Etxean jabe izateko

Burujabetzari buruzko bi erreferendum izan dituzte Quebecen. 1980an bata, gaurko egunez, eta 1995ean bestea. Bietan ezezkoak irabazi zuen.
Festa nazionalaren ospakizuna, Montrealen.
Festa nazionalaren ospakizuna, Montrealen. MONTREALAIS

Jenofa Berhokoirigoin -

2015eko maiatzak 20
«Ongi ulertu bazaituztet, hurrengo aldira arte erraten ari zarete» adieraziz agurtu zituen bere sostengatzaileak Rene Levesque Quebeceko lehen ministroak 1980ko maiatzaren 20ko arrats hartan. Quebecen burujabetzari buruzko erreferendum eguna zuten, eta ezetza nagusitu zitzaien, botoen %59,6 batuta. Hiru minutu behar izan zituen txaloak isildu eta hunkiturik hitza hartu ahal izateko. Hurrengo aldia 1995eko urriaren 30ean ukanen zuten. Adi horretan, doi-doietarik galdu zuten: baietzak %49,42 eta ezetzak %50,58. «1980an, independentziari buruzko dudak ziren; baina 1995ean ez zuten dudarik, konfiantza eta estimua sendoturik ziren», dio Alain Gagnon politologo quebectarrak.

Kanada estatu federalaren zati, Quebecentzako independentzia aldarria 1960ko urteetan hasi zen adierazten eta egituratzen. Gure etxean nagusi leloarekin heldu zen boterera 1965ean Quebeceko Alderdi Liberala. Helburu bakarra eta potoloa zuten: frankofonoek ekonomikoki, linguistikoki eta sozialki jasandako diskriminazioak bukatzea.

Hezkuntza, egoera ekonomikoa eta linguistikoa irauliko zituen Iraultza Lasaia plantan jarri zuten. Besteak beste, Estatuak hartu zituen bere esku ordura arte Elizak kudeatzen zituen osasuna eta hezkuntza; baliabide naturalen kudeaketa nazionalizatu egin zuten, ekonomikoki garatu ahal izateko, baita arlo ekonomikoan frankofonoen presentzia bultzatzeko ere; Hezkuntza Ministerioa sortu zuten, besteak beste frankofonoen eskolaratzea akuilatzeko. Estatuaren modernizazio horrekin garatuko zen independentzia gosea Quebecen.

Doi-doietarik huts eginik

Independentzia helburu izan arren, lehen erreferendumeko galderan ez zen halakorik aipatzen. 1980koa burujabetza elkarte formatuaz zen, eta 1995ekoa, burujabetza-partaidetzaz. Hots, lehenean, Quebec burujabe, Kanadarekin elkarte ekonomiko bat mantenduz; eta, bigarrenean, Quebec burujabe, Kanadarekin partaidetza ekonomiko eta politiko bat mantenduz.

Bi aldietan baietzaren eta ezetzaren arteko eztabaidak oso beroak izan ziren, eta buru-belarri jarri zen herritarra bere hautuaren alde kanpaina egiten. Doi-doietarik pasa ziren independente izatetik 1995ean, 54.288 botoren aldearekin bakarrik. Kanadak garaipena lapurtu izana salatu zuten independentistek, eta, 11 urte geroago, arrazoi eman zien Gomery inkesta komisioak. Burujabetzaren aldeko mezuaren aurka egiteko Kanadak diru publikoa erabili izana deitoratu zuen komisio horrek. Diru desbideratze hori 332 milioi dolar kanadarrekoa izan zela kalkulatu zuten.,

«Gaur egun independentziaren aldeko militantismoa ikusezina da; berriro ageriko bilakarazi behar dugu», dio Gilbert Paquette Independentziaren Alde Baturiko Egiturak (OUI Quebec) taldearen presidenteak. Iazko abenduan osatu zuten egitura hori, independentziaren aldeko egitura guztiak batuta. Hain zuzen, 40 urtez sekulako punpa ezagutu zuen mugimendu independentista oso ahul delako gaur egun. Independentzia gosea berriz pitzaraztea dute xede.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna