Sevillara, ezinezkoaren bila

Joaneko partidan San Mamesen 1-3 galdu ondoren, Athleticek gutxienez hiru gol sartu beharko ditu gaur Sanchez Pizjuanen, Espainiako Kopan aurrera egiteko aukeraren bat izateko

Iñaki Williams eta Roque Mesa, lehian, Athleticek eta Sevillak joan den igandean San Mamesen jokatutako Espainiako Ligako partidan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Athleticek Espainiako Kopatik kanpo geratzeko aukera handia du. Talde zuri-gorriak dena dauka kontra: hasteko, 1-3 galdu zuen final-zortzirenetako joanekoan, San Mamesen. Kanporaketa bidez erabakitzen diren lehiaketetan etxean bi golen aldearekin galtzea zama handia da. Gaur, gutxienez, hiru gol sartu beharko ditu. Nekez ematen zaio buelta horrelako egoera bati.

Lehen norgehiagokako emaitza ia erabakigarria da, baina beste kontu batzuk ere hartu behar dira aintzat. Besteak beste, aurkariaren jokoa. Sevilla baliabide asko duen taldea da. Sevilla 11 jokalari onez osatutako taldea baino askoz gehiago da. Pablo Machinek aukera zabala dauka txandakatzeak egiteko. Badauka non aukeratu. Joanekoan gertatu zen legez, Sevillaren hamaikakoak ez du zerikusirik izango joan den igandean San Mamesen 2-0 galdu zuenarekin. Eta, hala ere, oso lehiakorra izango da. Ligako talde gehienek gustura hartuko lituzketen jokalariz ostatutako hamaikakoa izango da. Eta, gainera, Sanchez Pizjuanen jokatzeak duen zailtasunari egin beharko dio aurre Athleticek. Zelai gaitza da. Gehienetan, giro bikaina egoten da, eta hura bisitatzen duten talde gehienentzat ezinezkoa izaten da emaitza ona eskuratzea. Finean, Athleticek oin eta erdi dauka Kopatik kanpo.

Bistan da kanporaketa maldan gora daukala Athleticek. Jarraitzaileak ez du esperantzarik, eta jokalariek eta teknikariak ere onartu dute oso gaitza izango dela aurrera egitea. Eurek dakite inork baino hobeto zein den bizi duten egoera. Gainera, hasieratik utzi dute argi oraintxe bertan ligak duela lehentasuna. Azken bi jardunaldietan sei puntu irabazita ere egoera ez da aldatu. Baina gaur jokatuko dutenak ez dira ligari begira egongo. Eurentzat Kopa da garrantzitsuena. Gainera, euretako askorentzat azterketa ere bada. Ligako hamaikakoan lekua dutela erakusteko aukera da. Gaizka Garitanori iritzia aldatzeko parada dute gaur. Horrek, berez, nahikoa izan beharko luke talde lehiakorra ikusteko. Bestalde, nahiz eta joaneko partidako emaitza oso txarra izan zen, ez ziren lotsagarri aritu. Gutxi jokatzen ari direnak gai izan ziren talde oso on bati aurre egiteko. Erritmoa eta konfiantza falta duten jokalariak aritu arren, ez zirudien lekuz kanpo zebiltzala. Baina futbolean gauza txikiek garrantzi handia dute. Alde horretatik, defentsan egindako bi hutsegite garesti ordaindu zituen Athleticek. Futbolean parekotasun handia dago, eta alde handia dago irabazten edo galtzen hasi.

Athleticek ez du itsutu behar. Arriskatzen bada, jipoia har lezake. Sevilla aurkaria ausart erasotzean aritzen baita eroso. Zuri-gorriek buruarekin jokatu behar dute. Zelaian ondo kokatzeak eta aurrean duten aurkaria estu hartzeak izan behar du helburua. Markagailuan aurreratuz gero, gerta daiteke etxekoak urduritzea. Eta bi gol sartzen baditu? Hala bada, kanporaketan sartzeko aukera izango du. Futbolean ez dago ezinezkorik.

Gutxien jokatzen dutenekin

Antzera mintzatu zen Gaizka Garitano: «Gure asmoa ondo lehiatzea da, eta partida on bat jokatzea. Sentipen onekin amaitu nahi dugu partida, eta aukera balego kanporaketan sartzeko,aprobetxatu. Baina oso zaila dago». Sevillak kontraerasoan duen indarra gogorarazi zuen.

Hamaikakoan aldaketak egingo ditu Garitanok. Aduriz eta Raul Garcia ez dira osatu, eta Yerai, Beñat eta Yuri, berriz, deialditik kanpo utzi ditu. Baliteke Unai Nuñezek eta Guruzetak jokatzeko aukera izatea berriz ere, baita Nolaskoainek ere. Athletic B-ko Iñigo Vicente ere deialdian sartu du.

SEVILLA-ATHLETIC

Sevilla. Juan Soriano; Promes, Mercado, Carriço, Sergi Gomez,

Arana; Roque Mesa, Amadou, Vazquez; Ben Yedder eta A. Silva.

Athletic. Unai Simon; De Marcos, Unai Nuñez, Iñigo Martinez, Balentziaga; Iturraspe, Nolaskoain; Ibai, San Jose, Susaeta; eta Guruzeta.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Sanchez Pizjuan (45.500 ikusle).

Ordua. 20:30 (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.