Bermeak ez dira «nahikoa»

Sanchez Espainiako presidenteak Gibraltarri buruzko azken eskaintza kritikatu du, eta berretsi ezezkoa emango diola 'brexit'-aren itunari. Mayk ohartarazi du ez duela jarrera aldatzeko asmorik
Pedro Sanchez Espainiako presidentea txaloka, atzo, Habanan emandako hitzaldi baten ostean.
Pedro Sanchez Espainiako presidentea txaloka, atzo, Habanan emandako hitzaldi baten ostean. JUANJO MARTIN / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko azaroak 24
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak mezu argia eta zehatza bidali zion atzo EB Europako Batasunari: azken eskaintzak ez du arazoa konpondu, eskainitako bermeak ez direlako «nahikoa». Bruselak urte eta erdi behar izan du brexit-aren akordioa Erresuma Batuarekin adosteko, eta, bide errazena eginda zegoela zirudienean, azken orduko oztopo bat jarri zaio aurrean: Madrilek ezekoa emango diola brexit-aren itunari, Gibraltarren auziagatik. Joan den astean 585 orrialdeko testua argitara atera zenetik, Espainiako Gobernua kexu agertu da, etorkizuneko harremanaren gainean duen beto eskubidea ezerezean uzten duelakoan; argudio horri, gainera, pisu handiagoa ezarri nahi izan dio, asteazkenean Bruselak eta Londresek adosturiko testuan ez delako ezer aipatzen Gibraltarren egoerari buruz. Horiek horrela, eta, azken orduko aldaketarik ezean, Sanchezek ez du argitu bi itun horiek onartzekoak diren biharko Europar Kontseiluan izango ote den; are, zalantzan jarri du ezohiko goi bilera hori egingo ote den ere: «Akordiorik badago, joango naiz. Ez badago adostasunik, argi dago ziurrenik ez dela Europar Kontseilurik egingo». Erabaki hori, ordea, Donald Tusk Europar Kontseiluaren presidentearen esku dago soilik; Madrilen boikotak ere, beraz, mahai gainean jarraitzen du.

Europako Batzordeko eta Erresuma Batuko ordezkariak atzo elkartu ziren berriz ere Espainiakoekin, eta proposamen zehatza helarazi zioten Madrili: bi adierazpen, bata Bruselarena, bestea Londresena, biak ala biak Espainiako Gobernuak Gibraltarri buruz dituen zalantzak uxatzeko, Marco Aguiriano Espainiaren Europar Gaietarako Estatu idazkariaren arabera. Dokumentu horiek, Aguirianok berak bileraren ondoren azaldu zuenez, helburutzat zuten «Espainiako Gobernuaren eskariak eta xedeak betetzea»; ordea, ostera Madrilen izenean agintariek egindako adierazpenek agerian utzi dute eskaintza ez dela nahikoa izan, eta Sanchezek ezezkoari eutsiko dio, gaur ezer aldatu ezean.

Badirudi, beraz, gakoa Bruselan dagoela. Izan ere, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak atzo berretsi zuen ez duela jarrera aldatuko, eta orain Komunen Ganberan behar adinako babesa lortzeko lanetan jarriko duela arreta. Horregatik, Tuski eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari dagokie hurrengo pausoak ematea, May gaur baita Bruselara joatekoa biekin batzartzeko.

ZEIN DA ARAZOA?



Madrilek salatu duenez, Mayk eta haren ministroek estatu kideek baino lehenago aztertu ahal izan zuten brexit-aren akordioa, eta, beraz, moldaketak egiteko aukera izan zuten. Horren ondorio izan zen, Espainiako Gobernuaren arabera, «gauetik egunera» itunean «agertu» den 184. artikulua. Honela dio: «Etorkizuneko harremana zehaztuko duten akordioak negoziatzeko, beharrezkoak diren neurriak hartzeko ahalik eta esfortzu handiena egingo dute Batasunak eta Erresuma Batuak, eta akordio horiek berresteko beharrezkoak diren prozedurak gauzatuko dituzte».

