min, Reala B-rekin jokatzen ari zela, eta ebakuntza egingo diote hari ere. Aldian-aldian talde nagusiarekin aritu izan da. Hiru horiez gain, Imanolek aurrez min hartuta zeuden hiru jokalari faltako ditu: Robin Le Normand, Mikel Oiartzabal eta Carlos Fernandez.

Diego Rico, berriz, osatu da, eta deialdian sartu du prestatzaile oriotarrak. Ezker hegaleko atzelari espainiarrak min hartu zuen denboraldiaurrean, baina prest dago gaur jokatzeko. Ikusteke dago Imanolek hasieratik zelairatuko duen ala ez.

Omoniaren aurkakoa izango da Realak zaleen aurrean jokatuko duen Europa ligako estreinako partida sasoi honetan, eta ligaxka bideratuta uzteko probestu nahi du talde txuri-urdinak.

REALA-OMONIA NIKOSIA
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz Elustondo, Pacheco, Diego Rico; Merino, Zubimendi, Silva; Kubo, Momo Cho eta Brais Mendez.
Omonia Nikosia. Fabiano; Lang, Yuste, Miletic; Matthews, Jan Lecjaks, Diskerud, Bachirou, Charalambous; Barker eta Bruno.
Epailea. Kristo Tohver (Estonia).
Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).
Ordua. 18:45 (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.