Khaxoggiren desagerpena argitzeko eskatu diote AEBek eta Turkiak Saudi Arabiari

Trumpek eta Erdoganek gardentasuna exijitu dute. 'The Washington Post'-en arabera, AEBetako zerbitzu sekretuek bazekiten Riadek kazetaria bahitu nahi zuela
Giza eskubideen aldeko ekintzaile bat Saudi Arabiaren kontsuletxearen aurrean, Istanbulen, eskuetan Khaxoggiren argazki bat duela.
Giza eskubideen aldeko ekintzaile bat Saudi Arabiaren kontsuletxearen aurrean, Istanbulen, eskuetan Khaxoggiren argazki bat duela. RDEM SAHIN / EFE

Igor Susaeta -

2018ko urriak 12
AEBetan erbesteratuta bizi den Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarrak hamar egun daramatza desagerturik, joan den urriaren 2an Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsuletxera sartu zenetik. Azkenean, herenegun iluntzean eta atzo, Riadi presio egiten hasi ziren Donald Trump AEBetako presidentea eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoa. Ez diote Mohamed bin Salman erreinuko printze oinordekoari ezer leporatu nahi izan harekin kritiko zen kazetariaren desagerpenarengatik, ez dute akusatu, baina gertatutakoa argitzeko eskatu diote, eta kasuaren ikerketan gardentasuna exijitu. Riadek, azkenean, onartu du lantalde batean parte hartzea.

Trumpek herenegun iluntzean adierazi zuenez, Saudi Arabiako Gobernuko buruzagiekin hitz egin du —ez zuen zehaztu norekin—, eta desagerpenari buruzko informazioa eskatu die. Aitortu zuen, halere, ez duela argi Khaxoggi hil dutenik, nahiz eta Turkiako eta AEBetako hainbat hedabidek Turkiako Poliziaren iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera hori baieztatu duten. Sarah Sanders Etxeko Zuriko bozeramaileak jakinarazi zuen Mike Pompeo Estatu idazkariak eta Jared Kushner presidentearen aholkulari eta suhiak printze oinordekoarekin hitz egin dutela, eta informazioa eskatu diotela. «Dena exijitzen ari gara», nabarmendu zuen Trumpek.

Khaxoggirena gai delikatua da AEBentzat. Trump Etxe Zurira iritsi zenetik, nabarmen egin dute hobera Washingtonen eta Riaden arteko harremanek. Batetik, aliatuak dira Ekialde Hurbilean; eta, bestetik, hainbat negozio itxi dituzte. Horregatik, argi geratze aldera, Trumpek atzo azpimarratu zuen ez dagoela arrazoirik Saudi Arabiak AEBetan egin dituen inbertsioak blokeatzeko.

Turkiaren eta Saudi Arabiaren arteko harremanak, aldiz, askoz ere hauskorragoak dira. Halere, Erdogani kostatu egin zaio Bin Salmani azalpenak eskatzea. Presidenteak ez zuen hedabideek kaleratutako informazioei buruzko iritzirik eman nahi izan atzo, baina Riadi exijitu zion irudiekin frogatu dezala Khaxoggi bere kabuz atera zela kontsuletxetik. Erreinuko buruzagiek esan dute atzeko atetik atera zela kazetaria, eta horren irudirik ez dagoela egun horretan konsuletxeko kamerak piztuta ez zeudelako. Erdoganek ez du sinesten hori. «Kamera sistema sofistikatuena dute saudiarabiarrek. Euli baten irteera ere atzemateko gai dira», esan zuen.

Washingtonek ez daki ezer

The Washington Post egunkariak herenegun kaleratutakoaren arabera, AEBetako zerbitzu sekretuen agentziak bazekien Saudi Arabiak kazetaria bahitzeko asmoa zuela. Egunkariak dioenez, hori aipatzen zuten funtzionario saudiarabiarren komunikazio batzuk atzeman zituzten. Estatu Departamentuko bozeramaile batek, ordea, ukatu egin du. 2015ean onartutako arau baten arabera, informazio hori badute inplikatutako pertsonari jakinarazi behar zaio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Igor Susaeta

Informazio osagarria