Trump, kontraesanen jabe

AEBetako presidenteak Mexikoko Gobernuari 20 milioi dolarreko laguntza emateko asmoa du. Migratzaileak kanporatzea du helburu. Kongresuak, oro har, ez du neurria onartu nahi

Protesta bat New Yorken, Trumpen immigrazio politiken aurka. JUSTIN LANE / EFE.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente kargua hartu eta astebetera bete zuen Donald Trumpek hauteskunde kanpainako promesa izarretako bat. 2017ko urtarrilean sinatu zuen Mexikoko mugan hesia eraikitzeko dekretua. Buruzagitzaren hasieran esan zuen Mexikori ordainaraziko ziola hesia egitea; azken erabakiarekin, ordea, errepublikanoa kontraesanean erori da.

Mexikoko gobernuari 20 milioi dolar emango dizkiola esan zuen atzo AEBetako presidenteak,17.000 migratzaileren baino gehiagoren deserriratzea bizkortzeko. Horrez gain, esan du kanporatua izango direla «terrorismoarekin lotura eduki dezaketen etorkin susmagarriak» ere.AEBetako Estatu departamentuak Barne Segurtasuneko departamentuari emandako diru laguntza da Mexikori eskainitakoa.

«Egoera honek, behingoagatik, egoera irregularrean dauden etorkinen egoera konpontzen lagunduko lioke Mexikoko Gobernuari; hala, etorkin horiek AEBetara sartzea galaraziko litzateke». Katie Waldman Barne Segurtasuneko bozeramaileak laguntzak duen helburu nagusiaz hitz egin du, eta nabarmendu du AEBetako hegoaldean dagoen «krisia» gainditzen lagunduko lukeela. Mexikoko homologoekin elkarlanean dabiltzala ere aitortu du; Mexikoko Gobernuak, ordea, esan du proposamena oraindik aztertzeko dagoela.

Barne Segurtasuneko departamentuak azaldu duenez, Mexikori dagokio egoera irregularrean dauden pertsonak atxilotu eta deserriratzea, lege nazional eta internazionalen barnean. Aldiz, AEB arduratuko litzateke mugan atxikitako pertsonak euren etxera eramateko autobusak eta abioiak finantzatzeaz.

Etorkinen gehiengoa Erdialdeko Amerikakoa da, eta, Barne Segurtasuneko departamentuak eskainitako batezbestekoen arabera, urtero 400.000 pertsona inguru igarotzen dira Mexikotik AEBetara. Gainera, departamentuak gaineratu du %38 igo dela azken hilabetean Mexikotik AEBetara pasatzen saiatu diren familien atxiloketa kopurua. Eskainitako azken laguntzarekin, ordea, etorkin hegoamerikarren kanporatzea %10 igoko litzatekeela esan du.

Azken urteotan proposamen andana egin eta migrazio politikak murriztu arren, Kongresuak ez die bide eman Trumpen erabakiei. Demokratek mid-term hauteskundeen ostean hartu nahi dute azken proposamenaren erabakia, errepublikanoen aurrean demokratek gehiengo osoa izango dutelakoan; horrela, ez litzateke posible izango proposamenarekin aurrera egitea. Mid-term hauteskundeetan AEBetako Kongresua aldatuko da, eta azaroaren 6an egingo dira.

Familiak bananduta

Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak 200 ume baino gehiago banandu ditu familiengandik muga igarotzen saiatu bezain pronto. Gurasoei seme-alabak kendu, eta haurrak bere menpe hartu zituen Trumpen gobernuak. ACLU kolektiboak egoera salatu, eta umeak gurasoekin buelta daitezela eskatu dio gobernuari; hala ere, Trumpek esan duez duela horretarako asmorik.

Hego Kaliforniako auzitegi federalari bidalitako txosten bateko datuetan oinarrituta, deserriratu dituzten guraso gehienek uko egin diete seme-alaben tutoretzari; beste askok, berriz, ezin izango dituzte haurrak berriz ikusi; izan ere, tutoretza kendu diete. Hala ere, bada semealaben berririk ez izan eta tutoretza galdu duen gurasorik ere. Hori ikusita, ACLUk gobernuari neurriak har ditzala eskatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.