Emakumeen Bira

Mitcheltoni begira

Amanda Spartt eta Annemiek van Vleuten dira aurtengo Emakumeen Bira irabazteko hautagia nagusiak. Gaur zortzi hasiko da lasterketa

Mitcheltoni begira.
ainara arratibel gascon
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Hilaren 22tik 25era jokatu da Emakumeen Bira, Euskal Herrian jokatzen den UCI World Tour mailako proba bakarra. Lasterketaren 32. aldia Iurretatik (Bizkaia) abiatuko da, eta Oñatin amaitu (Gipuzkoa). Lau etapa, eta 467 kilometro osatu beharko ditu tropelak. «Ibilbide gogorra eta tranpatia atontzen ahalegindu gara, eta etapa amaierak ikusgarria izaten», adierazi zuen atzoko aurkezpenean Agustin Ruiz probako koordinatzaileak.

Ibilbideari erreparatuta, iazkoa baino proba irekiagoa espero da, ez baita erlojupekorik izango. Baina horretan zerikusia izango du Mitchelton-Scottek lasterketan izango duen jarrerak. Azken etapan erakustaldia emanda irabazi zuen iaz Bira, Amanda Spratten eskutik. Gainera, taldeko beste bi txirrindularik lehen lauren artean amaitu zuten proba. Annemiek van Vleuten bigarren eta Georgia Williams bosgarren. Aurten ere, behin-behineko parte hartzearen zerrendari begira, Australiako taldea ageri da tropeleko seikoterik indartsuena. Ezusterik ezean, hark izango du lasterketaren kontrola.

UCI World Tourreko taldekako zerrendako lehen sailkatua da Mitchelton, eta bigarrena eta hirugarrena ere Iurretako irteeran izango dira, besteak beste: Boels Dolmans eta Trek Segafredo. Euskal Herriko hiru daude tartean: Bizkaia-Durango, Sopela eta Movistar. Guztira, 20 taldek osatuko dute tropela.



Txirrindulariei dagokienez, UCIko sailkapeneko lehen 25 sailkatuetik zortzik hartuko dute parte: Van Vleutenek, Sprattek, Cecilie Ludwigek (Bigla), Amy Pietersek (Boels Dolmans) Elena Cechinik (Canyon), Elissa Longo Borghinik (Trek), Christine Majurusek (Boels Dolmans) eta Jasinska Magorzatak (Movistar). Hutsuneen artean bi nabarmendu behar dira: duela bi urteko irabazle Ashleigh Moolman Pasio (CCC Liv) eta Anna van der Breggen (Boels Dolmans). Euskal txirrindulariak, berriz, sei izango dira: Ane Santesteban (WNT), Eider Merino (Movistar), Aroa Gorostiza (Bizkaia Durango), Andere Basterra eta Amaia Malatsetxebarria (Sopela) eta Ziortza Isasi (Eneicat Pecafer).

Proba irabazteko hautagai nagusiak Spratt eta Van Vleuten dira. Sasoi honetan, Sprattek bigarren egin du Australiako errepideko txapelketan, eta, Santos Women's Itzulian, etapa bat irabazi zuen. Baina ibilbidea gorabeheratsua izanda, aproposagoa da harentzat. Van Vleutenek bi klasiko garrantzitsu irabazi ditu: Strade Bianche eta Lieja-Bastogne-Lieja. Baina erlojupekoa ez egoteak kalte egiten dio, hor markatzen baititu aldeak.

Ane Santesteban talde berriarekin ariko da, WNT. Denboraldia espero baino «okerxeago» doala onartu du. Baina Bira denboraldiko helbururik garrantzitsuenen artean dauka, eta iazko hamaikagarren postua hobetzen ahaleginduko da, etaparen batean ezustea ematearekin batera. Eider Merinok ere azken xede hori izango du, eta, eskalatzaile petoa izanda, azken etapa izango du begiz jota.

Ibilbidea egiterakoan «probaren nortasuna eta esentzia» mantentzen ahalegindu direla adierazi zuen Ruizek. 5.550 metroko desniblela dauka. Etaparik lauena lehendabizikoa da. Ohi bezala, Iurretan hasi eta bukatuko da, eta aproposa izango da esprinter eta etapa ehiztarientzat. 101 kilometro ditu.

Ibilbidea bigarrengoan hasiko da gora egiten. Txirrindulariak Tolosaldean ibiliko dira, Adunan hasi eta Villabonan amaituko da etapa, eta tropelak 112 kilometro osatu beharko ditu. Tartean, bi mendate igo beharko dituzte txirrindulariek, Altzokoa (2,4 kilometro eta %6,1eko batez besteko pendiza) eta Alkizakoa (4,4 kilometro eta %6,1).

Aguraingo Santa Teodosia ermitan amaituko da hirugarren etapa, eta faboritoek hor lortu ahal izango dituzte lehen aldeak lasterketako aldaparik gogorrena izango baita: (2,7 kilometro eta %9,4), aurretik, gainera, Opakua (7,4 kilometro eta %5,7) igo beharko dute. Etapa Zuiatik abiatuko da, eta 98 kilometro ditu.

Etaparik gogorrena, dena den, azkena izango da. Oñatin hasi eta amaituko da, eta aurtengo etapa luzeena izango da: 156 kilometro Udana (4,8 kilometro, eta %4,6), Atagoiti (8 kilometro, eta 5%), Untzilla (3,5 kilometro, eta 2,8%) eta San Asentzio (8,7 km eta 4,9%) igo beharko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.