Esaldi hori, Espainiako Gobernuaren zerbitzu juridikoen arabera, ez da «argia», ez da «zehatza», eta bide ematen du hainbat interpretazio egiteko. Labur esanda, argudiatu dute Espainiak galdu egingo lukeela eremu horren etorkizunaz duen azken hitza.

Izan ere, Gibraltarren auzian beto eskubidea eta azken hitza izateko aukera eman zion Espainiari Europar Kontseiluak, joan den urteko apirilaren amaieran adosturiko gidalerroetan, baina soilik negoziazioen une batean: dokumentu horretako 24. artikuluaren arabera, Erresuma Batua EBtik atera ostean —2019 martxoaren 30etik aurrera—, «Bruselaren eta Londresen arteko akordiorik ezingo da aplikatu Gibraltarko lurraldean, Espainiako Erreinuaren eta Erresuma Batuaren arteko akordiorik izan gabe». Alegia, Mayk, agintean jarraitzen badu, lehenik Bruselarekin eta ondoren Madrilekin adostu beharko lukeela etorkizuneko harremanak eraginik izango ote duen Gibraltarren, eta zer-nolako eragina izango duen.

Sanchez arazo horretaz aritu zen, hain justu, iragan asteazkenean: «Espainiak Erresuma Batuarekin negoziatzeko duen gaitasuna zalantzan jartzen duten elementuak aurkitu ditugu 184. artikuluan».

ZER NAHI DU MADRILEK?



Espainiako Gobernuarentzat, beraz, gakoa da artikulu hori aldatzea, edo beste modu batean argi eta garbi zehaztea iazko apirilean hitzemandakoa. Horrez gain, Madrilek eskatu du asteon etorkizuneko harremanaz adosturiko testuan ere Gibraltarren auzia aipatzea, baina Bruselan ez dira bi testuen edukia aldatzearen aldekoak, hilabete luzeak behar izan baitituzte Londresekin ados jartzeko.

Gainera, 184.aren kasuan, Europako Batzordeak kontrako iritzia du, eta asteon argudiatu du, bere azterketak eta txostenak oinarri hartuta, artikulu horrek ez duela «ezer» aldatzen, Espainiak baduela hitzemandako betoa.

SANCHEZEN «BETOA»



Zalantza horietan oinarrituta, Espainiako presidenteak asteon ohartarazi du, behin eta berriz, biharko goi bileran betoa ezarriko diela brexit-aren akordioari, eta herenegun EBren eta Erresuma Batuaren etorkizuneko harremanaren inguruan adosturiko Adierazpen Politikoa-ri.

Ordea, badirudi borroka dialektikoan oinarritu duela aldaketak lortzeko estrategia; izan ere, igandeko «beto» hori, berez, ez da beto bat, eta bi testuak estatu kide baten edo gehiagoren baiezkorik gabe onartzeko aukera izango dute. Arazoa zera da: brexit-aren hizketak oinarri batean iragan direla, 27 estatu kideen arteko batasunean eta ahobatezkotasunean, eta Europar Kontseiluetan erabakiak aho batez hartzen direla.

Beraz, bi testuak Espainiaren babesik gabe onartuko balira, Europako Parlamentuak eta Erresuma Batuko Komunen Ganberak izango lukete hurrengo hitza, eta, bi ganberek baiezkoa emango baliete, testuak estatu kideetara itzuliko lirateke. Orduan, 27en Atzerri ministroek eman beharko liokete behin betiko baiezkoa, eta, kasu horretan ere, babesak ez du aho batezkoa behar: gutxienez 20ren aldeko botoarekin nahikoa da.

Hala ere, arriskutsua bada estatu kide baten babesik gabe aurrera egitea: bi testuak Espainiaren baiezkorik gabe onartuko balira, horrek beste krisi politiko bat eragingo luke EBn, baita aurreikusten zailak diren ondorioak ere. Izan ere, etorkizunean Erresuma Batuarekin negoziatu beharko dituzten akordioak aho batez adostu beharko dira, eta, kasu horretan bai, Espainiak izango luke akordioei betoa jartzeko aukera —baita gainontzeko estatu kideek ere—.

Gero, gainera, parlamentu nazionalen eta, kasu batzuetan, erkidegoetakoen babesa ere beharko lukete itun horiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna