Hipoteken zerga bankuek ordaintzea proposatu du Nafarroako Gobernuak

Azaroaren 22an onartuko dute parlamentuan, eta, behin aldizkari ofizialean argitaratuta, datorren aste amaieran sartuko da indarrean. Aranburuk azaldu du segurtasun juridikoa bermatu nahi izan dutela

Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilaria, Parlamentuan, urriaren 4an. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Oso azkar, baina arinegi ibili gabe». Espainiako Auzitegi Gorenak ebazpen polemikoa kaleratu eta astebetera, Nafarroako Gobernuak ez du Madrilgo gobernuak bezain azkar erreakzionatu, baina bide bera hartu du: proposatu du bankuek ordaintzea hipoteken zerga. Atzo, Mikel Aranburu Nafarroako Ogasun kontseilariak azaldu zuen abiadura handian ibiliagatik, lehenik eta behin, erabakiaren segurtasun juridikoa bermatu nahi izan dutela. Nafarroan, etxebizitza erosleek ordaintzen dute ekintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga hori —ardura hipotekarioaren %0,5—, eta hori aldatzeko foru lege proiektua onartu zuen atzo. Datorren osteguneko parlamentuko osoko bilkuran onartuko dute, eta, aldizkari ofizialean argitaratu ostean, biharamunean, sartuko litzateke indarrean; datorren aste amaiera aldera, alegia.

Iragan astean, Espainiako legeaz ari zela, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen bezeroei zegokiela zerga ordaintzea. Aste batzuk lehenago zabaldutakoaren alderantzizkoa zenez, epaiak asaldura handia eragin du gizartean, eta ezinbestean alderdien eta erakundeen artean. Horren ondorio da gobernuen erantzuna. Madrilgo gobernuak, dekretu bidez, ezarri zuen bere eremuan hemendik aurrera bankuei dagokiela zerga pagatzea.

Legeak desberdinak diren heinean, epaiak ez du eragin zuzenik Hego Euskal Herrian. Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, gainera, egoera bestelakoa da: erosleak lehen etxebizitzagatik zerga ordaintzetik libre daude, eta bigarrenetik aurrerako salerosketen kasuan ordaintzen dute zerga. Horregatik, aldundiek ez dute Iruñeko edo Madrilgo gobernuen presio politikorik antzeman. Dena den, datorren ostegunean Zergak Koordinatzeko Organoa bilduko da, eta, litekeena da gaia orduan aztertzea.

Zeharka, Nafarroak beste hiru lurraldeei begiratu die. Adibidez, UPNk eta EH Bilduk begi onez ikusi dute formula hori, ñabardura batekin: bigarren etxebizitzatik aurrera, zerga bankuek ordaintzea, eta ez bezeroek. Aranburuk onartu du gobernuak aukera hori ere aztertu duela, baina uste du teknikoki bankuei «gestio arazoak» eragin diezazkiekeela. «Zergaduna eroslea bada, Ogasunak tresnak ditu lehen etxebizitza den edo ez kontrolatzeko. Subjektu pasiboa aldatzen badugu, bankuari dagokio hori zehaztea, eta ez du erremintarik jakiteko erosleak lehen etxebizitza duen edo bost dituen».

Kooperatiben kasua

Nafarroan, egungo legeak ekintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga ordaintzetik at uzten ditu irabazi asmorik gabeko elkarteak. Salbuespen horiei eutsiko zaie, baina kooperatiben kasuan aldaketa bat egingo da. Nafarroan finantza jarduera handia duten erakundeetako bi (Laboral Kutxa eta Caja Rural) kreditu kooperatibak dira, eta, ondorioz, legeak jasoko du maileguak ematen dituzten kooperatibek zerga ordaindu beharko dutela; aldiz, mailegu hartzaile badira, zerga ordaintzetik at geratuko dira. Aranbururen arabera, Espainiako dekretuak ez ditu kooperatibak kontuan eduki.

Halaber, sozietate zergaren oinarria zehazteko orduan, ordainketa hori ezingo dute kenkari gisa hartu. Espainiako dekretuak hala ezarri du, eta Nafarroan neurri hori errepikatuko dute.

Zergan ordaintzailearen izaera aldatu izanak ez du bilketan eraginik. Aranbururen arabera, urtean 3,9 milioi inguru biltzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.